EKA/ACUVek espero du EBJAk Espainiako bankak zoru klausulekin bidegabeki kobratutako guztiaren itzulpena aginduko duela amaireran

Europar Batasuneko abokatuak bankak zoru klausulekin bidegabeki kobratu duen guztiaren itzulpenaren aurkako irizpena eman du, espainiar Estatuko Auzitegi Gorenak 2013ko maiatzan eman zuen epaiari sostengua emanaz. Bankarentzat oso albiste ona da hori. Kontsumitzaileentzat eta familientzat, ordea, oso albiste txarra. EKA/ACUVek espero du Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak iritzi ezberdina izango duela eta urte honen amaieran emango duen epaian Espainiako bankuek auzitegiek baliogabetzat eman dituzten zoru klausulei esker bidegabeki irabazitako diru guztiaren itzulpena aginduko duela.

Jarraian, 2013ko maiatzaren 17an elkarte honek zabaldu zuen prentsa-oharra dago, non zoru klausulei buruz Espainiako Auzitegi Gorenak eman zituen argudioak eta ebazpena gogor kritikatu genuen.

————————–————————–——

Prentsa-oharra (2013-05-17)

ZORU KLAUSULEI BURUZ AUZITEGI GORENAK EMAN DUEN EPAIA ALBISTE TXARRA DA KONTSUMITZAILEENTZAT

Hedabide askok kontsumitzaileen garaipentzat eta banketxeentzako zartadatzat jo dute Auzitegi Gorenak BBVA, Cajas Rurales Unidas eta Nova Caixa Galiciaren hipoteken zoru klausulei buruz eman berri duen epaia. EKAn erabat alderantziz ikusten dugu: oso albiste txarra da kontsumitzaileentzat, finantza entitateen gehiegizko jardute batzuei legezko babes sinestezina.

Auzitegi Gorenak hipotekatuek salatutako zoru klausulak baliogabetu ditu, baina ez abusuzkoak edo neurriz kanpokoak izateagatik (hala epaitu zuen Sevillako Merkataritzako 2. Epaitegiak, zeinetik kasua Gorenera heldu den; eta hala espero genuen kontsumitzaileen elkarteok), baizik eta “gardentasun ezagatik”, klausula horiek bezeroei “entitate berberaren bestelako mailegu moten kostuaz aldez aurretik eta modu argi eta ulergarrian” informatu gabe gehitu zirelako kontratuetan, “datu kantitate izugarriaren erdian estalita” geratzen zirelako eta “kontsumitzailearen arreta nahasten” zelako.

Beste era batez esanda: finantza entitateek horietaz behar bezala informatzen badute, zoru klausulak legezkoak dira. “Erabaki honek ez dakar zoru klausulen baliogabetzea kontsumitzaileen aurrean gardentasunaren betekizunak betetzen direnean”, esan du Auzitegi Gorenak.

—“Kontsumitzaileaz abusatu daiteke aldez aurretik abusatua izango dela ohartzen bazaio”—

“Epai honek egoera ezin hobean uzten ditu finantza entitateak”, esan du EKA/OCUVeko arduradun juridikoa den Iñaki Velasco abokatuak. “Praktikan, esaten duena da kontsumitzaileaz abusatu daitekeela aurretik abusatua izango dela ohartzen bazaio”.
Auzitegi Gorenak azpimarratu du BBVA, CRU eta NCG entitateen hipoteken zoru klausula altuek teorian korritu aldagarrikoak diren maileguak “korritu finkoko mailegutan” bihurtzen dituztela, “gorantza soilik aldagarriak”. Baina ez ditu klausula horiek gehiegikeria nabarmen horrengatik baliogabetu, baizik eta sinatu aurretik bezeroei behar bezala azaldu ez izanagatik.

—BBVA, Cajas Rurales Unidas eta Nova Caixa Galicia entitateek ez dute ilegalki kobratutakoa itzuliko—

Kontsumitzaile auzi-jartzaileei Auzitegi Gorenak eman dien bigarren kolpe latza baliogabetzeak legalki ekarri behar duen atzeraegina ez agintzea da. Kode Zibileko 1.303 artikulua (VI. Atala. Kontratuen baliogabetasunaz) zehatza da oso. “Behar baten baliorik eza deklaratuta, kontratugileek kontratuaren gaia izan diren gauzak elkarri itzuli behar dizkiote, haren fruituekin eta prezioa korrituekin”. Aztertzen ari garen kasuan, horrek esan nahi du finantza entitateek zoru klausulak ezartzeagatik ilegalki kobratu duten dirua itzuli beharko liezaiketela hipotekatuei. Baina ez. “Erabaki honek ez du ordaindutako kopuruak itzultzeko beharra agintzen”, esan du Gorenak, “orden publiko ekonomikoan haraindikotasun izan zitzaketen arazo larriak” sor litezkeela argudiatuz. Hipoteken zoru klausulek nabarmen bultzatutako etxe-utzarazpenen giza-drama ez omen zaio arazo larri bat iruditzen Auzitegi Gorenari.

Aipatu finantza entitateak demandatu dituzten hipotekatuek Auzitegi Gorenaren erabakiarekin aterako duten onura bakarra da haien kontratuetatik zoru klausulen ezabapena epaiaren argitaratzetik aurrera.

—Zer dira eta zer suposatzen dute zoru klausulek—

Bankak saltsa mehe egiten du beti. Korritu finkoko hipotekak nahi beste errentagarriak ez omen zirenez, korritu aldagarriko hipotekak asmatu zituzten banketxeek, eta bezeroek ordaindu beharreko korrituen ehunekoa Euriborraren bilakaerari lotzea otu zitzaien.
Euriborrak gora eta gora egiten zuen bitartean, eta harekin batera hipoteka aldagarrien korrituak, haren asmakizunarekin pozaren pozez zeuden bankuak. Baina Euriborra gailurrera heldu (%5,67 izan zen) eta beherako bidean hasi zenean, hipoteka maileguen aldagarritasuna ez zitzaien hain ederra iruditzen eta haien intereserako primerakoa izango zen beste ideia bat atera zuten kapela garaitik: zoru klausulak. Euriborrak zoru klausularen ehunekotik behera jotzen bazuen, beherakada hori ez litzateke hipotekaren ordainketetan islatuko. Eta banka (komisio guztiak asko igotzeaz gain) Euriborrak (beherantza) laster gaindituko zituen ehunekotan zoru klausulak ezartzeari ekin zion. Gaur egun zoru klausulen bataz bestekoa %3,5 da.

Azpijokoa nolabait mozorrozteko, hipotekadun gaixoentzat konpentsazio teoriko bat izango litzatekeena asmatu zuten banketxeek: sabai klausulak. Sabai klausularen ehunekoa gainditzen bazuen Euriborrak igoera hori ez luke korrituen ehunekoetan igoerarik ekarriko. Hori bai, Euriborrak inoiz lortuko ez zituen ehunekoetan ezarri zituzten sabai klausulak: %10, %12, %17 bat ere ikusi da. Euriborra horrelako ehunekoetara heltzea izugarrizko deskalabrua litzateke hipoteken merkatuarentzat, finantza sistema berarentzat eta gizarte osoarentzat.

—Gehiegikeria antzeman eta debekatu egin dutenen epaileentzat ere kolpe latza—

Espainiar Estatuan zoru klausulak baliogabetu dituzten epai judizial kopuru dexente pilatu da azken urteotan, kontsumitzaileengan finantza entitateen gehiegikeria nabarmena izateagatik. Tamalez, Auzitegi Gorenak ez du gauza bera pentsatzen. Kontsumitzailea aurretik ondo informatuz gero zoru klausulen abusua legala dela ebatzi baitu.

Finantza entitateek zoru klausuletaz “ondo” informatzeko modua aurkituko dute zalantzarik gabe. Zoru klausula daraman korritu aldagarriko hipoteka bat nahi duen herritarrak lehen baino hobeto ezagutuko du eragiketa horren arriskua kontratua sinatu aurretik. Arazoa korritu aldagarriko eta zoru klausularik gabeko hipoteka bat aurkitzea izango da.

Utzi iruzkina