EKA/ACUVEK LEGEZKOTASUN-ITXURA HARTZEN DUTEN WEBGUNEEN BIDEZ EGINDAKO INBERTSIOENGATIKO IRUZURRAK AREAGOTU DIRELA OHARTARAZI DU
Azken asteotan bi salaketa iritsi zaizkigu 70.000 eta 65.000 €-ko inbertsioengatik, pertsona ospetsuekin egindako publizitate-bannerrak erabilita. Itxura batean legezkoa diruditen arren, inbertitzaileari ahal den diru guztia ateratzeko baliatuko den beste gune batera bideratzen dute finean.
Egoera larri horren aurrean, herritarrei ohartarazi nahi diegu kontu handiz ibili behar dutela finantza-produktuetan edo kriptotxanponetan gauzatutako inbertsioei dagokienez.
Burtsa, kriptomoneta edo beste plataforma batzuetan inbertitzea, ohiko jarduera bihurtu da askorentzat. Kontraldetik, ezjakintasun handia ere badago, eta batzuk uste dute irabazi handiak lortuko dituztela ezer gutxiren truke, modu sinple eta azkarrean. Ertzaintzak eta EKA/ACUVk behatu dugu arlo horretan delituak ugaritu egin direla, eta horiei aurre egiteko jarraibide batzuk gomendatzera gatoz artikulu honetan.
Nola funtzionatzen du iruzur mota honek?
Gaur egun, inbertsio-metodoetan eragina dute sarearen eta haren tresnen erabilera intentsibo eta hedakorrek. Izan ere, horiei esker edonork inbertitu dezake, bai aktibo tradizionaletan, baita dibisen merkatu globalean ere (forex, etfs, burtsa-indizeak, etab.) finantza-merkatu arautuen bidez, edota kriptomoneta ezagunenak dituzten aktibo digitaletan (bitcoin, etherum, etab.), erregulazio-bidean dagoen merkatuan.
Inbertsio-aukera horiek ordea, ez daude iruzurretik libre. Horrelako kasuetan goranzko joera hauteman da. 2022an %40 hazi ziren kriptotxanponekin egindako iruzurrak mundu mailan aurreko urtearekin alderatuta, 5 milioi kasu gaindituta Bolsamania iturriak eskainitako zifren arabera. Iruzurgileek fikziozko aukerak sustatzen dituzte, itxuraz legezkoak diren webguneak eratuz, etekin handiak eskaintzearen truke.
Helburua inbertitzailearen konfiantza irabaztea da, profesionaltasun eta sinesgarritasun ikuspegia emanez, erabiltzaileak kopuru handiagoa jarri dezan. 200-350 € bitartean inbertitzeko gonbitea izaten da ohiko iragarpena. Bezero-kontu bat sortzen diote, kontratuak formalizatzen dituzte, eta arreta pertsonalizatua ematen diote, euren burua inbertsio-zerbitzuak eskaintzeko baimendutako enpresa baten izenean aurkeztuz.
Ustezko biktimak banku-transferentzia tradizionalen bidez igortzen ditu funtsak, normalean atzerriko herrialdetako kontuetan edo kriptomoneten salerosketa-plataformetara egindako ekarpenen bidez. Azken honen kasuan, alta ematen zaie ezarritako baldintzak betez, eta, horretarako, ‘wallet’ edo diru-zorro birtual bat sortzen da, gordailatutako legezko erabilerako diruarekin (fiat), kriptotxanponak erosi ahal izateko.
Inbertitzaileak operatibo horietan esperientziarik ez duenez, ustezko analista/aholkulariek biktima konbentzitzen dute urruneko mahaigaineko aplikazio bat instala dezan. Horrela, iruzurgilea, bere gailutik, biktimaren terminala kontrolatzeko gai da, erabiltzailea balitz moduan jokatzeko. Hala, erosketa-eragiketak eta ondorengo transakzioak egiten dituzte, kriptomoneten kasuan, biktimaren diru-zorro birtualetik beste batera, kopuru zatikatuetan. Hori dela eta, jarraipen zehatza egitea ia ezinezkoa da.
Are gehiago, prozesuan zehar, zenbait mugimendu gertatzen dira, eta, horren ondorioz, biktimak diru-sarreraren bat jasotzera iritsi daiteke onura moduan, engainua bere osotasunean are errealistagoa bihurtuz. Izan ere, transferentzia-trukearen barruan suertatutako diru-zenbateko horiek, iruzurtzen duten beste pertsona batzuetatik datoz.
Iruzurra zehazten da, inbertitzaileak bere dirua berreskuratu nahirik, ustezko aholkulariak zenbateko handiagoak eskatzen dizkionean, hura berreskuratzeko kontuak legeztatzearen beharra adierazita edo komisio baten ordainketa aitzakiatzat hartuta. Iruzurgileek biktimari diru gehiago aterako ez diotela detektatzen dutenean, analistarekiko kontaktua desagertu egiten da eta ez ditu inoiz agindutako deposituak jasotzen.
Aholku praktikoak
Arazo honi aurre egite aldera, herritarrak iruzur hauetan eror ez daitezen gomendio batzuk plazaratu nahi dizkizuegu.
Inbertitu aurretik, ezinbestekoa da zenbait kontu ongi aztertzea:
- Baloreen Merkatuko Batzorde Nazionalaren (CNMV, gazteleraz) webgunean kontsultatzea (Espainiako balore-merkatuak gainbegiratzeaz arduratzen den erakundea) eta enpresak inbertsio-zerbitzuak eskaintzeko baimenduta dauden egiaztatzea. Era berean, atzerriko homologoen abisuak ere ager daitezke, iruzur posibleen adierazle.
Atzerriko enpresa bada eta CNMVn jasota ez badago, kontsultatu ustezko inbertsio-enpresarik erregistratuta dagoen.
- Interneten oinarrizko bilaketa bat egitea enpresaren izenarekin, eta horri buruzko informazioa, albisteak, iritziak eta abar lortzea.
- Inbertsio-zerbitzuak eskaintzen dizkigun webgunea arretaz ikertu eta xehetasunak aztertzea, hala nola, broker-a edo inbertsio-enpresa arautua den, egoitza paradisu fiskal batean duen, eta abar. Arreta jarri letra txikian eta aintzat hartu zenbaitetan inbertsio zehatz horrek dakarren arriskua eta kapitala galtzeko aukeraz agertzen diren ohartarazpenak.
- Aurreikusi: ez fidatu eskatu gabeko inbertsio-eskaintzak jasotzen baditugu. Halaber, ez gara fidatuko ere epe laburrean onura handiak hitzematen dituzten eta inbertitzailearen profila zehazteko aurretiko galdetegia egiten ez duten ustezko inbertsio-enpresez.
Zer egin jada prozesuan inplikatuta bagaude?
- Gako, pasahitz eta abarri buruzko informaziorik ez ematea.
- Baztertu iruzurgileak urruneko kontrolerako aplikazioaren deskarga-proposamena. Dagoeneko horren barnean bazaude, Konexioa ixteak ez dio utziko gure pantaila bistaratzen.
- Iruzurraren hasierako fasean gaudela ohartzen bagara, ez egin gordailu gehiagoren transferentziarik horiek gerora berreskuratzeko promesekin.
Zer egin iruzur egin digutela konturatu orduko?
- Gure bankuarekin berehala harremanetan jartzea eta egoeraren berri ematea, bankuan online jarduteko sarbide-gakoak aldatu edo baliogabetu behar diren jakiteko. Hori guztia, biktimaren baimenik gabe urruneko mahaigaineko aplikazioaren bidez transferentziak, mailegu-eskaerak edo beste edozein eragiketa egitea saihesteko.
- Iruzurra salatzea.
- Dirua berreskuratzeko aukerak oso urriak dira. Halere, enpresa batzuk helburu horrekin iragartzen dira; eurei ere mesfidantza erakutsi. Horri dagokionez, garrantzitsua da jakinaraztea iruzurgilea biktimari diru gehiagorik atera ezin diola ohartzen denean ere, noizbait harremanetan jartzen direla biktimarekin beste behin eta beste izen batekin, galdutakoa berreskuratuko dutela zin eginez, eta bide hori erabilita, beste kopururen bat erdiesten saiatzen dira.
HARTU NEURRIOK ETA MURRIZTU ARRISKUAK