EKA/ACUVk autoen kartelak erasandako pertsonek zuhurtziaz joka dezaten eskatu du
Ibilgailuen kartelari buruzko albisteen harira, bai eta hainbat bulegok eta erakundek demanda judiziala jartzeko aukerari buruz bidalitako mezuen aurrean, EKA/ACUVtik azkeneko ordua eta arreta-mezua helarazi nahi dizuegu.
Aurkeztutako erreklamazioei dagokienez saltzen ari den arrakasta-bermea alde batera utzita, kaltetutakoei gomendatzen diegu arretaz jokatzeko eta arinegi ibili ez dezatela. Batik bat oso argi eduki behar dute demanda aurkezteak eragiten dituen guztizko kostuak (ez soilik prokuradore, abokatu eta peritu batek sortutakoak, kostuen kondena posible batenak), baita epaiketa galtzearen ondoriozko kopuruenak ere.
Argitu behar da ez dela egia 2006tik 2013ra bitarte erositako ibilgailu guztiek kalte-ordaina jasotzeko eskubidea dutela, ez eta kalte-ordain horien batez bestekoa 2.000 edo 3.000 €-koa dela kasu guztietan ere.
Gai korapilatsu baten aurrean gaude, tartean zenbait alderdi zalantzagarrirekin: bi jarduera daude bereizita, bakoitza bere aldetik zehatuta, eta zentzu honetan bi ebazpen eman dira. Batetik, emakidadunen kartelarena eta MLBNren 2015eko maiatzaren 28ko Ebazpenak, zeinak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 101. artikulua eta Lehiaren Defentsari buruzko Legearen 1. artikulua urratzen direla adierazten duen, xedeagatiko murrizketa baten bidez. Murrizketa hori zazpi kartel desberdinetan gauzatu zen, eta marka horietako ibilgailuen txikizkako banaketari eragin zioten herrialdeko hainbat eremutan, azpimarkako lehia mugatuz. Eta, bestetik, 2015eko uztailaren 23ko ebazpena, automobilen handizkako banaketa-merkatuari eta saldu ondoko jarduerari buruzkoa, zeinean kontzesionarioak izango liratekeen kaltetuak. CNMVren ebazpenean ez da aipatzen marjinak murrizteko edo prezioak igotzeko akordio edo ulermena dagoenik, baina bistakoa da estrategia hori baliatu zutela informazioa trukatzeko. Argi dago ibilgailuak erosten dituztenei zeharkako kalteak eragingo litzaizkiekeela kartelean; kontua da, ebazpenak ez duenez ezer adierazten kartelak txikizkako banaketa-merkatuan izango lukeen eraginari buruz, kalteen neurketa izugarri zaildu egiten da.
Laburbilduz, kasu batzuetan bi arau-hausteak gainjartzen dira, marka-kartela eta kontzesionarioak, alegia. Esan bezala, horrek oztopatuko du bereziki kaltearen erantzuleak definitu eta norbanakoari dagokiona zehaztea.
Puntu honetara iritsita, ordea, EKA/ACUVk honako gomendioak jarraitzea aholkatzen du:
1. Ez hartu presarik eta hainbat erakunderekin kontsultatu. Gogoan izan Auzitegi Gorenaren Sententzia argitaratu zenetik -urriak 5- urtebete izaten dela erreklamazioak bideratzeko.
2. Informazio argia eta zehatza eskatu honako alderdi hauei buruz:
• Demanda bat aurkeztearen kostuak (abokatua, prokuradorea, peritua, botereak, etab.).
• Galeraren kostu judizialak (abokatua, prokuradorea eta aurkako peritua).
• Lortu nahi diren jarduketak, barne hartzen dituen instantziak, aukeran diren errekurtsoak, etab.
EKA/ACUV hasiko da gure bazkideen izenean kontzesionarioei eta kaltetutako markei judizioz kanpoko erreklamazio bat bidaltzen, euren erantzuna aztertzeko.