Etxe-berrikuntzako enpresa batek bere errua onartu eta ordaindu du soilik epaiketara joateko mehatxupean
Vitoria-Gasteizeko bi solairuko etxe batean bizi den EKA/ACUVeko bazkide batek 1.310 euro ordaindu zizkion Artecasa enpresari komuna berritzeakatik: komun-ontziaren, dutxaren eta konketaren aldaketa izan zen. Lana amaitu eta berehala hezetasun-orbanak agertu ziren beheko solairuan eta justu komunaren azpian dagoen garajearen sabaian. Bezeroak bere lana berraztertzea eta matxura konpontzea erreklamatu zion Artecasari, baina honek ez zuen bere erantzunbehar nabaria onartu. EKA/ACUVek eta Vitoria-Gasteizeko KIUBak lagunduta, gure bazkideak behin eta berriz eskatu zion enpresari matxura konpon zezala; alferrik ordea. Beraz, beste enpresa bat kontratatu behar izan zuen Artecasak utzitako ur-jarioa konpontzeko eta 1.738 euro ordaindu ere bigarren lan horregatik. EKA/ACUVek eta KIUBak lehen enpresari bere erantzukizuna onartzea eskatzen jarraitu zuten eta aipatu bigarren lana eginda diru hori etxeko jabeari ordain ziezaiola ere kalteordainez. Eta Artecasa, ezetz eta ezetz. Soilik epaiketara eramango zutela esan ziotenean eman zuen amore eta, bi epetan, bigarren lanak kostatutako 1.738 euroak eman zizkion etxeko jabeari zuela bi urte egindako hutsa “konpontzeko”. Epaiketara joanez gero, seguru asko aurkako epaia jasoko luke eta 1.738 baino euro gehiagoko kalteordaina ordaintzera zigortua izango litzateke.