Ez baimendu Black Friday Black Timo bihurtzea! Burutsu jokatu
Ostiral honetan, azaroak 26, Black Friday klasikoa ospatuko da, eta astelehenean, hilak 29, Cibermonday – Plataforma digitalei eta produktu teknologikoei eskainia, batez ere –, beherapen bereziko bi egun, Gabonetako erosketa-denboraldia aurreratzen dutenak. Ondorengo lerroetan, iruzurrak edo engainuak saihesteko eta soilik behar dena eskuratzeko ohiko aholkuak azpimarratuko ditugu.
Beti kontuan hartu beharreko lehen kontzeptua alderatzearena da, oso lotura estua baitu aurreztearekin. Prezio oso desberdinak dituzten produktu edo zerbitzuak aurki ditzakegu, eta horretarako online bilatzaileak (konparatzaileak) dira aproposak, non jendeak prezio merkeena, arrazoizkoena eta kalitate/prezio erlazio onena aurki baitezakeen.
Beheratutako prezioarekin batera, beti agertu behar da jatorrizkoa edo beherapenaren ehunekoa. Izan ere, logikoa litzateke biak azaltzea.
Eman ohi dugun beste aholku bat zera da: merkealdietan, bermeak ez dira aldatzen, eta, orokorrean, gogoratu behar dugu dendan erosten badugu, dirua itzultzeko eskubidea dugula, baldin eta erositakoak fabrikan akatsik badu. Hala ere, egia da denda batzuek itzulketa-politikak aplikatu eta baleak egiten dituztela. Ildo horretatik, beste gomendio bat establezimenduaren merkataritza-politika eta baldintzak kontsultatzea izaten da.
Denda askok aprobetxatzen dute produktu batzuk saltzeko amu gisara. Euren zenbatekoa jaisten dute, eta aldiz, beste batzuetan igo. Hala, zenbaiten jaitsierarekin galtzen dutena berreskuratu egiten dute besteen igoerari esker. Prezioen aldez aurreko jarraipena egin beharra dago hortaz, merkatu erregularreko kostua ezagutzeko, aldaketa kontraesankorrik dagoen ikusteko alegia. Eskaintza edo deskontu susmagarririk aurkituz gero, sare sozialetan argitara ditzakegu #timofertasBF traolaren bitartez, gerora azter daitezen.
Horrez gain, ondo begiratu behar diegu produktu beheratuei, jatorrizkoen kalitate berari eutsi behar diete eta ezin dira imitazio modura saldu.
Merkealdietan dendak txartelarekin ordainketarik ez onartzeko baldintzak ezartzen baditu, edo itzulketa-politikak aldatzen baditu, garbi adierazi beharko du, bai erakusmahaietan, bai bere web orrian.
Gogorarazten dizuegu, alabaina, tiketa edo faktura dela erreklamatzeko berme egokiena. Beraz, ezin galdu.
ERREKLAMAZIO-ORRIEN funtzionamenduari dagokionez, hura eskatu behar izatekotan, jakin prozedurak hiru kopia hartzen dituela kontuan: bat guretzat, beste bat establezimenduarentzat, eta hirugarrena, bezeroak Eusko Jaurlaritzaren edozein Kontsumo-bulegotan aurkeztu beharrekoa.
Online erosketei dagokienez, jakin ezazu 14 egun dituzula itzulketak gauzatzeko. Aintzat hartu kopuru osoa berreskuratzeko eskubidea duzula.
Ordainketak egiteko metodo gomendagarrienak aurre-ordainketa txartelak, kreditukoak edota paypal modukoak dira. Ez egin banku-transferentziarik, saltzailea erabat fidagarria ez bada.
Finean, kontuz erosketa konpultsiboekin. Ez dira batere egokiak. Nahi duzunaren ideia albait argienarekin joaten saiatu betiere, kalitate/prezio erlaziorik onena definitu eta orduan, erabaki. Ezinbestekoa da garaiotan kontsumo arloan behar bezala jokatzea. Gorriz markatutako data hauexek, ingurumena eta ekonomia zirkularraren printzipioak ere ez ahazteko balio digute: berrerabiltzea, murriztea eta birziklatzea.