EZAGUTU KONTSUMO-ARAUDIAN INDARREAN DIREN AZKEN ALDAKETAK

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren erreforma baliatuta, joan den maiatzaren 28tik aurrera, establezimendu guztiek beren bezeroei bermatu behar diete edozein ordainketa eskudirutan egiteko aukera, 1.000 eurotik gorakoak izan ezik, zerga-araudian eta iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko prebentzio-araudian ezarritakoaren arabera. Modu honetan, kontsumitzaileek gehien komeni zaien ordainbidea aukeratu ahalko dute une oro. Era berean, merkataritza zigortzeko arrazoia izango da eskudirutan ordaintzeari uko egitea.

Aldaketa honek kolektibo ahulenak babestea du xede, CERMIk (desgaitasuna duten pertsonen ordezkarien Espainiako batzordea), eta Denaria plataforman bildutako beste enpresa, ekonomia eta gizarte-eragileek bermatzen dutenez. Aurrerapen bat dela diote, eskudirua ordainketa aske eta unibertsalerako bide gisa blindatzen duen esparru juridiko bat ezartzeko, legezko estaldura dirutan edo trantsakzio elektronikoen bitartez hautatzeko aukera eskainiz, alde bakarreko ezarpenik gabe.

Bestetik, egun berean indarrean sartu zen online salmentetan erreseina eta iritzi faltsuekin bukatzea xede duen araua. Hartara, hemendik aurrera enpresek nahitaez adierazi eta bermatu beharko dute, beren ondasun eta zerbitzuen balorazioak benetan horiek eskuratu dituzten erabiltzaileenak direla. Lehiakortasun Desleialaren inguruko Legea aldatzen duen Errege Dekretua dugu, merkataritza elektronikoaren erabiltzaileen eskubideak zabaltzeko.

Hala, Kontsumo Ministerioak ahalmena izango du enpresak zigortzeko iruzur masiboengatik eta sare sozialetan ezkutuko publizitatea hedatzeagatik.

Hona barne hartutako alderdiok:

-Internet bidez saldutako produktuetan balorazio faltsuak edo fabrikatzaileak pagatutako iritziak argitaratzea. Jardunbide desleialtzat hartuko da kontsumitzaileengandik jasotako erreseinak txertatzea, ondasuna benetan eskuratu dutela egiaztatu barik.

-Ikuskizunetarako sarrerak bot (robot digitalen) bidez birsaltzea, merkatuan normaltasunez sartzea eragozten bada.

-Ondasun bat pareko gisa merkaturatzea produktuak ezberdinak izanda, marka jakin batzuek produktu beraren kalitatea alda ez dezaten, beti ere Ebren merkaturatutako herrialdearen arabera.

-Kontsumitzaileentzako berme batzuk ez betetzea, ezta argudiorik gabeko muga eta eskakizunak ere, hala nola, kontratu bajarako edo zerbitzu baten eskubidea oztopatzea.

ISUNEN EZAUGARRIAK

Gehieneko zehapenak milioi bat eurokoak izango dira, edo legez kontra lortutako irabaziaren halako zortzi, arau-haustea estatu mailan egin bada soilik, eta konpainien fakturazio-bolumenaren %4raino, arau-hauste horiek Europako estatu kide bat baino gehiagotan eman bada.

Isunak erantzulearen gaitasun ekonomiko, erruduntasun-maila edo intentzionalitatea, arau-haustearen jarraitutasuna eta eragindako kontsumitzaileen kopurua eta jasandako kalte eta galeren mailaren arabera kuantifikatuko dira.

Isun horiez gain, beste zehapen batzuk ere badira, besteak beste, algaiak konfiskatzea, establezimenduen itxiera bost urtez eta ezarritakoen publizitatea egitea. Zehapen-araubide berriaren mende egongo dira kontratuetan abusuzko klausulak sartu edo mantentzea, horri amaiera emateko edo zerbitzu batean baja gauzatzeko eskubidearen oztopatzea, etiketak ez betetzea edo kontratatu gabeko produktu eta zerbitzuak fakturatzea.

Alberto Garzón Kontsumo-ministroaren esanetan, araudi hau aurretik onartu izan balitz, aukera izango zen “dieselgate” kasuari bizkortasunez erantzuteko, edota milioika espainiarrei eragindako hipoteken zoru-klausulei.

EKA/ACUV-ek funtsezko urratsa dela uste du bi ardatz hauek Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eskubideen barne kokatzea, eta positiboki baloratzen du, enpresak beren zerbitzu eta ondasunekin gardentasun eta zintzotasunez jardutera behartzen baititu.

Utzi iruzkina