Joko arautu, seguru eta sexismorik gabea

Joan den ostegunean, otsailak 17, Joko Arduratsurako Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta bezperan burutu zen Jokoaren Euskal Behatokiak antolatutako”Jokoa eta Gazteria” jardunaldia. 2021ean argitaratutako txostenean, halaber, Euskadiko gazte jokalariaren profilean maskulinizazio nabarmena agertzen dute. Gizonen kopurua emakumezkoenaren bikoitza izaten da, maiztasun handiagoarekin jarduten dute eta diru gehiago ere inbertitzen dute. Online jokoa gorantz doa, baina euskal gazteek nahiago dute aurrez aurre edo taldean jolastu, aisialdia, sozializazioa eta dibertsioa bilatuz.

Eusko Jaurlaritzak “Euskal Autonomia Erkidegoko Gazteria eta Jokoa 2021” txosten monografikoa abiaraztea agindu zuen, 18 eta 30 urte bitarteko pertsonek, beste adin-tarte batzuekin alderatuta, bestelako portaera azaltzen dutela eta jokoarekin lotutako arazoen ehuneko handiagoa dutela hautematean. Bertan, nabarmentzekoa da gazteen % 52 ez duela inoiz jokatu ezta apusturik egin. Zifra hori kontrastean dago aurreko txosten batean bizitzan noizbait jokatu zutela adierazi zuten helduen % 70,5ekin. Horren guztiaren inguruan  eztabaidatu zuten joko patologikoaz sentsibilizatzeko eta prebenitzeko lanean diharduten hainbat elkartetako adituk mahai-inguru batean. Bertan, publizitate sexista kritikatu zen eta estereotiporik gabeko jokoen alde egin zen, bakoitzaren nortasun, trebetasun eta gaitasunak genero-rolik gabe eratzea ahalbidetzeko.

ESTATISTIKA ETA ONDORIO NAGUSIAK:

18 eta 30 urte bitarteko lau pertsonatik batek jokatu du azken urtean eta %32 adingabe izanda hasi zen murgiltzen, senide edo lagunekin. Gainera, kopuruek erakusten dute, oraingoz, aurrez aurrekoa nahiago dutela, lokal fisikoen bermea alegia, harremanak errazten dituztelako. Horrela, modalitate horrek %69 hartzen du, eta aldiz sareak %10a. Gazteen %21 bestalde, biak konbinatzen dute. Hala ere, Online jokatzen duten pertsonak maizago egiten dute, gehienetan banaka, eta toki fisikoetan baino diru gehiago gastatzen dute (64,6 eta 45,6 €hilean, hurrenez hurren). Datuak datu, kirol-apustuak gailentzen dira ( % 58).

Txostenaren arabera, zorionez, urriagoak dira DSM, Diagnostic and Statistical Manual Of Mental Disorders eskalarekin neurtutako patologia bat eragiten duten kasuak. Amerikako Psikiatria Elkartearen tresna zorrotz horri jarraituz, ondorioztatzen da gaur egun 18 eta 30 urte bitarteko gazteen %3,2k dutela patologiaren bat – are gehiago 23 eta 26 urte bitartekoek –, guztiak gizonak eta, oro har, ikasketa-maila baxua dutenak.

2015etik, aurrez aurreko jokoa bikoiztu egin da, eta Online jokoa hirukoiztu. Geroz eta gehiago jokatzen da Smartphone gisako gailuak erabiliz, eta, batzuetan, bideojokoetan kamuflatutako apustuek adingabeak bultzatzen dituzte horiekin segitzera. Nolanahi ere, 1958/2020 Dekretuak, adingabeak plataforma jakin batzuetara sartzea saihesteko mekanismoak ditu, eta komunikazio komertzial guztietan joko seguruari buruzko mezuak aldizka zabaltzea arautzen du.

Unera arte, Osakidetzak ez du arlo horretan jardun. 2021-2024ko eremu estrategikoan, berriz, joko patologikoaren prebalentzia murriztera bideratutako neurriak jasotzen dira.

JOLASTEN DUZUNA JOKATZEN DUZULA, BETI ARDURAZ; INOIZ EZ MODU KONPULTSIBOAN

Utzi iruzkina