Kalte-ordain berezia eman diote turista bati “kalte moralengatik”, opor egun bat galdu zuelako atzerapen baten erruz
Ama batek eta haren semeak ia opor egun bat galdu zuten Madril-Punta Cana (Dominikar Errepublika) hegaldia 5 ordu atzeratu zelako. Arrazoi hori zela eta, hegazkin konpainiaren aurkako salaketa jarri zuten, eta Bilboko Merkataritza arloko 1. Auzitegiak arrazoia eman die berriki atera duen epaian, eta bi erabiltzaileei 750 euroko ordaina ematera zigortu du konpainia; ordain hori atzerapen esanguratsuagatik automatikoki eman beharrekoa baino 150 euro handiagoa da (hasieran enpresak uko egin zion ordain automatikoa emateari ere). Epaiak esaten du bost orduko itxaronaldia egin behar izateaz gain, kontua hartu behar dela aireportu batean hainbeste ordu adingabe batekin egoteak eta hura entretenitu behar izateak estutasuna eragiten duela. Eransten du, gainera, oporrak bizigarri ona izaten direla gero eguneko zereginei aurre egiteko, familiako betebeharrei edo arazo pertsonalei; herritar normalek arreta eta mimo handiz prestatzen dituzte une horiek, eta diru eta ilusio ugari jartzen dute horretan.
Consumer aldizkariaren 2015ko abenduko alean argitaratutako epaia.