Kontsumoko Arbitrajeak ilegalki kontratatutako gas mantentze zerbitzu baten kostua itzultzera zigortu du hornidura konpainia bati
Azken urteetan EKA/ACUV-ek telefonoz eta etxeetarako saltzaileen bisitetan zerbitzuak kontratatzeak (batez ere hornikuntzak: gasa, argindarra, telefonia…) dituen arriskuei buruz ohartarazi du behin eta berriz; baita kontratatze mota horiek ez egitea ere aholkatu dugu hainbatetan arazo eta erreklamazio mordoa sortzen dutelako. Jarraian kontatzen den kasua adierazgarria da oso.
A.A.M. andreak gas-hornikuntza zeukan kontratatuta hornidura enpresa batekin. 2016ko irailaren 21ean konpainia horretako saltzaile bat etxera joan zitzaion argindarra ere konpainia berarekin kontratatzea proposatzera. “Ideia zen gasa eta argindarra faktura bakarrean batzea eta bidenabar diru apur bat aurreztea”, azaltzen du A.A.M.-k. Honek proposamena onartu zuen, baina urtebeteko “gas mantentzearen zerbitzua” kontratuari gehitzea errefusatuz, zeukan galdara ea berria zelako eta bermean zegoelako. Hala ere, eta andrea ohartu gabe, komertzialak zerbitzu hori sartu zuen kontratuan. Egun batzuk beranduago konpainiak telefonoz deitu zion bezeroari kontratazioa baieztatzeko. “Baietz erantzuten dut denari. Gortasun arazoak dauzkat, audifonoak erabiltzen ditut eta ez nuen azaltzen zitzaidan dena ondo ulertu”.
Mantentze zerbitzuaren kostua 10,83 eurotakoa zen hilean, 129,95 euro urtebetean. Berak errefusatu zuen zerbitzu horrengatik konpainia hilero kobratzen ari zitzaiola konturatu zenean, A.A.M.-k zerbitzuaren berehalako baja eskatu zuen. Aurtengo martxoaren 20an izan zen. Enpresak baja eman zion, bai, baina urtebeteko “kontratua” amaitu arte ordaintzeke geratuko zena kobratu ere bai: 65,68 euro. Eta “kontratua aldez aurretik apurtzeagatik” 29,60 euroko isuna ere bai.
A.A.M.-k Kontsumoko Arbitraje bat eskatu zuen ekainaren 22an, “nik kontratatu ez nuen” mantentze zerbitzuagatik konpainiak kobratu zizkion 129,95 euroen itzulpena eskatuz. Arbitrajea urriaren 2an gauzatu zen. Konpainiak ez zuen bertara ordezkaririk aurkeztu, baina hantxe zeuden bere defentsan aldez aurretik bidalitako agiriak: kontratazioa zuzenki egin zela zioen idazki bat, bezeroaren etxean sinatutako paperezko kontratuaren kopia bat eta ondorengo hitzaldi telefonikoaren grabaketaren kopia bat. Arbitrajean A.A.M.-k isunaren 29,60 euroen itzulpena gehitu zion bere erreklamazioari.
Arbitraje Kolegioak konpainiak aurkeztutako “frogak” aztertu eta kontratazioa egin zuen komertzialak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorra urratu zuela erabakitzen du kontratatzen diren zerbitzuen ezaugarriak bezeroari era argian eta ulergarrian azaltzeko beharra ez zuelako bete. Paperezko kontratuari buruz hauxe dio Arbitraje Kolegioak: “Gas Mantentze Zerbitzua jartzen duen ondoan gurutze batez markatutako laukitxoa, txiki-txikia dena, ezin da informazio argitzat ezta ulergarritzat ere jo”. Gehiago ere dio: “Zer suposatzen du gas mantentze zerbitzu hori kontratatzeak? Gas hornikuntzaren zerbitzuaren mantentzea baino zerbait gehiago kontratatzea suposatzen du? Zergatik ulertu behar da galdararen mantentzeari buruz ari dela horixe espresuki jarrita ez badago?”.
Arbitraje Kolegioak mantentze zerbitzuari dagokionez paperezko kontratua baliogabea dela erabakitzen du. Eta gauza bera dio telefonozko grabaketari buruz. “Hortatik ere ezin da bezeroak aipatutako zerbitzuaren kontratazioa onartu zuela ondorioztatu”.
Hortaz, Arbitrajearen konklusioa den laudoak A.A.M.-ri mantentze zerbitzuagatik kobratutako 129,95 euroak itzultzera behartzen du hornidura konpainia. Baina isunaren 29,60 euroen itzulpenaren eskaerari ezetza ematen dio “erreklamazioa garaiz kanpokoa izan delako”. A.A.M.-k Arbitrajea eskatu zuenean jarri behar izan zuen eskaera hori. Arbitrajea bera egiten den unean ezin da eskaera edo erreklamazio berri bat egin.