Kontuz etxean elikagai “arriskutsuekin”
Kontuz etxean elikagai “arriskutsuekin”
Animalien eta pertsonen artean kutsatzen diren infekzioei (zuzenean edo zeharka) “zoonosis” izena ipini diegu. Zoonosis kasu gehienak kutsatuta dauden elikagaien kontsumoak eragiten ditu. Hiru patogeno garrantzitsuenak (Europar Batasunean gertatzen diren elikagaien infekzioetan gehien nahastuta daudenak) Campylobacter, E. coli eta Salmonella bakteriak ditugu. Orrialde hauetan elikagai “arriskutsuenak” zeintzuk diren eta haiekin hartu behar ditugun arretak azaltzen ditugu. Baita gizakiongan erreakzio alergiko larriak eragiteko gai diren 14 alergenorik arriskutsuenak ere, horiexek daramatzaten elikagaien etiketetan azaldu behar direnak legez.
Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak maneiatzen dituen datuen arabera, etxeetan era ohikoetan prestatzen eta jaten ditugun elikagaietatik “arriskutsuenak” (elikagai infekzio larria eragin dezaketen balizkoenak) hauexek dira: entsaladak, etxean egindako maionesa, esne-gaina eta arrautzopilak.
ENTSALADAK. Osagai gordin guztiak urarekin ondo baino hobeto garbitu behar dira beti. Gomendagarria da baita ere minutu batzuz elikagaientzako desinfektatzailea duen uretan urperatzea. Entsaladak sukaltzeko era seguruena garraztasun maila txikiko osagaiekin egiten dena da: adibidez, ozpinarekin, jogurtarekin edo limoiarekin. Ez badira guztiz kontsumitu, hozkailuan gorde ahal dira entsaladak, nahiz eta ez denbora epe luzez. Gorde ezin direnak, ez hozkailuan ez inon, esnez edo arraultzez egindako saltsa daramatenak dira. Horiek berehala kontsumitu behar dira.
ETXEKO MAIONESA. Etxean egindako maionesa gehienez bi egunez gorde daiteke eta 8 gradutako gehienezko tenperaturara (hozkailuen ohiko tenperatura 5 gradutakoa da). Hala ere, lehenbailehen kontsumitzea gomendagarria da beti. Era berean, gomendagarria da maionesa jasotzen duten elikagaiak hotz egotea, bero badaude maionesa berotzen dutelako eta horrek kaltegarriak izan daitezkeen mikroorganismoak eragin ditzakeelako.
ESNE-GAINAK. Esne-gainak, bai industrialak direnak bai etxean egindakoak, hozkailuan gorde behar dira beti. Ez dugu inoiz ontzi ezberdinetako edo egun ezberdinetako esne-gainak nahastu behar. Esne-gaina etxean prestatzen bada, gutxienez bi orduz hoztu behar da eta ontzi tixikietan eta itxiera hermetikoa dutenetan jarri behar ditugu.
ARRAUTZOPILA. Arraultzak freskoak izan behar dira beti eta oskolan inolako hausturarik ez dutela egiaztatu behar dugu. Sua gutxienez 70 gradutara jarri behar da eta gutxienez bi minutuz. Arriskutsua da arrautzopila gutxi sukalduta kontsumitzea eta beti kontsumitu behar dugu ahalik eta lasterren. Hondakinak hozkailuan gorde behar dira beti, egun pare bat iraun dezaketela.
Arretak ere behar dituzten “kontuzko” beste eligakai batzuk
Lehen aipatutako elikagaiez gain, badira beste batzuk hain “arriskutsuak” ez direnak baina bai “kontuzkoak”. Horiekin ere oinarrizko arretak hartu behar dira.
Arraina. Arrain freskoa era bereko kolorea eduki behar du, azala tente, ezkatak atxikituta, ukimen lehuna, usain ez oso indartsua eta begi distiratsuak. Horrelako itxura ez badu, hobe ez erostea. Arrainari erraiak lehenbailehen kendu behar zaizkio, patogenoen sorburua direlako.
Barazkiak. Gordinik jaten diren barazki guztiak garbitu behar dira ur txorrtan. Gomendagarria da minutu batzuz elikagaientzako desinfektatzailea duen uretan urperatzea.
Esnea eta haren eratorriak. Esnea eta esnearen eratorri guztiak hozkailuan gorde behar dira derrigor behin ontzia ireki delarik.
Fruta. Azalarekin edo azalik gabe kontsumitzekoa bada, fruta garbitu behar da beti. Nahikoa da eskuarekin ur txorrotarenpean igurtzearekin; ez denbora luzez, ordea, uretan disolbagarriak diren bitamina batzuk gal daitezkeelako. Fruta naturalaren zukuak berehala kontsumitu behar dira.
Irina. Irina ez da erraz kutsatzen era egokian gordetzen bada. Nolakoa? Leku lehor eta freskoetan ipinitako ondo itxitako ontzietan.
Izotza. Izotza edateko urarekin ekoiztu behar da (ur potablea, jakina) eta zatitzen edo txikitzen bada ez da eskuekin ikutu behar zikindu (kutsatu) ez dadin.
Ogia eta pastelak. Bai ogia bai pastelak eskuak ondo garbituta manipulatu behar dira, gero ez direlako gehiago garbitzen edo sukaltzen. Ez dugu erabilitako papera edo tintatutakoa erabili behar ogia biltzeko.
Olioa. Olioa hobeto ondo itxitako beira ontzietan gordetzen bada. Sukaltzerakoan ez dira jatorri ezberdinetako olioak nahastu behar eta horietariko bakar bat ere ez da erabili behar hiru edo lau alditik aurrera. Erabilitako olioa pote edo antzeko ontzi batetan batu behar da, ondo itxita, eta dagokion edukiontzian utzi behar da.
Okela. Hobe da gordinik edo gutxi sukalduta ez jatea eta beti hozkailuan gorde behar da. Txikitutako okela oso delikatua da eta txikitzen den egun berean kontsumitu behar da arazoak ekiditeko.
Kontrolpean mantendu behar diren 14 alergenoak
Elikagai alergenoak esaten diegu pertsonengan erreakzio alergikoak eragiteko gaitasun handiagoa dutenei. Alergenoen inguruko Europar legediak haietariko 14, “arriskutsuenetzat” jotzen ditu eta alergeno hauek dituen edozein elikagai produkturik beren etiketetan argi eta garbi azaldu behar ditu. 14 elikagai alergeno horiek etiketetan derrigorrez aitortu behar dira, ekoizleak produktuan daudela zinez dakienean edo egoteko aukera anitz dagoenean. Hurrengoak dira.
- Eskuzuriak eta haietan oinarritutako produktuak.
- Apioa eta haren eratorriak.
- Kakahueteak.
- Glutena duten zerealak (oloa, garagarra, zekalea eta garia, besteak beste).
- Krustazeoak eta haietan oinarritutako produktuak.
- Sufre dioxidoa eta sulfitoak, 10 mg/kg edo 10 mg/litro baino gehiagoko konzentrazioetan, SO2 bezala adierazita.
- Oskolak dituzten fruituak (amanda eta hurrak bezalakoak).
- Arraultzak eta arraultzetan oinarritutako produktuak.
- Esnea eta haren eratorriak.
- Moluskuak eta moluskuetan oinarritutako produktuak.
- Ziapea eta haren eratorriak.
- Arraina.
- Sesamo eta sesamo aleetan oinarritutako produktuak.
- Soja eta sojan oinarritutako produktuak.
Etiketek ez dute zergatik zehaztu behar produktuak duen alergenoaren kantitate zehatza
Erreakzio alergikoa eragin dezakeen alergenoaren kantitatea nahiko aldakorra izan daiteke pertsona batetik beste batetara. Horregatik zaila eta ausarta da elikagai batetan alergeno baten gehienezko kantitatea unibertsala zehaztea. Eta hori da arrazoia alergenoak dituzten produktuen etiketak haren kantitate zehatza aitortzera behartuta egon ez daitezen. Baina haren agerpenaz ohartarazi behar dute, nahiz eta elikagaian alergenoaren kantitatea oso txikia izan.