Lau konponketaren ostean, gaitasun handiagoko batez trukatu diote Wiko telefono mugikor akastuna
Bermeen Legearen arabera, produktu bat kontratuarekin erabat ez datorrenean edo akats edo matxura bat duenean (berme-epearen barne egonda: 2 urte), kontsumitzaileak exijitu dezake, hasiera batean ordena honetan: konponketa, aldaketa, prezioan beherapen bat (saltzailearekin adostuta) eta itzulpena. Zenbaitetan, inguruabarren arabera, produktuaren akatsak, konponketa egin behar izanak edo erreklamazio prozesuak eragin dizkioten arazo, kalte edota gastuengatik kalte-ordaina ere eska dezake kontsumitzaileak.
Konponketa, aldaketa, deskontua, itzulpena… Aukera edo irtenbide egokia eta justua kasu bakoitzean faktore askoren menpe dago: produktu-mota, akats-mota, aldaketa egitea posible den ala ez, alde bien akordio batera heltzeko gogoa… Gaur azaltzen dugun Arrakasta Kasua konponketa batzuren ondorengo aldaketa batekin amaitu zen.
Iazko azaroan EKA/ACUV-eko I.C. bazkideak 16 gb.ko Wiko Fever telefono mugikor bat erosi zuen Getxoko Procom Servicios Informáticos Integrales saltokian. Txarra atera zitzaion. Hiru hilabete eskasetan lau aldiz eraman behar izan zuen konpontzera, lehenengoan dendara eta hurrengoetan Wikoko zerbitzu teknikora (bateria, kargatzailea, bozgoragailua, entzungailuak…), eta horietako bakoitzean egun batzutan telefonorik gabe geratzen zen. Gailua aldatzeko eskatu zuen hainbatetan baina Wikok ezetza eman zion.
“Nik mugikorrarekin egiten dut lan eta ezin nuen horrela jarraitu”, azaltzen du I.C.-k. Hortaz, laugarren matxura-konponketa gertatuta, otsailaren 20an eta EKA/ACUV-en laguntzaz Procomi eta Wikori kontratuaren deuseztapena erreklamatu zien (berak mugikorra itzuliko zien haiei eta haiek berari dirua), aurreko irtenbideak ezinezkoak edo alferrikakoak izan direnean azken aukera den itzulpena hain zuzen ere, eta horrekin batera kalte-ordainak ere bai eskatu zituen.
Gure bazkideari irtenbide gogobetekorik emango ez ziotelakoan prestatzen ari zen Kontsumoko Arbitrajearen aurrean, Wikok, orain bai, nahiz erreklamazioa jaso eta hilabete luze pasa zen, behar bezalako erantzuna eman zuen: 16 gb.ko Wiko Fever akastuna gaitasun handiagoko modelo batez ordezkatzea, 32 gb.ko Wiko Ufeel Prime batez ordezkatzea, doan, noski. I.C.-k onartu zuen, mugikor “zaharra” eman zuen, berria hartu eta buruhaustea zorionez amaitu zitzaion, 32 gb.ko Wiko Ufeel Prime behar bezala dabilelako. “Bai, primeran. Orain arte ez dit inolako arazorik eman”, esan digu gure bazkideak gaur bertan.