LOW-COST AIRELINEA BATEK HIRU ONTZIRATZE-TXARTEL INPRIMATZEAGATIK KOBRATU ZIZKION 90 EUROAK ITZULI DIZKIO EKA/ACUV-EKO BAZKIDE BATI

Baldintza edo klausula bat akordio edo merkataritza-kontratu batean agertzeak eta agiri hori alde biek sinatuta egoteak ez dute nahitaez baldintza edo klausula legezkoa dela esan behar. Izan daiteke abusuzko klausula bat, neurrigabea, gehiegizkoa… legez kontrakoa, arrazoi desberdinengatik. Ikus ditzagun adibide batzuk artikulu honetan: “Gehiegizko kontratuko 10 klausula eredu kontratua enpresaren borondateari lotzeagatik”.

Abusuzko klausulak (kontratua idazten duena den enpresaren aldekoak eta bezeroa edo kontsumitzailearen kalterakoak direla ulertzen da) bereziki ugariak dira telekomunikazioak, banka, aseguruak, energia eta aireko garraio sektoreetako kontratuetan, nahiz beste arlo askotan ere badauden. Adibide itzel bat: zoru-klausulak.

Zergatik diogu aipatu sektoreetan gehiegizko eta horregatik legez kontrako klausula piloa dagoela? Kontsumitzaileek auzitara eraman dituztenean horrela zehaztu dutelako epaileek. Zergatik orduan konpainiek klausula horiek milioika kontsumitzaileri ezartzen jarraitzen dute, haiei esker irabazi izugarriak eskuratuz? Epaiketa partikularretan auzi-jartzailearen aldeko epaiek soilik epaitutako kasuari eragiten diotelako: abusuzkotzat jotako klausula soilik garaile atera den kontsumitzaileari baliogabetzen zaio. Eta oso gutxi dira auzitara heltzen direnak. Gainontzeko guztiek, gehien-gehienek, ez jakiteagatik edo “nahaspiletan ez sartzeagatik”, gehiegizko baldintzak pairatzen dituzte, ezartzen dizkioten konpainien irabazi handiagorako, haien bezeroen gaineko abusua egiten ari direla erabat jakitun, nola ez.

Ez al dago ba biderik airelinea batek edo energiako enpresa batek, esaterako, bere bezero guztiei abusuzko klausula bat ezartzeari utz diezaiola lortzeko? Bai, badago: “Amaitze-ekimen” bat aurkeztea eta epaiketa irabaztea; eta konpainia galtzaileak helegitea aurkezten badu, berriro ere justiziaren goiko eskarietan irabaztea, Auzitegi Gorenean… edo Europar Batasuneko Justizia Epaitegian amaituz. Baina, tamalez, “amaitze-ekimen” gutxi aurkezten dira. Eta horretaz ari garela, EKA/ACUV-ek horrelako batzuk aurkeztu ditu azken urteetan banku batzuen aurka abusuzko klausulak direla, eta denak irabazi; hori bai, bankuek errekurrituta, Auzitegi Gorenaren onarpenaren eta erabakiaren itxaronaldian aurkitzen dira.

Eta ez al dago modurik sektore oso batek, bankak adibidez, epaitegietan gehiegizkotzat jotako klausularen bat erabiltzeari utz diezaion? Bada: legegileak legea aldatzea eta klausula hori erabiltzea espresuki debekatzea. Baina… Espainiako legegileak oso motel dabiltza gai hauekin, eta bankuek, telefoniako, argindarreko eta beste arlo batzuetako konpainia handiek… legezko laxotasun eder horretaz gozatzen dute eta ondo baino hobeto dakite horri probetxua ateratzen.

Bezeroen, kontsumitzaileen gaineko abusuetaz ari gara. Adbidide argi bat: low-cost airelinea batzuek 30 edo 40 euro ere kobratzen dizkiote ontziratze-txartela aireportuan inprimatzeagatik, bertara, hegaldia aurrez Internetez erosita, hura inprimatu gabe heltzen den bidaiariari. EKA/ACUV-eko bazkide batek 90 euro ordaindu behar izan zituen airelinea bati Loiuko aireportuan hiru ontziratze-txartel inprimatzearen truke, bestela lurrean geratuko ziren bera eta bere bi lagunak; eta hegaldia burututa aipatu diru kopuruaren itzulpena eskatu zion aire-konpainiari gehiegikeria zelakoan. Honek ezezko borobila eman zion eta gure bazkideak, EKA/ACUV-eko abokatu baten laguntzaz, Bilboko Merkataritza Arloko Epaitegietan eskaera bat aurkeztu zuen 90 euroen itzulpena eta kexa ukatzean ausarkeriaz jokatzeagatik airelinearentzako auzi-kostuak eskatuz.

Lege batzuetako artikulu batzuen artean, eskaera judizialak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren 85.6. artikulua aipatzen du, zeinen arabera abusuzkoak izango dira bere beharrak betetzen ez dituen kontsumitzaileari proportziorik gabeko kalte-ordainketa oso altua inposatzen dioten klausulak. Beste low-cost airelinea bat protagonista izan duten kasu berdin-berdinen gaineko jurisprudentzia ere erakusten du eskaerak. Hortxe 2017ko otsailean Valentziako Merkataritza Arloko 1. Epaitegiak emandako epaia: bidaiari bati bi ontziratze-txartel inprimatzeagatik kobratu zizkion 80 euroak itzultzera zigortu zuen low-cost airlinea bat. Epaitegiak onartu zuen kontratazioa online egiteko prozesuak argi esaten zuela bidaiariak berak inprimatu eta aireportuan aurkeztu behar zuela ontziratze-txartela (posta elektronikoz jaso ondoren) eta hori ez egitekotan eta hegazkinean sartu ahal izateko 40 euro kobratuko zizkiola enpresak txartela inprimatzeagatik. Baina paper bat inprimatze hutsagatik 40 euro neurriz kanpoko prezioa zela ere gehitu zuen epaiak, zeinek euro zentimo bat baino gutxiago kostako litzatekeela ere kalkulatu zuen. Are gehiago, hauxe gaineratu zuen: “konpainia horrek batzuetan 8 eta 20 euro arteko prezioetan eskaintzen ditu hegaldiak (…) eta pentsaezina da maletak erregistratzeak eta bidaiariak ontziratzeak eragiten dituzten gastuak hegaldiarenak berarenak baino altuagoak izatea”.

Gure bazkideak auzitara eramandako airelinearen aurkako epaiketa ez zen ostera ospatzera heldu. Arrazoi berdin-berdinengatiko epaiketetako kontsumitzaileen aldeko epaien ezagutzaile, konpainiak EKA/ACUV-ekin eta gure bazkidearekin harremanetan jarri zen eta epaiketa bertan behera uztea adostu zen gure bazkideari hiru ontziratze-txartel haiek inprimatzeagatik kobratutako 90 euroak berehala itzultzearen truke.

Utzi iruzkina