Másmóvilek “tarifikazio-oker” batengatik soberan kobratutakoa itzuli egin dio EKA/ACUV-eko bazkide bati
Argindarreko edo telefoniako konpainia batek gure kontsumoa fakturatzean bere kaltean oker bat edukitzea eta behar baino gutxiago kobratzea gertaera harrigarria da erabat. Alderantzizkoa, ordea, hainbatetan gertatzen da. Hori jakinda, beti eta arreta handiz begiratu beharko genituzke haien fakturak, behar ez dena eta konturatu gabe ere ordaintzea ekiditeko, edo, hobeto esanda, gertatu izan bada detektatzeko eta konponketa exijitzeko.
EKA/ACUV-eko bazkidea den J.A.P. kontratatzen dutena dakiten eta horixe baino ez diotela kobratzen aldiro-aldiro eta gogotik zelatatzen duten kontsumitzaile gutxi horietako bat da. J.A.P.-ek faktura guztiak begi zorrotzez arakatzen ditu eta halako batean Másmóvil konpainia finkotik 902 zenbakietarako deiak mugikorretik bailiran, sei bider garestiakoak, kobratzen ari zitzaiola ohartu zen.
Dei horiek garbi zehaztuta (deitutako 902, eguna, ordua, iraupena, kobratutako okerreko prezioa eta kontratuaren arabera kobratu beharrekoa), J.A.P.-ek diferentziaren itzulpena eskatu zion Másmóvil konpainiari: 11,18 euro.
Nahiz erreklamazioan azaldutakoa ukaezina zen eta eskatutakoa zeharo argi zegoen, konpainiak gure bazkideak 902 telefonoetara deiak egin izatea ukatzen zuela ulertu zuen. Mezu batzuk, denak lehena bezain garbiak, bidali behar zituen J.A.P.-ek eskatzen zuena Másmóvilek behingoz uler zezan. Baina lortu zuen. Másmóvilek “deien tarifikazioan” okerra onartu zuen, barkamena eskatu zion gure bazkideari eta hurrengo fakturan aurretik soberan kobratutako 11,18 euroak itzuli zizkion.