OHARRA: BANKUAK LEGEZ ESKA DITZAKEEN DATUAK

OHARRA: BANKUAK LEGEZ ESKA DITZAKEEN DATUAK

Kreditu-erakundeak kapitalak zuritzea eta terrorismoa finantzatzea prebenitzeko araudiaren mende daude. Horregatik, tokiz kanpoko zerbait iruditzen bazaigula ere, gure datu ekonomikoetarako sarbidea eska dezakete. Post honetan partekatzen dizuegu Espainiako Bankuak honen inguruan igorritako oharra, indarrean dagoen araudiaren arabera:

-Honako hauek dira betebeharra duten subjektuak: kreditu-erakundeak, aseguru-entitateak, inbertsio-zerbitzuetako enpresak, pentsio-funtsen erakunde kudeatzaileak, ordainketa-erakundeak, higiezinen sustatzaileak, kontu-auditoreak, notarioak eta jabetza-erregistratzaileak.

-Hori dela eta, kreditu-erakundeek dokumentazio jakin bat eskatu beharko diete negozio-harremanak ezarri eta eragiketak egin nahi dituzten pertsona fisiko edo juridikoei.

-Identifikazio pertsonaleko dokumentuak eta gure lanbide edo enpresa-jarduerari buruzkoak eskatuko dizkigute. Hala ere, araudi horrek ez du zehazten zein diren finantza-erakundeek eska diezazkiguketenak. Hartara, gure funtsen jatorria eta lanbide edo enpresa-jardueraren izaera ezagutzeko aukera ematen dien edozein dokumentu eskatu ahalko digute: normalena, errenta-aitorpena.

-Dokumentazio hori erakundeek behar diren egiaztapenak egin ditzaten eta kopia bat gorde dezaten erabiltzen da. Hori guztia, berriro diogu, kapitalak zuritzea eta terrorismoa finantzatzea prebenitzeko araudia betez.

-Neurri hauek bezero berrien kasuan ez ezik, lehendik dauden bezeroen kasuan ere aplikatu beharko dira, finantza-erakundeek dituzten datuak eguneratuta egon behar baitute.

-Eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badugu, erakundeak kontua blokeatu ahalko du. Hala ere, Espainiako Bankuak kontsideratzen du, horretara jo aurretik, horren oinarri diren arrazoiak jakinarazi eta justifikatu behar dizkigula.

-Emandako dokumentazioa berariaz babestuta dago datu pertsonalak babesteko araudian, babes-maila handia dutelarik.

Kasu hauetarako guztietarako ohikoena bankuak errenta-aitorpena eskatzea izaten da, edota diru-sarreren beste edozein ziurtagiri, hala nola, azken nominak. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, honako hauek kontsulta daitezke: 10/2010 Legea, apirilaren 28koa,

kapital-zuriketa eta terrorismoaren finantzaketa prebenitzekoa, eta 304/2014 Errege Dekretua, maiatzaren 5ekoa, 10/2010 Legearen Erregelamendua onartzen duena.

Utzi iruzkina