OSAGARRIETAKO ETIKETAK: LARRUZKO, LARRUKIGINTZAKO ETA BIDAIETAKO PRODUKTUAK
“Osagarriak” deitzen ditugu, orokorrean, larruz edo ordezko materialekin egindako produktuak, larrukingintzakoak eta material horiekin egindako bidaietako artikuluak. Jarraian, arlo horretan sartzen diren produktuak zeintzuk diren zehazten dugu eta haien etiketak non egon behar duen eta zer informazioa azaldu behar duen. Baita atal honetan kontuan hartzeko aholku batzuk eta araudi aplikagarria ere.
-Idazmahairako gaiak edo paper-gauzetarakoak.
-Larruzko oroigarri, opari eta apaingarriak.
-Bidaietarako gaiak eta poltsak, kiroletakoak barne.
-Kutxak, estutxeak eta azalak.
-Diru-zorroak, billete-zorroak, tabako-zorroak, petakak eta halako erabileretarako gaiak.
-Dokumentuetarako paper-zorroak eta eskolarako maletak.
-Gerrikoak eta uhalak.
-Beste larruki batzuk: larruz edo larruaren ordezko materialez egindako giltzatakoak, apaingarriak,albumak edo antzekoak.
-Uhalak eta hipikako produktuak.
Non egon behar du etiketak
Osagarrietako etiketak hari erresistente batez egon behar du gaiari josita edo itsatsita. Horrek produktua honda balezake, informazioak produktuaren barruan egon behar du. Nolanahi ere, informazioak erosteko unean kontsumitzaileak ikusteko moduan egon behar du beti, agerian. Produktua etiketa edukitzeko txikiegia bada, dagokion faktura erakutsi beharko dizute produktuari buruzko informazioa eskatzen baduzu, han egon behar baitu konposizioak aipatuta. Etiketan nahitaez aipatu beharreko informazio guztia idazteko, karaktere garbiak, ikusteko modukoak, ezabaezinak eta irakurgarriak erabili behar dira.
Osagarrietako etiketetan agertu beharreko informazioa
-Fabrikatzailearen izena edo enpresa-izen ofiziala.
-Ekoizlearen erregistro industrialaren zenbakia edo artisautza-erregistroaren zenbakia, Espainian eta Europar Batasunean egindako produktuetan.
-Enpresa inportatzailearen izena edo enpresa-izen ofiziala eta helbidea jaso behar dira, eta haren identifikazio fiskalerako zenbakia, Europar Batasunetik kanpotik datozen produktuetan.
-Produktuaren osagaiak. Zati bereizgarriak baditu, horien aipamena: kanpoko zatia, barruko zatia edo forrua, eta armazoia edo elementu erresistentea. Aipatu beharreko materialak hauexek dira: larrua, ehuna, sintetikoa, zura, kortxoa, kartoia eta metala.
-Kanpoko zatiari dagokionez, oinarriaren konposizioa eta osagarriena zehaztu behar dira (heldulekuena, ertzena…); materiala larrua bada, dagokion animalia-espeziearen izena aipatu behar da.
-Zati metalikoen kasuan, estaldurak duen metal-mota zehaztu behar da eta metal preziatuak egonez gero, lodiera eta legea ere aipatu behar dira.
-Gaia fakturetan identifikatzeko balioko duen erreferentzia bat; produktuaren barruan edo kanpoan markatutakoarekin bat etorri behar duena.
Gomendioak
-Eros itzazu etiketa duten produktuak, etiketak produktuari buruzko beharrezko datuak azaltzen baititu eta segurtasun bermea delako.
-Artikuluan etiketa aurkitzen ez baduzu, komeni da beste produktu berdin batzuek baduten begiratzea, eta etiketa duen bat erostea.
-Ezin baduzu etiketa ondo irakurri edo dioena ulertzen ez baduzu, galdetu saltzaileei.
-Gorde ezazu etiketa produktuaren bizi-ziklo osoan, batez ere lehen bi urteetan, hori baita produktu berrien bermearen iraupena (bigarren eskukoen bermeak urtebete irauten du).
-Gorde ere bai tiketa edo faktura eta produktuarekin harremanatutako edozein agiria, esaterako publizitate-liburuxkak.
Araudia
–1007/2011 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2011ko irailaren 27koa, ehun-zuntzen izenei eta ehungintzako produktuen etiketatze eta horien zuntz-osaera markatzeari buruzkoa. [es]
–928/1987 Errege Dekretua, 1987ko ekainaren 5ekoa, ehun-produktuen konposizioa etiketetan jartzeari buruzkoa. [es]
–1718/1995 Errege Dekretua, 1995eko urriaren 27koa, oinetakoen osagai nagusietan erabilitako materialak etiketetan aipatzeari buruzkoa. [es]
–769/1984 Errege Dekretua, 1984ko otsailaren 8koa, larrugintzako manufakturen fabrikazioan, zirkulazioan eta salerosketan larruaren eta larrugintzarako ondutako larruaren izendapenak arautzeari buruzkoa. [es]
–1990eko otsailaren 15eko Agindua, larruzko gaien, bidaietarako gaien eta hipikako gaien etiketetan jarri beharreko informazioa arautzeari buruzkoa. [es]