Ostatu erreserbak: ezagutu zure eskubide guztiak
Aste Santu honetan merezitako ihesaldi bat egitea erabakitzen baduzu, jakitun izango zara, noski, zein garrantzitsua den zuhurrak izatea eta gure gastuei dagokienez kontziente izatea, gure aurrekontuan ezusteko desatseginak saihesteko.
Askotan, pertsonek momentuko emozioei ematen diete irtenbidea eta zorpetu egiten dira. Zer esanik ez, horrek gerora kalte egin diezaieke beren finantzei. Horregatik, funtsezkoa da gure gastuak kontu handiz planifikatzea eta gure oporretarako aurrekontu errealista bat ezartzea. Hotelak dira berez aukera zabalduena; pentsioak, aterpetxeak eta kanpinak, aldiz, merkeagoak.
EKA/ACUVen hoteletan ostatu hartzeko eta beste ostatatze-mota batzuetarako ditugun eskubideei buruzko aholku praktiko batzuk eskaintzea erabaki dugu, baita kontuan hartu beharreko beste betebeharrak ere, oharkabean ez harrapatzeko eta kanpoan ematen dituzun egunez kezka handirik gabe gozatzeko. Horrek, bide batez, aukera ematen digu erabiltzaile gisa baloratuak izateko eta zerbitzu turistikoen hornitzaileen aldetik abusuak saihesteko. Espainiako Kontsumitzailearen Europako Zentroak egindako gidari lotu gatzaizkio horretarako.
Lehenik eta behin, gure ustez, ezaugarri horiek dituen edozein establezimenduk izan behar dituen oinarrizko printzipioak azpimarratu behar ditugu, hala nola, instalazioen segurtasuna eta higienea, zerbitzuen kalitatea eta kontratazio-baldintzei buruzko informazio egiazkoa eta nahikoa. Hala ere, ostalari garen aldetik, gure erantzukizunak ere baditugu; besteak beste, tokiko araudia betetzea, besteekiko errespetuzko portaera izatea eta ostatuko altzariak zaintzea.
Erreserbaren xehetasunak
Honi dagokionez, esan behar da ostatuen politiketan aplikatu beharreko araudia autonomikoa dela. Horrek esan nahi du ebazpenen emaitzak ere ezberdinak direla erkidego bakoitzean ezarritakoaren arabera. Kontuan izan behar duzu, oro har, egokiagoa dela hotelarekin zuzenean erreserbatzea, plataforma baten bidez egitea baino; izan ere, arazoren bat sortzen bada, erreklamazioa hotelera bertara zuzentzen da, hura baita zerbitzuaren arduraduna. Nolanahi ere, erreserba bidaia-agentzia baten bitartez egiten baduzu, saia zaitez kontsumoko arbitraje-sistemari atxikita dagoena aukeratzen.
Gainerakoan, ostatu bat kontratatzen duzunean, publizitatea gordetzea gomendatzen dizugu. Legez, establezimenduarekin sinatzen den kontratuaren parte da, eta prezio eta zerbitzuak eskainitakoarekin bat datozen egiaztatzeko balioko dizu. Aldez aurretik eta idatziz erreserbatu, batik bat goi-denboraldian, eta tarifa desberdinen arteko prezioak alderatu hotel bat aztertzen duzunean. Orokorrean, establezimenduan bertan erreserbatzea merkeagoa ateratzen da.
Bestalde, komeni da balio pertsonala duten objektuak oso gertutik zaintzea; hotel eta ostatuak lapurreta edo ebasketa baten erantzule izango dira soilik erabiltzaileak gordailututako gauzak jasotzen baditu, bi alderdiek sinatutako balio-adierazpenarekin batera.
Erreserbak honako informazio hau adierazi beharko du: egonaldiaren iraupena, iristeko eta irteteko eguna eta ordua (check-in/check-out), ostatuaren araubidea (ostatua, ostatua eta gosaria, pentsio erdia, pentsio osoa), bidaiatzen duten pertsona kopurua eta aparkalekurik duen. Ostatuek 24 orduko epean erantzun behar diete kontsumitzaileek egindako erreserbei. Epe hori igarota establezimenduak erantzuten ez badu, erreserba ukatu egin dela ulertuko da, baina enpresa behartuta dago ukatze horren arrazoien berri idatziz ematera.
Denbora-tarteak
Oro har, logela 14: 00etatik aurrera okupatu daiteke. Nolanahi ere, komeni da ostatuarekin harremanetan jartzea, iristeko gutxi gorabeherako ordua adieraztearren, batez ere apartamentuen kasuan edo behintzat 18: 00az geroztik heltzea espero denean. Aurrez jakinarazi gabe aurkezten ez bada, erreserba aldatu ahalko da baldintza jakin batzuekin, hotelaren politikaren edo hautatutako tarifaren arabera.
Ezerezte-politika
Pertsonak erreserba bertan behera utzi behar badu, komeni da hotelari ailegatu eta albait lehenen jakinaraztea. Baliteke halere penalizazioren bat egotea. Aitzitik, erne aztertu kontratuaren baldintzak (kasu bakoitza ezberdina izaten da). Informa zaitez dirua zati batean itzultzeko edo osorik bueltatzeko eskubiderik duzun. Behin ezeztatuta, hotel batzuk, ez dute itzulketarik egiten. Turistak kontratua bertan behera uzten badu aparteko inguruabarrengatik (ezinbesteko kasua), baliteke desadostasunik ezean epai judizial batek ebatzi behar izatea bezeroak dirua itzultzeko eskubiderik duen ala ez. Informa zaitez era berean kasu bakoitzean ordaintzeko moduaz, epeez eta bermeez.
Kontrastatu iruzkinak
Beste turistak utzitako balorazioak online erreserba-zentral gehienetan eta sareko ostatuen aipamenetan aurki ditzakezu. Baloratzeko orduan, erreparatu argitalpen-dataren hurbiltasunari eta egiten duen bidaia motari. Askotan, establezimenduek oso informazio erabilgarriarekin erantzuten diete iruzkinei, eta askotan erreseinak jatorrizko herrialde, hizkuntza eta turista-motaren arabera iragazi ditzakezu.
Beste ostatu batzuei buruz
Kanpinen kasuan, kanpin-dendetan kanpatzeko egokitutako eremuez gain, karabanetarako edo etxe mugikorretarako erreserbatutako zonaldeak ere topatuko dituzu. Kanpin, bungalow eta etxola askok animaliak onartzen dituzte, eta ezgaitasuna duten pertsonentzat egokituta daude. Gehienek haurrentzako esparruak, zuhaiztiak eta lorategiak edo kirolerako guneak dituzte, besteak beste, igerilekuak, gimnasioak, minigolf edo tenis-pistak.
Kalitatezko “Q” duten Kanpinen aldeko apustua egin, kalitate turistikoko estandar altuak betetzea bermatzen diena hain justu. Aukera ona da, zalantzarik gabe, atseden hartzeko eta deskonektatzeko, espazio horiek zarata murrizten baitute atseden-orduetan.
Atzera egiteko eskubidea
Jakin badakigu onlineko erosketetan kontsumitzaileak 14 egun naturaleko epea duela kontratua bertan behera uzteko, erabakia justifikatu beharrik gabe eta inolako zigorrik jaso barik. Kontraldetik, ostatuen gidan jakinarazten denaren arabera, salbuespenen artean dago ostatatze-zerbitzuak ematea, etxebizitza izateko edota aisialdi-jarduerekin lotutako zerbitzuak emateko ez bada, eta hotel-sektorearen kasua dugu honakoa. Kontratuek berariazko egikaritze-data edota aldi baterako egonaldia aurreikusten baitute. Horregatik ez dago atzera egiteko eskubiderik hain zuzen.
Nola erreklamatu dezaket?
Zerbitzuarekin ados ez bazaude, ez izan zalantzarik erreklamazio-orria eskatzeko. Azaldu, labur eta zehatz, zure kexaren arrazoiak, eta gorde kopia bat. Hotelak bezeroari jakinarazi behar dio nola aurkeztu. Egin ezazu idatziz eta tonu atseginean.
Xehetasun gehiago nahi? Horra gida osoa atxikita:
Espainiako Kontsumoaren Europako Zentroak garatutako gida
GOZATU BERME GUZTIEKIN!