LUFTHANSAK EDERTO ERANTZUN DU EKA/ACUV-EKO LANKIDE BATEK PAIRATU DUEN KANTZELAZIO BATEAN
Kantzelazioa, atzerapena, bagajea galtzea… Aireko garraioan ezbehar bat gertatzen denean, airelineek kaltetutako bidaiariei ematen dieten arreta, orokorrean, nahiko eskasa da. Hainbatetan ez diete bidaiariei dagozkien kalte-ordainei buruzko informaziorik ematen, indemnizazio horiek saihesten edo murrizten saiatzen dira benetakoak ez diren indarrezko arrazoiak argudiatuz, ez dute ostaturik ematen hori egin behar duten kasuetan (kantzelazioetan), ez diete kexei erantzuten, gutxienez lehenik, ez dira epaitegietan azaltzen demandatuak izaten direnean…
Baina ez da beti horrela izaten, zorionez. Noizean behin, ondoren azaltzen dugun kasuan bezala, airelineak ezin hobeki, behar baino hobeto, betetzen ditu bere betebeharrak, eta merezitakoa da hori aitortzea eta zoriontzea ere bai. Lufthansa airelinea alemaniarraz ari gara oraingo honetan.
Joan den abenduaren 5ean, Maider Alberdi, EKA/ACUV-eko abokatua, eta bere bikotekidea Bilboko aireportuan ontziratu ziren Vienara hegan egiteko Frankfurten geldialdia eginez. Lehen tartea gertakaririk gabe igaro zen, baina Frankfurt-Viena hegaldia, gaueko azken orduan, bertan behera utzi zen hegazkineko langileek ez zutelako legezko atsedena egin, konpainiak bidaiariei azaldu zienaren arabera. “Hura enbarazua”, gogoratzen du Maiderrek, “baina aitortu behar dut ohi ez bezalako arreta eman zigutela. Bizkor atera gintuzten hegazkinetik, hamabost salmahai gutxienez jarri zituzten aireportuan gure esanetara, hotel hurbil batean ostatu-gaua tramitatu ziguten, bertara joateko eta goizean aireportura itzultzeko taxiak ordaindu zizkiguten, gosaria ere bai… eta Vienarako lehen hegaldian sartu gintuzten, goizeko zazpietan”.
Donostiara itzulita, han bizi eta bertoko EKA/ACUV-eko bulegoan lan egiten baitu, Maiderrek email bat bidali zion Lufthansari indarrezko arrazoirik gabeko kantzelazioetan (hura izan zen kasua) konpainiak eman behar duen “kalte-ordain automatikoa” eskatzeko: 250 euro 1.500 kilometro arteko hegaldietan, 400 euro 1.500-3.500 kilometro bitarteko hegaldietan, 600 euro 3.500 kilometrotik gorako hegaldietan, Aireko Nabigazioko Europako Araudiak zehazten duenaren arabera.
Hurrengo egunean, Lufthansak telefonoz deitu zion gure lankideari barkamena eskatzeko, “benetan eskertzekoa den oso tonu atseginean”, eta kalte-ordaina emateko banku-kontu bat ere eskatzeko. Maiderrek 500 euro jasotzea espero zuen, 250 bidaiari bakoitzeko (bera eta bere bikotekidea), kantzelatutako hegaldia, Frankfurt-Viena, 1.500 kilometro baino laburragoa delako. Baina… Lufthansak 800 euroko sarrera egin zion (400 euro bidaiari bakoitzeko), lerro zuzeneko 1.591 kilometrok bananduta dauden Bilbo eta Viena arteko bidaia osoa kantzelatua izan balitz bezala.