Telefonia eta Internet kontratatzeari buruzko aholkuak
kontsumoBIDE aldizkariaren 26.ean argitaratutako erreportaia
Telefonia- eta Internet-zerbitzuak modu erosoan kontratatu daitezke konpainiaren merkataritza-establezimenduetan, haren webgunearen bitartez edota telefonoz. Hala eta guztiz ere, arreta handiz aztertu behar dituzu egiten dizkizuten eskaintzak, eta pausoa eman aurretik kontratazio baldintzak ondo berrikusi behar dituzu.
Kontsumobideren 2015eko Memorian bildutako datuen arabera, telekomunikazio-sektorea erreklamazio gehien jasotzen dituen sektorea da. Kontsumo-bulegoen bitartez (Kontsumobide, Kontsumitzaile Elkarteak eta KIUB) izapidetu diren 21.221 erreklamazioetatik, %37,28 sektore horretara bideratu dira. Kontsumitzaileek erreklamatzeko adierazten dituzten arrazoien artean, fakturazioa eta kontratuaren/ eskaintzaren ez-betetzea nabarmentzen dira.
Sor daitezkeen arazoak prebenitzeko modu erraz bat eskainitako zerbitzuen baldintzak arreta handiz balioestea da, batez ere telefonokonpainia batek helburu komertziala duen dei bat egiten duenean. Hainbat kasutan kontsumitzailea bera da konpainiarekin harremanetan jartzen dena, eskaintzei buruzko informazioa eskuratu ondoren (Interneten, publizitatearen eta abarren bitartez).
Konpainiak aurrez abisatu gabe dei egiten badizu, edozein eskaintza onartu baino lehen lasai balioetsi behar duzu. Gogoan izan: eskaintza onartzen baduzu kontratua idatzita edo edozein euskarri iraunkorretan (faxa, e-maila edo SMS) bidali behar dizute. Gainera, zure adostasuna idatzita (papera, e-maila, faxa edo SMS) bidali ondoren bakarrik izango da loteslea kontratu hori.
Erreklamatu behar dituzun gastuak
Inolako zerbitzurik egin ez badizute ere, hainbat konpainiak “kudeaketa-gastuak” deitutakoak kobratzen dituzte kontratazio bat egiten duzunean eta kontratuan atzera egitea erabakitzen duzunean. Kasu horretan ez dizute ezer kobratu behar, eta kopuru hori erreklama dezakezu.
Baja hartzen duzunean, zerbitzua bertan behera uzten den eguneraino fakturatutako zenbatekoa bakarrik kobratu behar dizute, eta inoiz ere ez hilabete osoa. Hala egin badute, erreklamatu egin behar duzu.
Eskatu duzun zerbitzuetakoren batean ez badizute alta eman, kontratuaren ez-betetzeagatik atzera egin dezakezu. Atzera egiten baduzu eta konpainiak, adibidez, telefono finkoaren instalazio-gastuak kobratzen badizkizu edo iraunkortasuna ez betetzeagatik penalizazio bat ezartzen badizu, erreklamatu egin behar duzu.
Konpainiek egindako tarifa-aldaketa
Telefono-konpainiek beren tarifak alda ditzakete (telefonia finkoa, mugikorra eta Internet), baldin eta hilabeteko aurrerapenarekin abisatzen badute. Kasu horretan, konpainiatik joatea erabakitzen baduzu, kontratuan atzera egiteko eskubidea duzu, eta iraunkortasuna baldin baduzu ere ez dizute penalizaziorik kobratu behar. Eskubide horrek ez ditu barnean hartzen finantzatutako terminalak ezta lapurreta edo hausturagatiko babes-aseguruak ere. Azken kasu horretan, kontratua suntsiaraztea erabakitzen baduzu, geratzen diren epeak kobratu ahal izango dizkizute.
Helbidez aldatzea
Helbide berrian ez badaukazu nahikoa estaldura edota aurreko helbidean zeneukan linearen lekualdaketa ezin bada egin, baliteke zure konpainiak beste telefono-zenbaki batekin kontratu berri bat eskaintzea. Ez bazaizu interesatzen eta baja ematea erabakitzen baduzu, kontratuaren ez-betetzeagatiko penalizazioa kobratu ahal izango dizute, betiere iraunkortasuna baldin badaukazu.
Kontratazio bat ezereztea
Kontratatu ondoren damutzen bazara, 14 egutegi-egun dituzu ezerezteko, betiere zerbitzua ez bada hasi. Kontratua sinatu duzun unetik zenbatu behar dituzu egunak. Kontuan izan denbora gutxi duzula atzera egiteko.
Zerbitzua kontratatuta daukazula denbora daramazunean, baja hartu dezakezu edozein unetan, iraunkortasun-kontratua baldin badaukazu ere. Kasu horretan, kontuan izan behar duzu operadoreak penalizazio bat eskatu ahal izango dizula konpromisoa ez betetzeagatik. Kontratazio bat egin aurretik penalizazioaren zenbatekoa jakitea komeni da.
Aholkuak
-Jaso ezazu, aldez aurretik, kontratatuko duzun zerbitzuaren ezaugarriei buruzko informazioa.
-Har ezazu behar duzun denbora guztia pentsatzeko, eta telefonoz dei egin badizute eskatu baldintzak idatzita bidaltzeko.
-Gorde ezazu beti kontratatu duzun zerbitzuaren publizitatea eta hari lotutako dokumentazio guztia: fakturak, kontratua eta operadorearekin izan dituzun mezuak.
-Kontratazioaren ondoren, konpainiak kontratuaren kopia bat bidali behar dizu kontratuaren baldintzekin. Ez baduzu jasotzen, exijitu eta gorde ezazu.
-Eramangarritasun bat egiterakoan, egiazta ezazu zure egungo konpainian iraunkortasuna ote daukazun.
-Gogoan izan eskubidea duzula eramangarritasuna lanegun bateko epean egin dezaten.