ADI DIRU-ZORROARI!

2018ko Gabonetan gure bazkidea diru-zorroa lapurtu eta iruzur baten biktima izan zen.

Gertaerak merkataritza gune handi bateko supermerkatuan gertatu ziren. Poliziak komisarian informatu zion bezala, gabon garaia aprobetxatuz halako toki jendetsuetan aritzen zen banda organizatu baten biktima izan zen.

Antza denez, ados jarritako pertsona bat baino gehiagok hartzen dute parte. Bat supermerkatuko ilaran zure atzean jartzen da zure kreditu txartelaren klabea jakiteko asmoz, batzuetan telefono mugikorrarekin datafonoan klabea nola zakatzen duzun grabatzen duelarik; eta bitartean beste bat aparkalekuan egoten da itxaroten.

Behin klabea jakinda, bere kideari biktimaren deskribapena bidaltzen dio (arropak, fisionomia, identifikagarria izan daitekeen beste edozein detaile). Azken hau biktimari hurbiltzen zaio, karroa bere tokian uzten duen bitartean adibidez, eta oharkabean, edozein galdera egin eta ostean, diru-zorroa ostu egiten dio barruan dituen txartel guztiekin.

Gure bazkidea diru-zorroa ez zeukala konturatu zenerako, 2000€ko gastua egina zuten dagoeneko lapurrek ordu bete eskaseko tartean, izan ere euren artean txartelak banatu eta denda eta merkataritza gune ezberdinetan egiten dituzte erosketak.

Gure bazkideak erreklamazio ezberdinak aurkeztu zituen banketxe ezberdinen Bezeroen Arreta Zerbitzuetan baina diruaren itzulpena ukatu zioten denek erosketak bere PINa erabiliz egin zirela argudiatuz.

Finantza entitateen erantzunekin bat ez eginik, txartelen klabeei dagokienez jarraitu beharreko segurtasun neurriak jarraitu baitzituen, gure elkartearekin kontaktuan jarri eta erreklamatzen jarraitu genuen Espainiako Bankuko Merkatu Jokabide eta Erreklamazio Sailaren aurrean.

Hilabete batzuen ondoren, gure bazkideak Espainiako Bankuaren erantzuna jaso zuen: finantza entitateek bere erreklamazioa onartzen zuten eta, 150 euroko frankizia bat kenduta, erreklamatutako diru kantitateak itzuli zizkioten.

Gaur egun ohikoak dira gure bazkideak jasan zituen bezalako lapurreta eta iruzur kasu hauek, horrexegatik EKA/ACUVetik gure txartelen klabe ezkutuekin arreta handiz ibiltzea gomendatzen dizuegu: txartel ezberdinetarako klabe ezberdinak erabiltzea, jaiotze data edota antzeko datu errazak klabe modura ez erabiltzea, klabeak ez eramatea inon idatzita eta edozein dendako datafonoan zein kutxazain automatikoan klabea idazterakoan ondo ezkutatu edo babestea.

Utzi iruzkina