ALARMA EGOERA ETA EPEAK
ZER GERTATZEN DA “EPE”ekin ALARMA EGOERAN?
COVID-19ak eragindako alarma egoera honetan, kontsumitzaileen eskubideekin erlazionatutako tramite askotarako legez ezarritako epeak era orokorrean aldatu edota eten egin dira.
EPE PROZESALAK: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) Batzorde Iraunkorrak programatuta zeuden egintza judizial guztien etenaldia edota atzerapena erabaki du Espainiako nazio osoan alarma egoerak indarrean jarraitzen duen bitartean. Justizi Administrazioko oinarrizko zerbitzuak baino ez dira mantendu BJKN, Justizia Ministerioak eta Estatuko Fiskaltza Nagusiak ezarritako egintza judizial konkretu batzuetarako.
Era horretara, epe prozesal eta administratibo guztiak eten egin dira, baita edozein akzio egikaritzeko preskripzio eta iraungitze epe legalak ere.
PRODUKTUEN ITZULPENAK: Kontsumo Ministerioak ezarri duen legez, alarma egoera bitartean edozein erara erositako produktuak itzultzeko epeak eten egin dira, bai dendan fisikoki zein internet bidezko erosketetan; eta epeak berriz hasiko dira zenbatzen (14 egunekoa distantziara egindako erosketetan) behin alarma egoera bukatu bezain laster.
Kontutan izan behar dugu fisikoki dendan egindako erosketetan saltzaileak ez duela produktuen aldaketa edota itzulpenik onartzeko betebeharrik kontsumitzaileak bere iritzi edo ustea aldatzeagatik. Politika komertzialaren bitartez saltoki bakoitzak aldaketa edo itzulpenetarako baldintzak ezarri ahal ditu eta alarma egoerak ez du hau aldatzen; hau da, epeak eten egingo dira saltokiak produktu aldaketa edota itzulpenak onartzen baldin baditu bere salmenta politikaren baitan.
MERKATARITZA ELEKTRONIKOA: Kontsumo Ministerioak aldatu egin du, baita ere, internet bidez erositako produktuak entregatzeko epea. Epe hau ezin izango da 30 egun baino luzeagoa izan kontratua ospatu zenetik, alderdiek epe ezberdin bat adostu ezean.
30 eguneko epe hori betetzen ez bada, kontsumitzaileak kontratuan atzera egin eta ordaindutako dirua berreskuratu ahal izango du inolako atzerapenik gabe.
BESTE EPE BATZUK: Errege – dekretuak epe mota guztiekin zer gertatzen den argitzen ez duen arren, bizitzen ari garen alarma egoeragatik egikaritu ezin ditugun gainerako eskubide guztiak ere etenda geratu direla interpretatzen dugu.
Hala ere, etorkizunera begira arazoak ekiditeko, EKA/ACUVetik gomendatzen dizuegu produktu edo zerbitzuarekin izan dezakezuen edozein arazo saltokiari idatziz lehen baino lehen jakinaraztea arazoa era frogagarrian jasota gera dadin (korreo elektronikoz adibidez).