BERMEAK
Berme eskubideak egikaritzeko erreklamazio bat jarri beharrean ikusten garenean, kontsumitzailea bai saltzaileari edota fabrikatzaileari zuzendu daiteke.
Horretarako legeak 2 urteko berme epe orokorra ezartzen du:
- Produktuaren akatsa produktua erosi eta lehenengo 6 hilabeteetan agertzen bada, jatorriko akatsa dela ulertzen da eta, beraz, kontsumitzaileak ez du ezer frogatu behar izango bermea era egokian aplikatzeko.
- Akatsa edo arazoa lehenengo sei hilabeteak pasatu ondoren agertzen bada, ekoizle edo saltzaileak kontsumitzaileari akatsa jatorrian existitzen zela frogatzea eska diezaioke. Bermea egikaritzea zaila bihur daiteke kasu honetan kontsumitzailearentzat frogak edota adituen txosten bat behar izango dituelako arazoa konpontzeko.
Zertan datza berme eskubidea?
Teorian berme eskubidearen zenbaterainokoa argia da: fabrikazio akatsengandik, produktuak izan ditzakeen arazo goiztiarrengandik eta hitzemandako ezaugarrienganako desdoitzeengandik babesten gaitu bermeak; eta saltzailea akats horiek zuzendu edo konpontzera derrigortzen du, kontsumitzaileari inolako gastu edo molestiarik eragin gabe. Baina praktikan, gauzak ez dira horrela izaten eta batzuetan Kontsumitzaileen Elkarte edota Kontsumoko Udal Bulegoetara gerturatu beharko gara erreklamazio bidea zabaltzeko.
Zein eskubide erreklamatu genezake?
Berme epearen barnean produktuak akatsik agertuko balu, eskubide ezberdinak ditugu:
– Produktuaren konponketa.
– Produktuaren aldaketa beste produktu berri batengatik (bigarren eskukoak ez dira aldatzen).
– Prezioaren beherapena.
– Kontratua ezeztatzea.
Printzipioz, kontsumitzaileak produktuaren konponketa edo aldaketaren artean aukeratzeko ahalmena du, baina saltzaileak aukera hori neurrigabea dela baderitzo, berak izango du bestea proposatzeko aukera.
Produktuaren aldaketa posible izango ez balitz edo hori lortzeko epea luzeegia balitz, prezioaren beherapena edota kontratuaren ezeztapena eskatu ahal izango ditugu.
Nolanahi ere:
– Bai konponketa zein aldaketa dohainekoak izango dira kontsumitzailearentzat.
– Konponketa edo aldaketa gauzatzen diren heinean, hau da, kontsumitzailea produkturik gabe dagoen bitartean, bermearen epea eten egiten da.
– Bai konpondua izan den produktuak eta bai aldatua izan denak 6 hilabeteko bermea izango du gutxienez, nahiz eta jatorrizko bermea bukatzeko denbora gutxiago falta izan.
Aholkuak:
- Produktu bat erostean, ondo irakurri berme-dokumentua. Existituko ez balitz (berme komertzialen kasuan bakarrik dira derrigorrezkoak eta), legea aplikatuko da.
- Batzuetan fabrikatzaileek edo saltzaileek ere berme komertzial gehigarriak eskaintzen dituzte. Berme komertzial hauek gehigarriak dira eta saltzailearen bermea osatu ahal dute, baina inoiz ez ordezkatu.
- Erosketari buruzko dokumentuak gorde (ticket edo faktura). Hauek erosketaren froga dira eta beraien data bermearen hasiera izaten da.
- Legeak konpontzen dagoen edo ordezkatutako produktuaren ziurtagiri bat ematera derrigortzen du, eta horrek kontsumitzaileen eskubideak areagotzen ditu.
- Posible den heinean, produktu edo diruaren itzulpena onartzen duten saltokietan erosi.
- Saltokiak itxi egin badu, produktuaren ekoizle edo fabrikatzaileari zuzendu.