EKA/ACUV-eko bazkide batek bere etxean betikotzen ari zen obra bat amaitzea lortu du Kontsumoko Arbitrajean
Produktuak erosterakoan eta zerbitzuak kontratatzerakoan Kontsumoko Arbitraje Sisteman atxikita dauden dendetan eta enpresekin egitea aholkatzen du beti EKA/ACUV-ek. Kontsumitzaileen eta saltoki-enpresen arteko gatazkak konpontzeko bide publikoa da Arbitrajea, doakoa, azkarra eta eraginkorra; bere ebazpenak betebeharrekoak dira, epai judizialak bezala.
Bilboko Alde Zaharrean bizi den EKA/ACUV-eko A.I.V. bazkideak jaramon egin zigun bere etxeko sukaldean eta komunean obra handi bat egiteko Kontsumoko Arbitraje Sisteman atxikita dagoen enpresa batekin kontratua egitean, Reformas Integrales Bitxak enpresarekin zehazki. A.I.V., halere, ez dago harekin batere pozik, etxeko obra hilabete luzeetako “amesgaizto bat” bilakatu bait zitzaion; baina, gauzak horrela, bai poztu dela behintzat enpresa hori Arbitrajean egoteaz, horrek gure bazkideari konponbide pozgarria eta nahiko azkarra ahalbidetu diolako, aribitrajerako eskaera eskatu zuenetik “amesgaiztoa” amaitu zen arte hilabete t’erdi baino ez baita pasa.
Joan den urtarrilaren 12an A.I.V.-k Kontsumoko Arbitraje bat eskatu zuen aipatu enpresaren aurka “aurrekontua zein epea ez betetzeagatik” adostutako obran, “nire bizitza eta nire umeena infernua bihurtuz”. Egin beharreko lanaren zehaztasunak azalduz eta enpresari aitzakia eta gezurren bitartez obra betikotzea leporatuz, EKA/ACUV-eko bazkideak eskatu zuen: “adostutakoa bete dezala eta itzuri egiteari utz diezaiola: sukaldeko leihoa jar dezala; komuneko atea jar dezala; ormak luzitu ditzala; galdaratik termostatora doan eta beraiek moztu duten kablea birjarri dezala; eta utzi diguten itoginak patioko argi-zuloan eragindako hezetasun-orbana pintatu dezala”.
Bere buruaren defentsan, Reformas Integrales Bitxak-ek bezeroa eta kontrataren arteko gaizki-ulertuak argudiatu zituen, etxeko jabeak adostutakotik “partida” batzuk kendu zituela, lan batzuk, beste enpresa batekin egin zituela, eta horrek guztiak obraren amaiera oztopatu eta atzeratu egin zuela. Baita ere patioko argi-zuloarena ez zegokiola etxe hartako obrari baizik eta komunitateari, eta konponketa hori zegoeneko bidean zeukala Surbisa entitate publikoarekin.
Otsailaren 9an Arbitrajeko epaileak etxera joan ziren egoera aztertzera. Haien iritziarekin, erreklamatzailearen aldekoak zirenak erabat, otsailaren 16an Arbitrajeko entzunaldia burutu zen eta alde bien arteko akordio batekin amaitu zen: 15 egunetako epean eta gure bazkideak ezer ordaindu behar gabe, enpresak A.I.V.-k eskatutako lanak egiteko konpromisua hartu zuen, bosgarrena (argi-zuloarena) salbu, komunitatearekiko beharra zela eta.