Entzumen-arazoak dituzten 30 eta 40 urteren arteko pertsonen kopurua gero eta handiagoa da entzungailuak gehiegi erabiltzeagatik

Gero eta zaratatsuagoak diren gizarteetan bizi gara eta honen ondorioz gero eta gehiago dira entzumen-arazoak azaltzen dituzten pertsonak. Baita gero eta gazteagoak ere. Orain dela hamabost, hogei urte, otorrinolaringoloarengana hurbiltzen ziren pertsona gehienek 60 urte baino gehiago zuten. Azken urte hauetan entzumen-arazoak azaltzen dituzten 30 eta 40 urte artekoen kopurua gero eta handiagoa da, eta adituek uste dute telefono mugikor, MP3 eta antzekoen entzungailuen gehiegizko erabilerak zerikusi handia duela horrekin.

Gizakion belarrirako arruntak diren eta kalterik sortzen ez duten soinuak 40 eta 60 dezibelioen artean kokatzen dira. Belarrietan bertan jartzen diren entzungailu gehienak 120 dezibelio emateko gai dira, motozikleta, rok kontzertu, diskoteka baten barrukaldea edo zulagailu industrial batek sor dezakeen bolumena… 120 dezibelio dira bi edo hiru pertsonen arteko hizketaldi batek sor dezakeena baino bi aldiz gehiago. Aipatutako hizketaldia 50-60 dezibelioen artean kokatzen da. 115-120 dezibelioak gizakion belarriak jasan dezakenaren mugan aurkitzen dira. Gizakion belarriak ez luke zarata maila hori egunean 30 segunduz baino gehiago jasan beharko.

Baina 85 dezibeliotik gora esposizioa etengabekoa edo luzeegia bada, kalteak konponezinak izan daitezke. Eta asko dira gazteak (eta ez hain gazteak) euren entzungailuak bolumen horretan entzuten dituztenak. Bi ordu egunero 80-85 dezibelioetara epe ertain edo luzera garesti ordain daiteke. Ikerketa batzuk egiaztatu dute belarrietako entzungailuak sei hilabetetan zehar zortzi orduz egunero (badaude marka horietara heltzen direnak) bolumen horietan erabiltzea etengabeko gortasuna eragin dezakela, betirako.

Bolumenaz gain, kontutan hartu behar da entzungailuak belarriaren barruan aurkitzen direla, uhinek ez dutela ihesbiderik eta soinuak zuzenean jotzen duela tinpanoaren kontra, beraz, pixkanaka, belarri erdiko zein barruko zelulak mina pairatzen dute. Prozesu hau geldoa denez eta normalean mina sortzen ez duenez, ba ez gara konturatzen. Badaude síntoma batzuk, zerbait txarto doalaren seinale direnak. Hauek dira: telebistaren edo irratiaren bolumena beste pertsonentzat ohikoa dena baino altuago ezartzea, beste pertsonei altuago hitz egitea eskatzea, beste pertsonei belarrira eta altuegi hitz egitea…

Argi ibili belarriarekin beraz!

Utzi iruzkina