EROSI DUDAN ETXETRESNA ELEKTRIKOA EZ DA ESPERO NUENA. ZER BERME ETA ESKUBIDE DITUT?
Zeintzuk dira produktu bat erostean ditugun berme-epeak? Nork du egitateak frogatzeko betebeharra? Nola aplikatzen zaie bermea bigarren eskuko produktuei edo erosketa digitalei? Irakurri jarraian gai hauei eta beste batzuei buruz dituzun zalantzak argitzeko.
Badakigu 2022ko urtarrilaren 1ean nobedade garrantzitsuak sartu zirela produktuen berme legalari dagokionez, kontratatutako zerbitzu eta baliabide digitalen arloan. Legearen berritasun nagusietako bat izan zen, zalantzarik gabe, 2022ko urtarrilaren 1etik erosketen berme legala 2 urtetik 3 urtera luzatu izana (2 urte gailu eta aplikazioen kasuan). Era berean, bigarren eskuko produktuek edo saltoki batean berregokitu eta erositakoek hiru urteko bermea dute, salbu eta establezimenduarekin epe laburragoa idatziz ituntzen bada; epe hori ezin da inola ere urtebetetik beherakoa izan.
Epe horiek kontsumitzaile batek enpresari bati erositako produktuei dagozkie, ez dira ordea aplikatzen partikularren artean suertatutako erosketetan (kasu horietan, erreklamazioak kode zibilaren arabera arautzen dira). Hona hemen iaz onartutako legearen atal nagusiak
Bermeek kontsumo modu berrietara egokitzea eskatzen zuen egoerak, eta horrek esan nahi zuen, besteak beste, elementu digitalak (telebista edo erloju inteligente bat, bozgorailu digitalak, garbiketa-robot bat, eta abar) dituzten ondasunei nola eragingo zien definitzea, funtzionatzeko darabilten zerbitzu digitalen aldetik, eta, era berean, programen edo softwarearen baldintzak arautzea (tabletak, multimedia artxiboak, bideojokoak, programa informatikoak edo erositako bestelako aplikazioak).
Konpontzea, ordezkatzea edo prezioaren beherapena
Ondasuna azaldutako deskribapen eta ezaugarriekin bat ez datorrela frogatzen bada, hura ordeztea aukeratu ahalko dugu, edo bestela zuzenean konpontzea, arazoren bat hautemanez gero. Aukera hori erosleari dagokio eta bi aldeak lotzen ditu, salbu eta konponketaren kasuan frogatzen bada ezinezkoa dela enpresarentzat neurriz kanpoko kostuak izateagatik. Hala ere, bezeroak artikulu hori gelditzea erabaki dezake, erabat asebetetzen ez badu ere, eta orduan saltokiarekin akordio batera iristen saiatu, prezioa murriztu diezaioten.
Demagun erositako zukugailu elektriko batean zuku-errotak ez dituela betetzen jarraibideetan zehaztutako kalitate eta prestazioak. Horri gehitzen badiogu – kasu hauetan gertatu ohi den bezala – erabiltzaileak saltzaileari ohartarazi ziola erabilera jakin baterako behar zuela, eta hark ez ziola eragozpenik jarri, bezeroak diruaren parte bat itzultzeko eska lezake.
Horregatik, begi-bistakoa dirudien arren, erosketa-prozesuan mantendutako hartu-eman eta komunikazio guztiak gorde behar dira, araudiak zehazten dituen jarraibideekin bat datozen konponbide egokiak eskaintzen ez dizkizuten kasuetarako.
Adostasunik ezean, saltzaileari jakinarazi beharko zaio bi hilabeteko epean, produktua erosi edo jaso denetik zenbatzen hasita. Zerbait akastuna bueltan hartzen digutenean, justifikatutako idatzi bat egin beharko digute, entregatze-data eta desadostasunaren arrazoia adieraziz. Konponketa eta ordezkapena doakoak dira (bidalketa-gastuak, eskulana eta materialak barne), eta arrazoizko epean izapidetuko dira, eroslearentzat eragozpen handirik gabe, hori guztia jakina produktuaren ezaugarrien arabera.
Konpondutako produktua ematen digutenean, saltzaileak hurrengo sei hilabeteetan izan ditzakeen akatsen aurrean erantzuten jarraituko du. Eta hauxe kontutan izanik, hitzartutakoarekin bat ez badator ere, ez gaude berez behartuta saltzaileak komenigarritzat jotzen dituen alferrikako hainbeste konponketa jasatera; oraindik ere, ordeztea, prezioa jaistea eta are gehiago, kontratuaren ebazpena aukera genitzake. Prezioaren beherapenak, hala dagokionean, produktu berriaren (egoera onean dagoena) eta produktua entregatu zen une eta benetako baldintzetan zuenaren arteko aldearen proportzioa izan beharko du.
Produktu berrien kasuan ez ezik, bigarren eskukoen bermeak ez du aurreikusten ordezteko aukera, horrek akatsen bat badu edo erosketa horrekin ados ez bagaude. Bai onartzen direla konponketa, prezio jaitsiera edo, beste behin ere, kontratua ebazteko aukera (produktua itzultzea).
Zaharkitze programatuaren aurkako etengabeko borrokak segitzen du
Europako Parlamentuak lege-proiektu bat onartu zuen joan den ostegunean, artikuluak jasangarriagoak eta iraunkorragoak izan daitezen. Horrekin, baztertu egiten da bizitza erabilgarria murrizten duten edo behar baino lehenago gaizki funtzionatzen duten ezaugarriekin diseinatzeko premisa. Gainera, eurodiputatuek debekatu nahi dute fabrikatzaileek produktu baten funtzionamendua mugatzea beste enpresa batzuek egindako kontsumigarriekin, ordezko piezekin edo osagarriekin (hala nola kargagailuak edo tinta-kartutxoak) erabiltzen direnean.
Produktu iraunkorragoak eta konpongarriagoak erosten ahalbidetzeko, kontsumitzaileek lehenik eta behin jakin behar dute konpon daitezkeen ala ez eta nola bideratu. Halaber, aukera eta kostuei buruzko informazio argia jaso beharko dute.
Bermeari dagokionez, Euroganberak etiketa berri bat eranstea proposatzen du. Bertan, nahitaezko legezko bermearen iraupena adierazteaz gain, fabrikatzaileek eskainitako balizko luzapeenena ere adieraziko litzateke. Gauzak horrela, kalitatezko produktuak nabarmenduko lirateke, eta pizgarria izango litzateke enpresentzat iraunkortasuna eskaintzeko orduan.