HEGALDIA KANTZELATZEAGATIK KALTEORDAINA; “KALTE MORALETIK” LIBRATZEA BIDAIARIAK HURA EZ FROGATZEAGATIK

Erreklamazioa egiteak merezi du beti ere arrazoia alde badugu eta hori frogatzerik ere bai. Premisa biak funtsezkoak dira. Jarraian azaltzen dugun epaiak Paris-Madril hegaldi bat justifikatu gabe kantzelatzeagatik bidaiari bati txartelaren prezioaren itzulpena eta “kalteordain automatikoa” ematera zigortu zuen Vueling, baina auzijartzaleak erreklamatzen zituen “kalte moralak” ordaintzetik salbuetsi zuen airelinea bidaiariak epaiketan ez baitzituen kalte horiek behar bezala frogatu.

2016ko uztailaren 1ean, Pariseko Charles de Gaulle aireportutik Madrileko Barajasera abiatu behar zen hegaldia aireratzerako ordu bat eta hogei minutu falta zirelarik, bidaiari batek aire-konpainiaren mezu bat jaso zuen non hegaldia bertan behera gelditzen zela komunikatzen zitzaion, kantzelazioaren arrazoia azaldu gabe eta Bezeroei Erantzuteko Zerbitzura deitzeko edo beste hegaldi bat hautatzeko konpainiaren weborrian begiratzeko esanaz. Gizona zur eta lur gelditzen da webgunean sartu eta Vuelingek eskaintzen dion hurrengo hegaldia handik hiru egunetarakoa dela ikustean. Berak hurrengo egunean ezkontza batean egon behar du. Hortaz, egun berean Pariseko beste aireportu batetik Madrilera ere aterako den beste konpainia bateko hegaldirako txartela erosten du.

Handik denbora batera (erreklamazioa aurkezteko bi urteko epea izaten da), salaketa jarri zuen Vitoria-Gasteizko Merkataritza-Arloko 1. zenbakiko Epaitegian. Eskaera: bertan behera gelditu zen hegaldiagatik ordaindu zituen 242 euroen itzulpena, justifikatu gabeko kantzelazioagatik 1.500 kilometro arteko hegaldietarako ezarritako 250 euroko “kalteordain automatikoa” gehi 1.805 euro “kalte moralen” ordain gisa.

Airelineak lehenengo biak (txartelaren prezioa eta kalteordain automatikoa, guztira 492 euro) ordaintzea onartu zuen; ez ordea “kalte morala”, erreklamatzaileak hura frogatu ez zuelakoan. Eta epaileak arrazoia eman zion, bidaiaria garaiz heldu zelako ezkontzara eta kantzelazioak eragin omen zizkion kalte ekonomikoak edo moralak froga litzaketeen agiri edo testigantzarik ez zuelako epaiketan aurkeztu. Beraz, 2017ko martxoaren 13an emandako epaiak 492 euro gehi pilatutako legezko interesak bidaiariari ordaintzea agindu zion airelineari.

Utzi iruzkina