IBILGAILUEN KONPONKETAREN BERMEARI BURUZKO KONTSULTA

Bidaia batean, autoa gelditu egin zitzaidan autobidean, Santanderren. Nire markak hiri horretan duen garaje ofizialera eraman nuen eta balbula bat aldatu zioten. 600 euro ordaindu eta jarraitu egin nuen bidean. Duela hilabete, gauza bera gertatu zitzaidan Madrilen (han bizi naiz). Berriz ere kontzesionario ofizialera eraman nuen autoa, eta esan zidaten Santanderren aldatu zidaten piezak akatsen bat zeukala eta berria eskatu behar zela, baina lasai egoteko, nik ez nuela deus ere ordaindu beharko. Baina, handik gutxira, adierazi zidaten ez zutela aurkitzen bermea zekarren agiria, eta ordaindu egin beharko nituela gastu guztiak. Zer egin dezaket?

Aurkeztu ezazu erreklamazio bat, arrazoia eta legea alde dituzulako. Pieza akastuna doan aldatu behar dizute. Egiten ez badute, eska ezazu laguntza kontsumitzaile elkarteren batean edo kontsumitzaileari erantzuteko bulego publiko batean. Ibilgailuak konpontzeko garajeen jarduera urtarrilaren 10eko 1.457/1986 ED-ren 16. artikuluak arautzen du, eta 3 hilabeteko edo 2.000 kilometroko epea ezartzen du autoei egindako konponketentzat (gerta liteke erabilitako piezek berme luzeagoa izatea). Bermeak ezartzen duen epe edo kilometro horien barrenean matxuratu egiten bada lehen konpondu zutena, garaje bermatzaileak, edo beste batek haren izenean, konpondu egin behar du berriz, bezeroari deus ere kobratu gabe. Zuk aipatzen duzunagatik, baliteke Santanderren egindako konponketaren bermea iraungita egotea. Baina Madrilgo garajeak onartu egin badizu balbula hura akastuna zela, aldatu egin behar dizute, eta haiek hasieran esan bezala, gainera, “kosturik gabe”. Ez da onargarria bermearen agiria “galdu” izanaren argudioa erabiltzea garajeak. Erantsi iezaiozu zure erreklamazioari Santanderren egin zizuten aurrekontua eta konponketaren faktura, eta gorde ez badituzu edo eman ez badizkizute, bila itzazu lekukoak edo frogak Santanderko garajetik eta Madrilgo kontzesionariotik pasatu zarela erakusteko (telefono deiak edo mezuak, adibidez).

Testua: Consumer / Irudia: Pixabay

Utzi iruzkina