KONTSUMITZAILEEN ETA ERABILTZAILEEN DEFINIZIOA ETA OINARRIZKO ESKUBIDEAK

KONTSUMITZAILEAREN ETA ERABILTZAILEAREN DEFINIZIOA

Gure eskubideak babesten dituen legediaren arabera, honako hauek dira kontsumitzaileak eta erabiltzaileak: azken hartzaile izanik, ondasun higigarriak edo higiezinak, produktuak edo zerbitzuak erosten, erabiltzen edo baliatzen dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, edozein herrialdetakoak edo edozein herrialdetan bizi direnak, betiere hornitzailea enpresa profesional bat edo Administrazioa bera izanik, zuzenbide pribatuko erregimenean produktuak hornitzen edo zerbitzuak eskaintzen dituenean. Azken batean, honako hauek izan gaitezke:

-Kontsumitzailea, produktu bat erosten badugu (esate baterako, gosaltzeko galleta-kaxa bat erostea).

-Erabiltzailea, zerbitzu bat erabiltzen badugu (adibidez, lanera joateko autobusa hartzea).

Produkzio, merkaturatze edo zerbitzu-eskaintza prozesu batean txertatzen baldin badugu produktua edo zerbitzua, kasu horretan ez gara ez kontsumitzaile, ez erabiltzaile.

OINARRIZKO ESKUBIDEAK

Espainiar Estatuaren eremuan Kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa ditugun oinarrizko eskubideak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorrean onartuta daude: https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2007-20555. Euskal Autonomia Erkidegoan 22ko 6/2003 LEGEAn jaso dira, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuan: http://www.kontsumobide.euskadi.eus/orri-generikoa//contenidos/informacion/kb_ley6_2003_indice/eu_ley/index.shtml. Gure eskubideen babeserako, defentsarako eta sustapenerako oinarrizko esparrua osatzen du Estatutu berri horrek. Egungo ekonomia eta gizarte arloko egoerari egokitutako tresna eraginkorra da, Europar Batasuneko kontsumo-politikan, garapen teknologikoan eta merkatuen globalizazioan txertatuta dagoena. Uko egin ezinezko eskubideak dira, eta eskubide horiek aplikatzetik kanpo geratzeko helburuarekin egiten diren itun guztiak baliogabeak izango dira.

Eskubide horiek honako egoera hauetan babestuko dira lehentasunez:

-a) Erabilera edo kontsumo arrunt, ohiko eta orokorreko produktuekin edo zerbitzuekin zuzeneko lotura badute.

-b) Banaka zein talde gisa desabantaila, mendekotasun edo babesgabetasun egoeran egonik babes berezia behar duten gizataldeei eragiten dietenean.

-Osasunerako eta segurtasunerako eskubidea. Produktuak eta zerbitzuak ez dira arriskutsuak izango gure osasunerako eta segurtasunerako, ezta ingurumenerako ere, erabilerako baldintza arruntetan edo aurreikus daitezkeen baldintzetan onartuak diren arriskuak alde batera utzita. Arrisku horien berri eman behar digute aldez aurretik, argi eta garbi, eta baliabide egokien bitartez.

-Gizarte eta ekonomia arloko interesak babesteko eskubidea. Indarreko legediari jarraiki, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek honako hauetarako eskubidea dugu, arlo horiei dagokienez:

-Erosketaren faktura eman diezaguten.

-Aldez aurretik aurrekontua jasotzeko.

-Ondasun bat ematen dugunean konpontzeko edo frogatzeko, gordailua egin izanaren froga-agiria jasotzeko.

-Ondasun iraunkorrei dagokienez, berme-agiria eta jarraibideen eskuliburuak eman diezazkiguten.

-Establezimendu guztietan erreklamazio-orriak izan ditzaten.

-Prezioak eta tarifak jendaurrean eta agerian ikusgai egoteko.

-Etengabe egitekoak diren zerbitzu publikoen hornidura etetea aldez aurretik jakinaraz diezaguten.

-Legez kontrako publizitatea debekatzeko.

-Gehiegizko klausulak kontratazioko baldintza orokorretatik kentzeko.

-Ordezko piezak egongo direla edo zerbitzu tekniko egokia bermatzen ez bada, produktu horiek merkaturatzea debekatzeko.

-Hautatzeko askatasuna murrizten duten salmenta-metodoak kentzeko.

-Prezioan, pisuan edo neurrian zehaztasunik eza eragiten duten ekintzak debekatzeko.

-Babes juridikorako eta kalteen konponketarako eskubidea. Babes juridiko eraginkorra jasotzeko eskubidea dugu, ondasunak eta zerbitzuak erostean edo erabiltzean har ditzakegun kalteak konpontzeari eta kalte-galeren ordaina hartzeari dagokionez. EAEko saltoki, zerbitzu eta jarduera profesional guztiek erreklamazio-orriak izan beharko dituzte gure eskueran. Administrazio publikoek, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteekin lankidetzan, kontsumoaren gaineko gatazkak epaitegitik kanpo ebazteko sistema gisa, bitartekaritza eta arbitrajea sustatuko dituzte.

-Informazioa jasotzeko eskubidea. Informazio egiazkoa, osoa, objektiboa eta ulergarria jasotzeko eskubidea dugu, eskura jartzen dizkiguten ondasunen eta zerbitzuen ezaugarri nagusiei dagokienez; era horretan, hautaketa jakinaren gainean eta arrazoizko eran egin ahal izan dezagun, eta ondasunak eta zerbitzuak segurtasunez eta gogobetetasunez erabil ditzagun. EAEn informazio-bulegoak daude; bulego horiek titulartasun publikokoak edo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarte baten menpekoak izan daitezke. Kontsumitzailearen Europako zentroaren bitartez, kontsumoko gaietan Europako informazioa eskura dezakegu, Europar Batasunean transakzioak egitean laguntza izateko.

-Kontsumo-arloko heziketarako eta prestakuntzarako eskubidea. Eskubide horren bitartez, honako hauek egin ahal izango ditugu:

-Pertsonaren prestakuntza osoa garatzea eta kontsumo arduratsua bultzatzea.

-Gure eskubideak zein diren eta eskubideez nola baliatu jakitea.

-Ondasunak eta zerbitzuak erabiltzeak eta kontsumitzeak dakartzan arriskuen berri izatea.

-Kontsumitzeko gure jarraibideak egokitzea, baliabideak arrazoizko eran erabiltzera jotzeko, ingurumena zaintzeko eta garapen jasangarria lortzearren.

-Ordezkaritza, kontsulta eta partaidetzarako eskubidea. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak aldezteko unean ordezkaritza eskaintzeko eta parte-hartzeko bideak. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubide edo interesek eraginik izan dezaketela ikusten den arlo publiko guztietan partaidetza izango dute elkarte horiek.

-Hizkuntza-eskubideak. Honako eskubide hauek aitortzen dira:

-Ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz eta gaztelaniaz jasotzekoa.

-Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatzen diren enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan, ofizialak diren bi hizkuntzetako edozein erabiltzekoa. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen II. Tituluko VII. kapituluan jasotako eskubide horiek arian-arian ezartzea arautuko du Eusko Jaurlaritzak. http://www.kontsumobide.euskadi.eus/orri-generikoa/-/informazioa/hizkuntza-eskubideak-kontsumo/

Utzi iruzkina