Merkealdietan, modu praktikoan erosi
Duela egun batzuetatik hona ikusi ahal izan dugu establezimendu askok hasi dituztela merkealdiak eta eskaintzak, kontsumitzaile gehienek ofizialki errege-egunaren hurrengoa kontsideratu arren. Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak (EKA/ACUVk) merkealdi garaiotan iristen zaizkigun kontsulta ohikoenetako batzuei erantzuten dio jarraian.
Zein da produktu baten berme-epea?
Urtarrilaren 1etik, legezko bermea hiru urte izatera pasa da (eduki edo zerbitzu digitalen kasuan bikoa) produktu berrietan, betiere salerosketa enpresen eta profesionalen artean egiten bada, ez partikularren artean. Bigarren eskukoei ere aplikatuko zaie, salbu eta bezero eta merkatariak beheragoko beste bat hitzartzen ez badute; azken hori ezin da inoiz urtebete baino gutxiagokoa izan. Saltzailea izango da akats ororen erantzule epe horretan, eta, horretarako, tiket edo ordezkagiria eskatu ahal izango digu, erositako produktua, prezioa eta eskuratze-data frogatzeko.
Behartuta al daude saltokiak produktu baten aldaketa edo itzulketa onartzera?
Saltokiak behartuta daude produktuaren zenbatekoa itzultzera edo hura aldatzera, hala iragartzen badute. Informazio hori establezimenduan bertan aurki dezakegu, normalean ere erosketa-tiketetan. Horrexegatik interesgarria da bereganatu aurretik aukera horien berri izatea, baita merkatariak kasu bakoitzean eskaintzen dituen epeen eta produktu batzuei aplika dakizkiekeen salbuespenen berri ere (barruko arropa, festa-jantziak, film edo CDak…). Gogorarazi behar da bermeei buruzko araudiak merkataria behartzen duela produktu bat aldatzera edo konpontzera, produktu horrek arazoren bat duenean edo akastuna denean. Urrutiko erosketetarako, 14 eguneko epea izaten da erosketan atzera egiteko eta produktua itzultzeko, egiten dugun webgunean zehazten diren baldintzetan oinarrituta.
Establezimendura itzuli nahi dudan produktua merkealdietan dago. Zer prezio aplikatu behar didate itzulketari?
Exijitu daitekeen prezioa produktua erosi genueneko berdina da, ez beheratuta egon aurretik ezarritakoa.
Establezimenduak eska diezadake produktuaren jatorrizko enbalajea kaltetuta balego?
Bermeei buruzko legean ez da adierazten produktua jatorrizko enbalajean entregatzeko eska diezaguketenik; beraz, EKA/ACUVren ustez, kontsumitzailea ez litzateke behartuta egongo, baina oso gomendagarria da, segurtasun-neurri berberekin bueltatzea errespetatuz.
Establezimenduak produktua itzultzea onartzen du, baina ez dirutan, baizik eta bale batekin, dagokion zenbatekoarekin. Eska diezadakete epe bat hura erabiltzeko?
Kasu batzuetan, establezimenduak aldaketak eta itzulketak onartzen ditu, bale moduan egingo direla azalduz, epe eta baldintza jakin batzuetan beste produktu batekin trukatzeko. Garrantzitsua da aukera horri buruzko informazioa ematea erosketa gauzatu aurretik. Hala ere, aprobetxatzeko eperik zehazten ez bada, kontsumitzaileak onuragarria dela ulertu dezake denbora-mugarik gabe.
Gogoratu kreditu-txartel, zordunketa-txartel edo Paypal gisako beste bitarteko batzuekin egiten diren ordainketak kontrolatu behar dituzula. Arrazoizko gastu-muga bat ezarri eta horri eutsi; izan ere, txartelarekin ordainduta, ez gara hainbeste jabetzen eskudirutan egiten dugunean alderatuta. Komeni da jakitea merkealdian saltokiak uko egin diezaiekeela txartel bidezko ordainketei, nahiz eta, kasu hauetan, modu ikusgarrian ohartarazi behar duten. Bide batez, tentuz ibili behar da online erosketekin: transferentzia eta banku-kontuari lotutako txartel bidezko ordainketa batzuk arriskutsuak dira, sarean iruzur webgune asko baitaude.
Horrez gain, funtsezkoa da etiketen prezio bikoitzari ondo begiratzea. Karteletan iragartzen diren deskontu-ehuneko handiak ez zaizkie beti establezimenduko produktu guztiei aplikatzen. Erreparatu benetan interesatzen zaizunaren etiketari; jatorrizko prezioa eta beherapena edo aplikatutako deskontu-portzentajea adierazi beharko dira.
Alderdi horietarako guztietarako, inportantea da erosketa-tiketa gorde izana, merkatariak eskatuko baitigu, bai aldaketak egiten direnean, bai egin nahi ditugun itzulketak bideratzeko ere.
Sor daitekeen edozein arazoren aurrean, erreklamazio-orriak eskatu behar ditugu, establezimendu orok bezeroaren eskura eduki behar dituenak. Gogoan izan, halaber, zenbait saltoki arbitrajeari atxikita daudela, gatazkak judizioz kanpo, doan eta azkar konpontzeko bidea (sarreran edo mostradoreetan eranskailu laranja batekin identifikatzen dira).
Edozein kontsulta edo erreklamazio egiteko, EKA/ACUVrekin jar zaitezke harremanetan, 944 15 00 50 telefonora deituta edo reclamaciones@eka.org mailera idatzita.
BAIEZKOA, prezio-beherapenei. EZEZKOA, kalitateari, ez eta kontsumitzaileen eskubideei ere.