Trantsizio Energetikoa: klimatik haratagoko erronka

Trantsizio Energetikoa: klimatik haratagoko erronka

EKA/ACUVen, energiarako sarbidearen demokratizazioak kezkatzen gaitu. Izan ere, egungo krisi energetikoari irtenbideak bilatzeko, gizarte gisa, energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egin beharko dugu, kontsumitzaileak defendatzeko eta euskal familien egonkortasun ekonomikoa hobetzeko tresna gisa.

Trantsizio energetikoa ez da soilik klima-agindu bat, pertsonen poltsikoei zuzenean eragiten dien behar ekonomiko bat baizik.

Testuinguru horretan, eta Pobrezia Energetikoaren aurkako Europako astearekin bat eginez, autokontsumo kolektiboa funtsezko baldintza da energia eskuragarria eta herritarren parte-hartzea bermatzeko.

Energia berriztagarriak: alternatiba klimatikoa baino gehiago

Energia berriztagarriak ezinbesteko tresna dira energia-hornidura eskuragarria ziurtatzeko. Kontsumitzaileei energia propioa ekoizteko aukera ematen diete, merkatua edozein dela ere, eta banakako eta taldeko autokontsumoa sustatzen dute.

Gainera, elektrizitatearen sorreraren deszentralizazio horrek energiaren sektorea demokratizatzen laguntzen du eta elektrizitatearen garraioan galerak murrizten ditu. Faktore horri gehitu behar zaio energia berriztagarriak ezinbestekoak direla gure ETEen lehiakortasunerako, prezioen egonkortasuna bermatzen baitute.

Nola demokratizatu Trantsizio Energetikoa?

Baina hitzen aurretik, eta bizi dugun egoera ikusita, EKA/ACUVetik ekintzak proposatu nahi ditugu. Hori dela eta, CECUrekin (Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Federazioa) bat egiten dugu administrazioei energia berriztagarrietarako sarbidean demokratizazioa eta trantsizio energetikoan herritarren parte-hartzea eskatzeko. Jarraian, benetako arazo bati heltzeko hamar proposamen zehatz azalduko ditugu.

1. Autokontsumorako sarbide unibertsala

Kontsumitzaile guztiek, errenta edo hezkuntza-maila edozein izanda ere, autokontsumorako eta energia-komunitateetarako sarbidea izan dezaten ziurtatzea.

2. Erregulazioak berrikustea

Araudia berrikusteko eta zorrotz betetzeko eskatzea, batez ere instalazioak konektatzeko izapide eta epeetan.

3. Komunitate energetiko inklusiboak sustatzea

Komunitate energetikoak sustatzea, kontsumitzaileek energiarako, birgaitze energetikorako eta prestakuntzarako sarbidea izan dezaten, haien eskubideak errespetatuz.

4. Dirulaguntza eta finantzazio neurriak

Galdarak aldatzeko eta sukaldeak elektrifikatzeko dirulaguntzen aldeko apustua egitea, irtenbide ez-iraunkorretan inbertsioak saihestuz.

5. Autokontsumoari buruzko komunikazio argia

Autokontsumoaren onura ekonomikoei buruzko informazio argia eta zehatza ematea, beldurrei aurre egiteko eta itxaropen okerrak saihesteko.

6. Instalatzaileen zerrenda ofiziala

Kontsumitzaileei autonomia-erkidegoen arabera baimendutako instalatzaileen zerrenda ofiziala ematea.

7. Erreklamazio-formulario estandarizatuak

Sektoreko abusu-kasuak estaltzen dituzten erreklamazio-formularioak lantzea, erreklamatzeko eskubidea baliatzea erraztuz.

8. Instalazioetarako irizpideak eta bermeak

Irizpide argiak eta bermeak ezartzea panel fotovoltaikoak instalatu edo energia-komunitateetan parte hartu nahi dutenentzat.

9. Profesionalen prestakuntza

Gizarte-zerbitzuetako eta kontsumitzaileen erakundeetako profesionalak prestatzea, kontsumitzaileak orientatzeko eta haien erreklamazioei erantzuteko.

10. Jardunbide Egokien Gida

Lege-xedapenak bilduko dituen eta prezioen eta zerbitzuen eskaintzak alderatuko dituen gida bat egitea, erabaki informatuak erraztuz.

EKA/ACUVetik CECU Erabiltzaile Kontsumitzaileen Federazioarekin lankidetzan sortutako eskaera bat da hau, eta kontsumitzaileek trantsizio energetikoan eta pertsona ahulenen eskubideen defentsan duten funtsezko zereginarekiko konpromisoa islatzen du. Erronka hori oso serio hartu behar dugu, kontsumitzaileak trebatuz eta erronka hori informazioarekin eta ezagutzarekin bideratuz.

Utzi iruzkina