Zure hipoteka-gastuei buruz kontuan izan behar duzun guztia

Zure hipoteka-gastuei buruz kontuan izan behar duzun guztia

Nahiz eta oraindik organo bakar batek ere ez duen zehatz-mehatz adierazi hipoteka gastuak erreklamatzeko epearen preskripzioaren azken datari buruz, EKA/ACUVen ez dugu ustekaberik nahi. Hori dela eta, egoera nola dagoen gogorarazi nahi dizugu, gai honi buruz behar duzun testuinguru eta informazio guztia eskainiz.

Zer puntutan gaude eta zer da garrantzitsua kontuan hartzea? Jarraian, gako guztiak azalduko dizkizugu.

Kontuan hartu beharreko data

Gaur egun, hipoteka-gastuei buruz argi dauden bi gauza bakarrak honako hauek dira: batetik, bezeroari gastuak egozten zizkioten klausulak baliogabetzat jo dira, eta, beraz, diru hori itzuli egin behar dizute; eta, bestetik, oraindik ez dago ezarrita erreklamazio hori egiteko preskripzio-data ofizialik.

Aurreko artikuluetan azaldu dizugun bezala, legeari erreparatuz bost urteko epea ezartzen da erreklamatu ahal izateko, baina arazoa da dibergentzia handia dagoela bost urte horiek zenbatzen noiz hasi behar liratekeen. Auzitegi Gorenak data horri buruzko erabakirik hartzen ez duen bitartean, hipoteka-gastuak erreklamatzeko epea airean egongo da.

Ildo horretan, aztertzen ari garen data-aukeren artean, datorren apirilaren 25a kontuan hartu beharreko data da. Arrazoia da, aurreko data-hipotesiari Covid-19ak eragindako konfinamendutik eratorritako hiru hilabeteak kontatuz gero, 2024ko apirilaren 25a aterako litzaigukeela. Ikuspegi hori ikusita, eta data hori dagoen data-sortaren barruko hipotesi bat besterik ez litzatekeela berretsiz, EKA/ACUVek erreklamazio-prozesua data hori baino lehen hastea gomendatzen dizugu, ezustekorik gerta ez dadin eta ezarritako epearen barruan zaudela bermatzeko.

Erreklamatzea gure eskubidea da

Ildo horretan, Europako Auzitegiaren epaiak ondorioztatu zuen preskripzio-epearen hasiera ezin zela oinarritu gastuak ordaintzeko unean, kontsumitzaileei tarte zabalagoa eskainiz erreklamatzeko eta EKA/ACUVetik beti defendatu dugun tesia berretsiz: epea bezeroaren klausula abusuzkotzat jotzen denetik hasten dela.

Horrek esan nahi du, ziurrenik, oraindik denbora egongo dela erregistro, gestoria, tasazio eta notarioen % 50eko gastuak erreklamatzeko eta berreskuratzeko. Hala ere, berriz ere esan behar dizugu onena data hori baino lehen erreklamatzea dela, urtarrilaren 22an iradoki genizun bezala.

Kutxabanken estrategia berria: zer aldatzen da kontsumitzaileentzat?

Demanda judizialei eusteko estrategian, Kutxabankek epaiketaz kanpoko itzulketak bertan behera uztea erabaki du. Erakundeak, beraz, Auzitegi Gorenaren epaiaren zain egongo da erreklamazioak preskribatu diren ala ez erabakitzeko. Gorenak agintzen badu ez direla preskribatu, Kutxabankek ordainketak automatikoki egiteko konpromisoa hartzen du.

Bankuaren mugimendu berri hori gorabehera, EKA/ACUVetik uste dugu erabaki horrek ez duela inolaz ere aldatzen kontsumitzaileentzako egoera eta gomendioa argi bat ematen dugu: erreklamatzea, bide judizialetik edo judizioz kanpo.

Gogoratu berreskuratu beharreko zenbatekoa 800 edo 900 euro ingurukoa dela 150.000 euroko mailegu baterako, eta zifra horiek 1.000 edo 1.500 eurokoak izan daitezkeela legezko interesengatik. Diru hori zurea da, eta datorren apirilaren 25a baino lehen erreklamatzera animatzen zaitugu, edozein gidoi-aldaketaren aurrean erabat estalita egon zaitezen. Ziurtatu legez dagokizuna berreskuratuko duzula!

Utzi iruzkina