“Eskolara bueltak” udako oporren osteko errutinara itzultzearen unea ere markatzen du. Familia askorentzat, iraila esfortzu ekonomiko handiarekin dator: liburuak, eskola-materiala, arropa, eskolaz kanpoko jarduerak… Gastuen zerrendak ez du amaierarik.
Horregatik, EKA/ACUVetik gomendio praktiko batzuk partekatu nahi ditugu etapa honi erantzukizunez eta poltsikoa behar baino gehiago ahuldu gabe aurre egiteko.
1- Aurreratu zaitez eta banatu ezazuz gastuak
Ez da beharrezkoa dena lehen egunetan erostea. Erosketa batzuk aurreratu ditzakezu, merkealdia aprobetxatuz, eta beste batzuk gerorako utzi, ikastetxeak zehazki zer eskatzen duen jakiten duzunean. Horrela, ez duzu kolpeko gastu zehatzik metatuko eta “iraileko aldapa” leundu egingo duzu.
2- Egin zenbakiak hasi aurretik
Bigarren urratsa aurrekontu errealista bat eta benetan behar duzunaren zerrenda bat egitea bezain erraza da. Beharrik gabeko erosketak saihesteko modurik onena da.
3- Berrerabili eta partekatu
Erostera abiatu aurretik, berrikusi aurreko ikasturteko materiala. Askotan koadernoak, motxilak edo boligrafoak egoera ezin hobean geratzen dira. Liburu-bankuetara, gurasoen elkarteetara edo uniformeak eta materiala trukatzeko taldeetara ere joan zaitezke. Dirua aurrezten duzu eta, gainera, kontsumo iraunkorrago bat sustatzen duzu.
4- Baloratu bigarren eskuko produktuak
Gero eta familia gehiagok erosten dituzte motxilak, uniformeak edo erabilitako gailu informatikoak. Gakoa produktuaren egoera ondo berrikustea eta gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzen dituela ziurtatzea da.
5- Alderatu prezioak eta eskaintzak
Gogoratu euro bakoitzak balio handia duela. Denda fisikoetako eta online dendetako prezioak alderatzeko minutu batzuk emateak aurrezpen nabarmena ekar dezake. Kasu batzuetan, aldeak %20tik gorakoak dira establezimenduaren arabera, eta, beraz, merezi du zeregin horretan denbora pixka bat ematea.
6- Segurtasunari eta kalitateari lehentasuna eman
Era berean, garrantzitsua da gogoraraztea eskola-materialak CE marka bete behar duela, eta arropak, berriz, konposizioari eta fabrikatzaileari buruzko etiketatze argia. Informazio kontua ez ezik, erosten dugunarekiko segurtasun eta konfiantza kontua ere bada.
7- Gorde beti egiaztagiriak
Eskatu tiketak edo fakturak eta, ahal duzun neurrian, gorde itzazu. Beti esaten dugun bezala, erreklamatu behar izanez gero, zure tresnarik onena dira. Kontuan izan, oro har, produktu berriek hiru urteko legezko bermea dutela.
8- Online erosketak: atzera egiteko eskubidea
Internet bidez erosten baduzu, 14 egun natural dituzu produktua itzultzeko, azalpenik eman gabe. Oinarrizko eskubidea da, eta komeni da gogoratzea, batez ere data horietan hainbeste erosketa kontzentratu badira.
9- Heztea kontsumitzea ere bada
Hala, eskolara itzultzea aukera ona izan daiteke haurrak kontsumo arduratsuaren garrantzian inplikatzeko: zerrenda elkarrekin egin, beharrezkoa ez dena zergatik ez den erosten azaldu edo lehendik dutena zaintzen irakatsi, adibidez. Bere hezkuntzaren parte ere diren ikasgaiak dira hauek.
Hortaz, plangintzarekin, konparazioarekin eta gure eskubideak gogoratuz jarduten badugu, modu lasaiago eta jasangarriagoan egin diezaiokegu aurre une honi.
EKA/ACUVen, bitartean, gai honetan eta kontsumo arloko beste gaietan laguntzeko gaude. Zalantzarik baduzu, edo erosketa edo zerbitzu batekin arazorik sortzen bada, jar zaitez harremanetan gure taldearekin. Zure eskubideak defendatzea ere zure motxilaren parte da ikasturte berri honetan.