Halloween eta Gau Beltza: tradizioaren eta tranpa komertzialaren arteko kontsumoa

Urr 29, 2025 | Blog - EU

Urtero, urriaren amaieran, gure auzoko edo herriko gero eta erakusleiho, ikastetxe eta kale gehiago kalabazaz, amaraunez eta askotariko mozorroz betetzen dira. Honela, Halloween deritzogun jaia aspaldi bihurtu zen fenomeno global bat.

Baina oraindik jende askok ez dakiena da, Euskal Herrian ere geure tradizio propioa daukagula. Gau Beltza du izena, eta uztaren amaierarekin eta neguaren etorrerarekin lotura zuzena du. Txanpon beraren bi aldeak: inportatutako eguna, osagai komertzial nabarmen batekin, eta sustraiak eta komunitatea aldarrikatzen dituen tradizio herrikoia.

EKA/ACUVetik, Halloween zein Gau Beltza ospatu, garai egokia dela uste dugu egun hauetan nola kontsumitzen dugun hausnartzeko. Betiere, ospakizunaren, segurtasunaren eta iraunkortasunaren artean mugituz.

Mozorroa: sormena beldurraren fast fashionaren aurrean

Halloween-eko mozorro gehienak behin bakarrik erabiltzeko pentsatuta daude eta hurrengo egunean zaborretan amaitzen dute. Horren aurrean, alternatiba sortzaileagoak eta iraunkorragoak hauta ditzakegu: arropa zaharra berrerabiltzea, lagunekin mozorroak partekatzea, trukeak antolatzen dituzten elkarteetara jotzea edo bigarren eskuko produktuak erosteko eta saltzeko plataformak erabiltzea, adibidez, Vinted.

Honen aurrean, Gau Beltzak beste ikuspegi bat eskaintzen du, gure kulturarekin askoz lotuago dagoena, eta inspirazio-iturri izan daiteke txikientzat eta helduentzat.

Goxokiak, bai… baina informazio argiarekin

“Ziria ala saria” ohitura da jadanik auzo askotan, eta hau gozoki askoren sinonimo da. Hemen gakoa ez da azukrea kontrolatzea bakarrik, baizik eta produktuak behar bezala etiketatuta daudela eta iraungitze-data agerian dutela ziurtatzea.

Gozokien gaiari buruzko beste datu erabilgarri bat ematearren, gogoratu etxeko edo tokiko aukerak ere banatu daitezkeela, hala nola artisau-galletak, ontziak murriztu eta hurbileko merkataritzari laguntzen diotenak.

Jaiak eta online sarrerak: izua gero etor daiteke

Halloween aitzakia ezin hobea da festa tematikoak antolatzeko, baina kontuz: urtero ugaritzen dira sarrera faltsuen, fidagarritasun gutxiko plataformen edo abisurik gabeko baliogabetzeen kasuak. Erosi aurretik, egiaztatu webguneak bermeak dituela, bilatu iritziak eta ezagutu itzulketa baldintzak.

Gainera, egun hauetan ugaritzen ari dira doako sarrerak edo sari errazak esakintzen dituzten zozketa faltsuak sare sozialetan. Zure datu pertsonalak lortzeko edo iruzurrezko webguneetara bidaltzeko amua izaten dira normalean. Horregatik, ez fidatu esteka susmagarriez, erreparatu antolatzailea ofiziala izateari, eta gogoratu: zerbait egia izateko onegia bada, seguruenik ez da izango.

Erosketetatik haratago: zentzu komunitarioa berreskuratzea

Halloween, funtsean, kontsumo azkar eta masiboa sustatzen duen jaia da. Gau Beltza, aldiz, komunitatearekin lotura handiagoa duen ideia baten bidez egituratzen da: auzora edo herrira irtetea, kantu tradizionalak abestea, elikagaiak partekatzea. Eredu horren alde egitea iraunkorragoa izateaz gain, gizarte- eta kultura-loturak indartzen ditu kontsumo indibidualistaren aurrean.

Gau dibertigarria, kontzientea eta segurua

Bai, egia da, oso garrantzitsua da mozorroek CE marka izatea, makillajeak larruazalerako egokiak izatea eta kandelek sute-arriskurik ez izatea. Baina, era berean, gogoratu behar da kontsumo arduratsua baita ere badatorrela bat dibertimenduarekin.

Izan ere, Halloween edo Gau Beltza modu kontzientean ospatzeak, funtsean, tranpa komertzialetan erori gabe gozatzea esan nahi du, gure osasuna eta ingurunea zainduz.

Partekatzea bizitzea da