Erreserba eginda, maleta prest eta deskonektatzeko gogo handia. Baina zerbait gaizki ateratzen bada? Gogoratu kontsumitzaile gisa dituzun eskubideak zurekin bidaiatzen dutela.
Espero genuena ez den hotel bat, alternatiba argirik gabe bertan behera utzitako hegaldi bat, inork azaldu gabeko kargu bat gure txartelean edo iragarkiaren argazkietatik urrun dagoen opor-alokairu bat.
EKA/ACUVen, urtero, Aste Santuarekin lotutako kontsulta eta erreklamazio ugari jasotzen ditugu. Eta, bertan, etengabe errepikatzen den patroi argi bat dago: haien dirua berreskuratzea lortu duten pertsonak, ia beti, une horretan bertan jardun dutenak dira. Etxera itzultzera itxaron zutenek, berriz, frogak biltzeko zailtasunak aurkitu zituzten, epeak iraungita zeudela konturatu ziren edo jadanik ezer egiterik ez zegoela jabetu ziren.
Horregatik, aurten opor BITARTEAN zentratu nahi dugu gure mezua. Ez bidaia nola prestatu, baizik eta, hain zuzen ere, zerbait gaizki ateratzen denean nola jokatu. Gogoratu, kontsumitzaile gisa dituzun eskubideak ez direla etxean geratzen oporretara joaten zarenean.
Urrezko araua: lehenik dokumentatu, gero erreklamatu.
Edozein arazoren aurrean, lehena ez da erreklamatzea. Lehena dokumentatzea da. Argazki bat, pantaila-kaptura bat, mezu elektroniko bat, WhatsApp mezu bat establezimendurekin. Zerbait promesatutakoa ez dela egiaztatzeko edozein froga. Kontuan izan Kontsumoan froga-zama guri, kontsumitzaileoi, dagokigula: frogarik gabe, erreklamatzea askoz zailagoa da.
Nabaria dirudi, baina haserrearen momentuan ohiko erreakzioa da ahoz kexatzea, konpontzeko itxarotea eta, konpontzen ez bada, ezer gabe joatea. Hori da akatsik ohikoena eta garestien ateratzen dena.
Hotelean: ez itzuli konstantzia utzi gabe
Logela kontratatutakoarekin bat ez badator, konpontzen ez den matxura bat badago, barne hartutako zerbitzua ematen ez bada edo inork jakinarazi gabeko karguren bat agertzen bada, une horretan bertan erreklamatzeko eskubidea duzu.
Gogoratu, halaber, hoteletan ohikoak diren kartelek diotenak — establezimendua ez dela bere instalazioetan izandako lapurreta edo kalteen erantzule — ez dutela lege-baliorik. Lapurreta bat jasaten baduzu, jakinarazi hoteleko zuzendaritzari, salatu poliziari eta aurkeztu idatzizko erreklamazioa establezimenduan bertan.
Hegaldian: jardun aireportuan, ez etxetik
Atzerapenak eta bertan behera utzitako hegaldiak dira oporretako erreklamazio-iturri ohikoena. Eta, aldi berean, nola jokatu ez jakiteagatik diru gehien galtzen den egoera.
Opor-alokairuan: argazkiak dira zure benetako kontratua
Opor-alokairuekin izandako arazoak nabarmen ugaritu dira azken urteetan. Iragartzen denaren eta errealitataren arteko aldea da kexa ohikoena: promesatutako baino gela gutxiago, egoera txarrean dauden instalazioak, funtzionatzen ez duten etxetresnak edo deskribapenarekin bat ez datorren kokapena.
Ostatuak arazo larriak baditu eta irtenbiderik eskaintzen ez bada, kontratuaren ebazpena eta zenbatekoaren itzulketa eskatzeko eskubidea duzu. Baina frogak behar dituzu hau egiaztatzeko.
Jatetxean: faktura ez da aukerakoa
Gainprezioak eta jakinarazi gabeko karguak ostalaritzan bereziki ohikoak dira Aste Santuan turismo handiko guneetan. Inork eskatu gabeko tresnak, aurrez jakinarazi gabe kobratutako ogia, kartan agertzen ez ziren gehigarriak.
Gozatzea eta erne egotea ez dira bateraezinak
Aste Santua deskonektatzeko, gozatzeko eta indarrak berritzeko una aproposa da. Eta oporren gehiengo handi batek arazorik gabe igarotzen dira. Baina zerbait gaizki ateratzen bada, ez bedi nola jokatu ez jakiteagatik izan.
Gogoratu kontsumitzaile gisa dituzun eskubideak zurekin bidaiatzen dutela. Eta EKA/ACUVetik hemen gaude hauek baliatzen laguntzeko.
Arazoren bat sortu da zure oporretan?
Jarri harremanetan EKA/ACUVeko talde juridikoarekin eta bermeekin erreklamatzen lagunduko dizugu.
Jarri harremanetan
