Azken urteetan, kontzertu eta festibaletarako sarreren birsalmenta kultur sektorearen arazo handienetako bat bihurtu da. Promotore eta antolatzaileak praktika hau geldiarazten saiatu dira, hainbat kontratu-neurriren bidez.
Baina denak ez du balio.
EKA/ACUVetik administrazio-salaketa bat jarri dugu Kontsumo Ministerioan Doctor Music (Big Tours SL) enpresaren aurka, erosketa-baldintza orokorretan jasotako klausuletako batek argi eta garbi urratzen duelako kontsumitzaileak babesteko araudia.
Zer klausula salatu da?
Doctor Music-ek bere kontratuetan sarrerak birsaltzeko erabateko debekua ezartzen du. Honaino, dena ondo. Baina, debeku hau ustez ez betetzeari lotutako zigorrekin sortzen da arazoa.
Salatutako klausularen arabera, enpresak honako hauek egin ditzake:
- Erositako sarrera guztiak baliogabetzea, baita beste kontzertu batzuetakoak ere, eta dirua itzultzeko eskubiderik gabe.
- Erosleari sarreren zenbateko osoaren hamarkoitza erreklamatzea, benetako kalterik egiaztatu beharrik gabe.
Neurrigabeko isunetara irits daitezkeen egoerez ari gara; esaterako, 14.040€ erreklamatu ziren duela gutxi, %50eko “beherapen” batekin azkar ordainduz gero.
Zergatik uste dugu abusuzko klausula bat dela?
Kontsumo-legea argia da: enpresek baldintzak ezar ditzakete, baina ezin dituzte zehapen arbitrarioak edo neurrigabeak ezarri.
Kasu honetan, klausulak oinarrizko zenbait printzipio urratzen ditu:
- Ageriko desproportzioa, egiaztatutako kalte batekin zerikusirik ez duten zigor ekonomikoak ezartzean.
- Kalte-ordaina alde bakarretik finkatzea, eta zenbatekoa enpresaren irizpide esklusiboaren mende uztea.
- Atzeraeraginezko ondorioak, hiru urte lehenago egindako erosketak zigortzen direnean.
- Alderdien arteko desoreka larria, kontsumitzailea erabateko babesgabetasun-egoeran jarriz.
Hau guztia erabat bat dator araudiak abusuzko klausulatzat definitzen duenarekin, eta zehapen-espediente bat irekitzea justifikatzen du.
Enpresa batek birsalmentaren aurka borroka dezake? Bai. Edozein modutan? Ez.
EKA/ACUVetik zerbait oso argi utzi nahi dugu: birsalmentari aurre egitea legitimoa da, baina ezin da egin kontsumitzaileen eskubideak urratuz.
Espekulazio-praktiken aurkako borroka ezin da aitzakia bihurtu neurriz kanpoko klausulak esartzeko, eta kulturarako eta aisialdirako sarbidea ezin da kontratu desorekatuak onartzearen baldintzapean geratu.
Zer egin behar dute horrelako klausulen eraginpean dauden pertsonek?
Mehatxuzko jakinarazpenen edo era honetako erreklamazio ekonomikoen aurrean, gomendioa argia da:
- Aldez aurretik berrikusi gabe, zigorrik ez ordaintzea edo onartzea.
- Kontratu-baldintzak arretaz berrikustea.
- Kontsumitzaileen elkarte batekin kontsultatzea.
Klausula hauek ez dira automatikoki baliozkoak, eta legearen aldetik baliogabetzat jo daitezke.
EKA/ACUVetik kasu zehatzak aztertzen ari gara, eragindako pertsonei laguntzen eta haien eskubideak defendatzen.
Mugak ezartzeko salaketa bat
Salaketa honekin, EKA/ACUVek salaketa zehatz bat baino zerbait gehiago bilatzen du :muga argi bat ezartzea.
Enpresek legearen barruan eta kontsumitzaileen oinarrizko eskubideak errespetatuz jardun behar dute.
Birsalmenta ez da, inondik inora, abusuzko klausulekin borrokatzen. Eta bide horretan, erne jarraituko dugu.
