Fabrika-akatsa Citroën eta DS modelo batzuen airbagetan: zure autoa kaltetuen artean egongo al da?
Fabrika-akatsa Citroën eta DS modelo batzuen airbagetan: zure autoa kaltetuen artean egongo al da?
Citroën edo DS bat baduzu, hau interesatzen zaizu. Izan ere, duela gutxi egindako komunikazio batean, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) premiazko ohartarazpena egin die 2009 eta 2019 artean fabrikatutako Citroën C3 eta DS 3 ibilgailuen jabeei, airbag-en fabrikazio-akats baten ondorioz. Akats horren ondorioz, Citroën eta DS Automóviles, Stellantis erraldoiarenak diren markak, 66.000 ibilgailu ingururi (60.000 Citroën C3 eta 6.000 DS 3) berehalako berrikuspena egitera deitu diete estatu maialan bakarrik, arazoa eta hura ordezkatzeko modua azaltzen duen gutun baten bidez.
Zer gertatu da zehazki?
Fabrikazio-akatsa aipatu ditugun modelo horietan instalatutako airbag inflatzaileekin lotuta dago. Inflatzaile horiek hondatu egin daitezke denborarekin, bereziki baldintza klimatiko bero eta hezeetan, eta horrek areagotu egiten du istripua gertatuz gero airbag-a indar handiegiz hedatzeko eta ibilgailuko bidaiariak zauritzeko arriskua.
Zer egin behar dut nire autoa kaltetuetako bat bada?
Stellantis taldeak jakinarazi du, ohiko protokoloari jarraituz eta DGTarekin koordinatuta, gutun bat bidali zaiela eragindako ibilgailuen jabe guztiei. Gutun horretan, ibilgailu horiek berehala gidatzeari uzteko eta markei dagozkien kanal lokalekin harremanetan jartzeko eskatzen zaie, konponketa egokiari eta mugikortasun alternatiboko aukerei buruzko informazio zehatza lortzeko, guztia inolako kosturik gabe.
Hori dela eta, EKA/ACUVetik 2009 eta 2019 artean fabrikatutako Citroën C3 edo DS 3 baten jabe guztiei ohartarazpen honi arreta jartzeko, beren ibilgailuak erabiltzeari uzteko eta Citroën eta DS Automóviles enpresek emandako berrikuspen eta konponketa jarraibideak betetzeko eskatzen diegu. Kontsumitzaileen segurtasuna gure lehentasuna izango da beti, funtsezkoa izanik neurri azkarrak eta egokiak hartzea ibilgailuaren akats honi erantzuteko.
Elkartetik, bitartean, gertutik jarraituko dugu fabrikatzailearen konponketa eta ordezkapen prozesua, eta adi egongo gara prozesu honetan kontsumitzaileen eskubideren bat urratzen bada. Gogoratu, kaltetutako pertsonetako bat bazara, EKA/ACUVrekin harremanetan jar zaitezkeela eta behar duzun informazioa eta laguntza juridikoa eskainiko dizugula.