IBILGAILU BATEN EROSKETA: ESKURA ALA FINANTZATUTA?
Etxebizitzaz gain, esaten da autoaren erosketa izan ohi dela familia baten bigarren inbertsio garrantzitsuena. Ibilgailuen kontzesionarioek oso prezio interesgarriak eskaintzen dizkigute, baina, gehienetan, konpainiarekin finantzatzearen mende daude. Berez, zer interesatzen zaigu gehiago? Eskura erostea edo finantzatuta? Arantza López EKA/ACUVeko abokatuak, eman eta argudiatzen digu erantzuna: ESKURA.
Maiz eskaintza gozogarriak ikusten ditugu finantzaketa aukeratzean; 2.000-3.000 €inguruko deskontuak izaten dira batzuetan, eta zalantza sor diezagukete.
Hala ere, xehetasunei buruz galdetuta, hileko kuota baino ez digute aipatzen, letra txikia alde batera utziz, eta hori da hain zuzen ere kontratua garestitzen duena (irekiera-komisioa, kitapen aurreratuagatiko komisioak, mailegu batzuk barne hartzen dituzten zerbitzu gehigarriak, eta abar). Jarraian, aukera abantailatsuena libreki eta ezagutza handiagoarekin balioesteko beharreko aholkularitza eskaintzen dizugu.
Kontuan hartzeko 5 faktore
-Gogoratu kontzesionarioek autoak saltzen dituztela, ez kredituak. Aldiz, kontratu-baldintzetan murgiltzen garenean, markek erosketa eurekin finantzatzea bilatzen dute, sortutako interesei esker lortzen dituzten onurak aprobetxatu nahian.
-Normalena da haiek kuota bat eskaintzea, horri esfortzu handiegirik egin gabe aurre egin ahal izango dioguna alegia. Puntu honetan, aztertu beharko dugu zein den erosi nahi dugun ibilgailuaren zenbatekoa aplikatutako deskontuekin, guztizko zenbatekoaren gainean zein den irekiera-komisio gisa kobratuko digutena, edota aseguru edo mantentze-lan gehigarriak kontratutik kanpo utzi ditzakegun.
-Marka guztiek kobratzen dute irekiera-komisioa. Arantza Lópezen arabera, % 3tik % 3,8ra bitartekoa izaten da oro har. Era berean, inportantea da hitzartutako baldintzekin mantenduko zaren iraupen-epea berrikustea – normalean 12 eta 48 hilabete artekoa –. Kontuz: mailegua behar baino goizago amortizatzen baduzu, penalizatu zaitzakete. Honekin lotuta, abusuzkoa da kontratuaren zati bat bete ondoren zigorra osorik ezartzea. Mantendutako denbora-tartea hainbanatu beharko litzateke, eta errespetatu ez dugun epearen zigortu.
-Kontzesionario batzuk ez dute kopuru osoa finantzatzera behartzen. Bideragarria iruditzekotan, parte bat eskura ordain dezakezu eta gainerakoa finantzatu.
-Bigarren eskuko ibilgailuetan, erreparatu berme gehigarriei, hala nola, ordainketa-aseguru zatikatuei (zenbait konpainiak ematen dute aukera hau, bezeroen primak sinplifikatuz, hilabeteka banatuta). Kontsultatu gisa honetako baldintzak sinatu aurretik, normalean ez baitira behar bezala zehazten.
-Jabariaren erreserba da mota honetako kontratuen beste ezaugarri bat. Klausula honek adierazten du autoa enpresarena dela hura guztiz ordaindu arte. Era berean, erreserba horrek ibilgailua saltzea eragozten du mailegua itzuli arte.
Elkarteko abokatuak adierazi du horiek direla lehentasunezko gakoak finantzaketa-esparru lineal baten barruan, betidanik ezagutzen duguna hain justu. Hala ere, gaur egun badaude beste eredu batzuk, leasinga edo renting-a besteak beste, eta kontsumitzaileak horietara jotzen ari dira gero eta gehiago, gutxienez aldi baterako autoa izateko, nahitaez kotxea erosi behar izan gabe. Kontzeptua alokairuaren antzekoa da, kontratuek berez kilometro kopuru mugatua dutelarik.
Laburbilduz:
Merkeagoa da auto bat eskura erostea finantzatzea baino. Eragiketaren interes eta komisioek soberan gainditzen dituzte bestelako deskontuak. Aldiz, behin kasu bakoitza aztertuta, mailegua aukeratzen duen erosleak irisgarri ditu erosotasun guztiak. Eskatzen den dokumentazioa ez da nahasia eta kreditua astebete baino gutxiagoan ematen da. Halaber, komeni da kalkuluak egitea, kreditua kontzesionarioari edo gure bankuari eskatzen diogun baloratze aldera.
Kontuan eduki, gainera, urteko azken egunak interesgarriak direla erosketa bat egiteko; izan ere, data horietan kontzesionarioek beren salmenta-helburuak bete behar dituzte, eta, beraz, irekiago daude negoziaziorako eta prezioak merkatzeko.