Nahi ez den publizitatea saihesteko metodoak eta salaketa burutzeko prozesuak
Nahi ez den publizitatea eguneroko arazoen ARTEAN klasiko bat Da; zer esanik ez, erabiltzaile gehienei enbarazu handia eragiten die. Zorionez, hainbat metodo daude saihesteko eta, beharrezkoa bada, salatzeko.
Berriki jaso genuen notizia: Zaragozako epaitegi batek 6.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu du Vodafoneko bezero bat, telefono bidezko jazarpenak medio. Gizonari dei etengabe eta errepikatuak egiten zitzaizkion, aldez aurretik horiek ez jasotzeko eskatu arren. Epaiak ondorioztatu zuen herritarrak salatutakoa merkataritza-jarduera menderatzaile batetik zetorrela, intimitaterako eskubidea errespetatzen ez zela iritzita, bere lan-ordutegian eta lasaitasun eta atsedenerako ezinbesteko denboran eragiten baitzion.
Benetan konpentsatzen al die konpainia handiei horrelako zigorrak ordaintzea araudia haustearen truke? Artikulu honetan propaganda inbaditzaileari aurre egiteko modu eraginkor batzuk azalduko dizkizugu, baita beste aldean agertzen diren enpresa edo plataformak nola salatu ere.
Eman al duzu izena dagoeneko Robinson zerrendan?
Ziur behin baino gehiagotan entzun duzula honen berri. Publizitatea baztertzeko fitxategi gisa funtzionatzen du, eta Espainiako Ekonomia Digitalaren Elkarteak (ADIGITAL) kudeatzen du. Zerrenda honetan izena ematean, iragarkirik jaso nahi ez duzun komunikazio-bide edo -kanala aukera dezakezu (posta, telefono-deiak, posta elektronikoa edo beste edozein bitarteko). Irtenbide on bat publizitatea helarazteko baimenik eman ez diezun edota zuzenean bezeroa ez zaren enpresen deiak saihesteko (produktuak edo zerbitzuak sustatzeko deiak alegia).
Ildo horretan, Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (DBEA) jakinarazi du inskripzioa eraginkorra dela datuak erregistratzen direnetik bigarren hilabetetik aurrera, eta, beraz, litekeena dela bitartean merkataritza-komunikazioren bat jasotzen jarraitzea. Denbora-tarte hori igarota deiek aurrera segituko balute, telefono zenbaki hori blokeatu dezakezu zure mugikorrean (gailu gehienek aukera hori dute deiaren menuan, zeina “azken deiak” aukeran erregistratua geratzen den).
Robinson zerrendan izena eman nahi baduzu, esteka honen bidez egin dezakezu:
Mezularitza eta mailinga
SMSen sistema, oraindik ere, merkatariek propagandaren bidez bezeroak harrapatzeko erabiltzen duten kako komuna jarraitzen du izaten. Denda batean artikuluren bat eroste hutsagatik edo zozketa batean parte hartzeagatik, askotan, gure datuak kudeaketa jakin batzuetarako lagatzen dituen politika onartu behar izaten dugu (saria irabaziz gero gurekin harremanetan jartzeko, online erosita produktua bidaltzeko, aldaketak eta itzulketak egiteko aurreikusitako baldintzen gaineko abisuak jakinarazteko, etab.). Hala ere, kontsumitzaile garen aldetik, eskubidea dugu merkataritza-komunikazio horiek jasotzen uzteko, eta establezimenduari jakinaraziko diogu bere datu-basean agertzen diren datuak ezereztu nahi ditugula. Nolanahi ere, bidalketek jarraitzen badute, ez izan zalantzarik kontaktu hori blokeatzeko.
Mezu elektronikoen kasuan, spamaren aurkako iragazkiak konfigura ditzakegu gure agendan. Mailing-hornitzaile askok funtzio hori eskaintzen dute, zenbait bidaltzaileren mezuak blokeatu edo hitz gako jakin batzuk dituzten mezuak baztertzeko aukera ematen dituztenak. Gainera, spam karpetara automatikoki mugitzeko konfigura daiteke, sarrera-erretilua bete ez dezaten.
Halaber, blokeo-aplikazioak erabiltzea gomendatzen dizugu. App denda gehienetan hainbat daude eskuragarri, eta lagungarriak izan daitezke horrelako edukirik ez iristeko. Bilatu kritika onak dituztenak, eta deskargatu zure beharretara ondoen egokitzen dena.
Kontuan izan harpidetzak edozein unetan ezezta ditzakezula. Nahi ez dituzun mezuak aldez aurretik harpidetu zaren enpresa batetik badatoz, egiaztatu mezu hori bertan behera uzteko aukerarik dagoen jasotako posta elektronikoan bertan, esaterako. Baja emateko aukera aurkitzen ez baduzu, nabigatu enpresaren webgunean eta saiatu datuen tratamenduaren arduradunari buruzko informazioa topatzen. Adostasun guztiak baiezko egintza argi baten bidez eman beharko dira, datuen tratamendu hori onartzeko dugun borondatea islatuko duena. Gure adostasuna ez da baliozkoa izango, baldin eta komunikazio bat bidaltzen badigute esanez erantzuten ez badugu baimen hori eman dugula ulertuko dela.
Komunikazio Komertziala Autorregulatzeko Elkarteak (AUTOCONTROL) borondatezko bitartekaritzako doako sistema bat diseinatu du, 2018ko urtarriletik abian, herritarren datu pertsonalen tratamenduari eragin diezaieketen erreklamazioei azkar erantzuteko.
Ez jaitsi guardia
Gogorarazi beharra dago, neurri horiek hartu arren, oraindik ere enpresa batzuek ez dutela pribatutasun osoa errespetatzen. Gehien errepikatzen den adibideetako bat mailegu azkarrak edo kontsumorako kredituak eskaintzen dituzten entitateak dira. Askotan, marketin-teknika oldarkorrak erabiltzen dituzte, mezuak edonori igorrita, baimenik eman ez badute ere. Garrantzitsua da neurri egokiak hartzea gure datu pertsonalak sarean partekatzean, eta arretaz irakurtzea webgune bakoitzean baliatutako politikak. Atal honetan ohikoa da ohartaraztea (baita erosketa-inprimakietan ere) merkataritza-jakinarazpenak jaso nahi ditugun edo produktu baten jarraipena egin nahi dugun, formularioetan dagozkion laukiak markatuz edo marka hura kenduz.
Zure eskubideak baliatu edo iradokizun horiek praktikan jarri ondoren nahi ez duzun publizitatea bidaltzen jarraitzen badizute, erreklamazio bat jar dezakezu Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren aurrean, dagokion dokumentazioa aurkeztuz.
Aurkezpenari buruzko informazio guztia esteka honetan dago:
Erreklamazioak Datuak Babesteko Espainiako Agentzian (9. atala)
Nahi ez diren proposamenak telefonoz, posta elektronikoz edo urrutiko beste edozein bide erabilita errepikapenez jardutea arau-haustea da kontsumo-arloan, salbu eta kontratu-betebehar baten inguruabarretan legez justifikatzen diren neurrian. Horrelako jardunbideak erasokortzat jotzen dira jazarpenagatik, eta desleialak dira kontsumitzaileekin.