AIRELINEA ETA BIDAIA-AGENTZIEK EZINGO DIZUTE KOBRATU ZURE TXARTELAREN DATU PERTSONALAK ZUZENTZEAGATIK

Datuak Babesteko Espainiako Agentziak (DBEA) ebazpena eman du zentzu horretan, eta, horren arabera, airelinea eta bidaia-agentzia batzuei behartzen die online kontratazioetan akats ortotipografiko bat gertatzen denean beren datu pertsonalak zuzentzearen truke bidaiariei kobratzeko praktikarekin bukatzera.

Horrela, zuzenketa orok doakoa izan beharko du, justifikaziorik gabeko edo gehiegizko egoeretan izan ezik (txartelaren titularrak frogatu beharko du ez dela bidaiari-aldaketa bat, izen-abizenen akats baten zuzenketa baizik). Horretarako, NANaren edo egiaztagiri baliokidearen kopia bat erantsi beharko da froga gisa.

Gertaeren aurrekariak

Datuak Babesteko Arau Orokorrean agertzen den zuzenketa-eskubidea oinarri hartuta ebatzi da kasua. Prozedurak bidaiari batek 2019ko uztailaren 4an Datuak Babesteko Frantziako Agintaritzan aurkeztutako erreklamazioan du jatorria, txartela erosteko baliatu zuen eDreams hegaldi-konparatzailearen aurka alegia. Erreklamazio horren arrazoia zen agentzia bitartekariak 50 euro gehiago kobratu zizkiola bidaiariari, datuen zuzenketak izapidetzeagatik.

Frantziako kontrol-agintaritzak, kontuan hartuta agentziak Espainian duela egoitza eta establezimendu bakarra, eta DBAOn xedatutakoaren arabera, erreklamazioaren berri eman DBEAri, eta hura arduratu zen gainerako komunikazio eta izapideez. eDreamsek 50 euro horiek itzuli zizkion bezeroari, eta txartel osoaren kopurua ere bai konpentsazio modura.

Nolanahi ere, joan den otsailaren 28an, DBEAk honelako kasuei dagokion prozedura ebatzi zuen, txartelen datu pertsonaletan akatsak zuzentzeagatik edo aldaketa horiek eragozteagatik kobratzean datzan edozein praktika korporatibo legez kanpokoa dela arrazoituz.

Nola erreklamatu kasu hauek?

Konpainia batek bezero bati bere datu pertsonaletan egindako akats bat zuzentzeagatik kobratzen badio, bidaiariak kargu gehigarria itzuli diezaioten erreklamatu dezake, zuzentzeko eskubidea baliatzen duela alegatuz. Lehenik eta behin, idatziz erreklamatu beharko dio airelineari, bezeroaren arretarako zerbitzura joz, enpresaren datuak babesteko ordezkaria kopia batean jarrita. Oro har, informazio hori konpainiaren webgunean agertzen da, pribatutasun-politikari eskainitako eremuan.

Behin erreklamazioa aurkeztuta, hilabeteko epean ebatzi beharko du enpresak. Erantzunik jaso ezean, edo behar bezala ebatziko ez balu, kaltetutako pertsonak erreklamazioa aurkeztu ahalko diote Espainiako agintaritza eskudunari, hau da, aipatu BDEAri. Hala ere, Kontsumitzailearen Europako Zentroak zenbateko hori ordaintzea gomendatzen du hegan egin ahal izateko beharrezkoa bada, eta, ondoren, dagokion kantitatearen itzulketa exijitzea.

Utzi iruzkina