EKA/ACUVen arrakasta-kasu berria
EKA/ACUVen arrakasta kasu berri bat lortu dugu Europako airelinea handienetako baten aurrean. Lufthansarekin Bilbo-Berlin joan-etorriko txartel bat kontratatu zuen bazkide batek ikusi zuen, joaneko bidaia erabiltzen ez zuenez, konpainiak ez ziola itzulerako hegaldian sartzen uzten. Hau guztia, aldez aurretik abisatu gabe eta etxera itzultzeko txartel berri bat erostera behartuz.
Gure erreklamazioaren ondoren, egindako kaltea aitortzea eta bidaiariak zegokiona berreskuratzea lortu genuen. Kasu hau oraindik zabalduegia dagoen praktika baten adibide argia da: “no show” klausulen aplikazioa.
Zer da “no show” klausula bat?
Klausula hauei esker, airelineek automatikoki baliogabetzen dituzte txartel baten gainerako ibilbideak, bidaiariak hauetako bat erabiltzen ez duenean. Hau da: joaneko hegaldian bidaiatzen ez baduzu, arrazoia edozein dela ere, konpainiak itzulerako txartela baliogabetzen du.
Airelineek “arrazoi operatiboak” edo “tarifen oreka” argudiatuz justifikatzen duten praktika bat da, baina, egia esan, kontsumitzaileak babesik gabe uzten ditu dagoeneko ordainduta dagoen hegaldi bat hartzea eragozten dieten ezusteko egoeren aurrean (hitzordu mediko bat, lan-atzerapen bat, familia-arazo bat…).
Zergatik da abusuzkoa praktika hau?
Auzitegi Gorenak, 631/2018 epaian, baliogabetzat jo zituen “no show” klausulak. Argudioa argia da:
- Hegazkin-konpainiak dagoeneko kobratu du txartelaren prezio osoa.
- Bidaiaria ez egoteak ez dakar aparteko kosturik.
- Itzulera bertan behera uzteak eskubideen desoreka sortzen du kontsumitzailearen kaltetan, ukatzen zaion zerbitzu batengatik ordaintzen baitu.
Laburbilduz: nahiz eta joanekoa ez erabili, kontratatu eta ordaindu duzun itzulerako ibilbidea erabiltzeko eskubidea duzu.
Zer erreklamatu dezakezu gertatzen bazaizu?
Airelinea batek “no show” klausula bat aplikatzen badizu eta hegan egitea eragozten badizu, gogoan izan:
- Erosi behar izan duzun ordezko txartelaren itzulketa erreklamatzea.
- 261/2004 Europako Erregelamenduak aitortzen duen konpentsazio ekonomikoa eskatzea bidaiatzea ukatzen den kasuetan.
- Gehiegizko klausula horiek kontsumo sailaren aurrean salatzea.
Garrantzitsuena, beti gogoratzen dugun bezala, dokumentazio guztia gordetzea da (txartelak, ordainagiriak, posta elektronikoak, erosketa-egiaztagiriak) eta lehenbailehen erreklamatzea.
Azken batean, “no show” klausulak abusuzkoak dira eta kontsumitzaileen eskubideak urratzen dituzte. Txartelaren bidaia bat ez erabiltzea ezin da aitzakia bihurtu airelinea batek zure txartelaren gainerako zatia deuseztatzeko. Horregatik, EKA/ACUVen lanean jarraituko dugu horrelako praktikak desagertu daitezen eta kontsumitzaileak aire-konpainia handien aurrean babesik gabe gera ez daitezen.
Inoiz horrelakorik gertatzen bazaizu, aldarrikatu zure eskubideak!