Urte berria, helburu berriak: EKA/ACUVekin zure kontsumo-ohiturak aldatu

Urte berria, helburu berriak: EKA/ACUVekin zure kontsumo-ohiturak aldatu

Urte berri baten hasiera beti da une egokia gure egunerokotasunean ohitura berriak txertatzeko. Une oso aproposa, oro har, gure buruari buruz zer hobetu nahi dugun pentsatzeko eta ‘reset’ bat egiteko. Urte berriko asmoak asko eta oso ohikoak dira (gimnasiora itzultzea edo gitarra-ikastaroekin berriz ere hastea, adibidez), baina EKA/ACUVetik uste dugu estreinatu berri dugun 2024 hau urte oso ona dela zure eguneroko kontsumo-ohiturak birplanteatzeko. Nola? Jarraian ideia batzuk ematen dizkizugu.

1. Murriztu – Berrerabili – Birziklatu

Hiru hitz hauek sakonki barneratu. Zure errealitateak eskaintzen dizkizun aukeren barruan, aukeratu produktu iraunkorrak, berrerabili ontziak eta birziklatu modu egokian. Eguneroko keinu txikiek eragin nabarmena izan dezakete, are gehiago gaur egungo kontsumo masiboaren gizartean.

2. Lagundu tokiko ekoizleei

Ezagutu zure komunitateak eskaintzen dituen altxorrak eta hurbiltasuna aukeratu. Ahal duzun neurrian, hautatu tokiko produktuak eta lagundu zure auzoko edo herriko merkatariei. Horrela, tokiko ekonomiari laguntzeaz gain, saltoki handietan egindako erosketen ondorio zuzena den karbono-aztarna murriztuko duzu.

3. Kalitatea aukeratu

Erosketa oldarkorren tranpan erori beharrean, denbora gehiago irauten duten kalitatezko produktuetan inbertitu. Ikuspegi hori jasangarriagoa izateaz gain, epe luzera aurrezten ere lagun diezazuke. Planetak zein zure poltsikoak eskertuko dizute.

4. Kontsumitu pentsatzen duzun bezala

Edozein erosketa egin aurretik, hausnartu produktu horren benetako beharraz. Sarritan erabiliko dut? Erosketa oldarkorra da? Erabakiak hartu aurretik horrelako galderak egiteak benetan beharrezkoak ez diren erosketak murrizten lagunduko dizu.

5. Parte hartu tokiko ekimenetan

Aztertu jasangarritasun-ekimenak zure komunitatean. Elkartrukerako talde bat, komunitateko konpostaje-proiektu bat edo hezkuntza-ekitaldi bat; jarduera horietan parte hartzeak aberastu egin dezake bizimodu jasangarriago eta kontzienteago batekin duzun konpromisoa.

6. Elikagaiak alferrik galtzea minimizatu

Zure erosketak ondo planifikatu eta etxean dituzun elikagaiak ahalik eta gehien aprobetxatu. Elikagaien alferrik galtzea murriztea oso modu eraginkorra da gure etxetik bertatik ingurumen-iraunkortasunari laguntzeko.

Hauek dira EKA/ACUVetik partekatzen dizkizugun urte berriko asmoak, zure errealitatearen barruan, zure kontsumora bideratu eta har ditzazun. Horrela, zeure bizitza hobetzeaz gain, mundu jasangarriago eta bidezkoago bat eraikitzen lagunduko duzu. 2024an, zure erabakiekin mundua aldatu!

Utzi iruzkina