VUELING-EK 455 EUROKO KALTE-ORDAINA EMAN DIO EKA/ACUV-EKO BAZKIDE BATI ZAZPI EGUNEZ BERE MALETA GABE UTZI IZANAGATIK OPORRALDI BATEAN KROAZIAN
Apirilaren 6an, Bilboko 2. zk.ko Merkataritza-Arloko Epaitegiak EKA/ACUV-eko bazkide bati 455 euroko kalte-ordaina emateko agindu zion Vueling airelineari Kroaziako kostaldean oporraldi batean bere bagaia gabe zazpi egunez utzi izanagatik: 350 euro kalte moralagatik gehi 105 euro bidaiariak arropan eta higiene-produktuetan egin behar izan zituen gastuengatik Dubrovnikeko aireportuan lurreratutakoan zeraman maleta ez agertu ondoren.
M.B.S.S.-ren oporraldia Adriatiko itsaroaren kostalde kroaziarrean hein handi batean zapuztu zen Vueling-en erruz. 2016Ko ekainaren 21ean, Bilbo-Dubrovnik bere hegaldia lurreratzean bere maleta ez zen agertu. Vueling-ek 28an itzuli zion; osorik, ukigabe, bai, baina gure bazkidea artean Bilbora itzultzear zegoelarik, oporrak gozatu ordez “telefonoz hitz egiten maleta aurkitzen saiatzen” (hala adierazten da eskaera judizialean) eta bagaian zeramana ordezkatzeko arropa eta higiene-produktuak erosten “oporraldiko” zazpi egun eman ostean.
Etxera itzulita, M.B.S.S.-k erreklamazio bat luzatu zion Vueling-i eta honek hegaldi berean gertakari berbera pairatu zuten beste bidaiari batzuen kexekin batu zuen. Haietako bakar batek jaso zuen airelinearen erantzuna: 350 euroko kalte-ordaina. Gure bazkideari eta gainontzekoei hitzik ez.
Vueling-en jokaeraz gogaituta eta erantzun bat alferrik itxaroten egoteaz aspertuta, EKA/ACUV-era etorri zen eta Iñaki Velasco abotakuaren laguntzarekin 2017ko irailaren 8an Bilboko 2. zk.ko Merkataritza-Arloko Epaitegian konpainiaren aurka aurkeztu zuen eskaera: 350 euro kalte-galerengatik, 105 euro bagaia galtzeak eragindako gastuengatik eta Vueling-i prozesu-kostua ordaintzeko zigorra. Eta horixe bera agindu zuen epaitegiak joan den apirilaren 6an eman zuen epaian.
Epaiketan, Vueling-ek gertatutakoa onartu zuen, baina desadostasuna agertu zuen eskatutako kalte-ordainarekin (455 euro). Gehiegizkoa iruditzen zitzaion kontuan izanda M.B.S.S.-k, nahiz zazpi egunez galduta eduki, maleta osorik berreskuratu zuela; neurrigabetzat ere jo zuen eskaera hegaldiengatik (joan-etorrikoetaz ari dela ulertzen da) gure bazkideak ordaindu zituen 169 euroekin alderatuta. Epaitegiak M.B.S.S.-k jaso zuen kalte-morala erabat frogatutzat onartu zuen eta eskatutako kalte-ordaina neurrikotzat ere jo zuen; areago, Montrealgo Hitzarmenaren 22.2. artikuluak gertakizun hauetarako ezartzen duen kalte-ordain handiena (1.345 eurokoa) ez zuela gainditzen nabarmendu zuen. 1999Ko maiatzaren 28an Montrealen itunduta, aipatu hitzarmenak nazioarteko airezko garraioan zenbait arau bateratzen ditu eta Europar Batasunean 2002. urtetik betebeharrekoa da CE 889/2002 Araudiagatik.