Zure hipoteka-gastuak erreklamatu dituzu? Astebete epea itxi ahal izateko

Zure hipoteka-gastuak erreklamatu dituzu? Astebete epea itxi ahal izateko

Gogoratzen duzu zure hipoteka-gastuak erreklamatzeko egutegian gorriz markatu behar zenuen data? Bada, gogorarazi nahi dizugu astebete baino ez dela falta urtarrilaren 22a heltzeko. Horregatik, epea ixteko ustez zazpi egun falta direnean, jakinarazi nahi dizugu oso garrantzitsua dela azkar jardutea eta zure erreklamazioa data hori baino lehen aurkeztea.

Alde horretatik, eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak itxieraren azken datari buruzko epaia oraindik eman ez badu ere, ziurtatu nahi dugu prest zaudela edozein egoeratarako. Horregatik, hipoteka-gastuei buruzko erreklamazioa aurkeztu nahi baduzu zer egin behar duzun zehaztu nahi dizugu berriro.

Nola egin erreklamazioa?

1. Bildu fakturak

Lehenengo urratsa aurkeztu beharreko fakturak bilatzea izango da: notariotzako faktura (%50 ordainduko da), erregistroko faktura, gestoriako faktura (egonez gero) eta tasazioaren faktura (%100ean ordainduko da).

2. Osatu Gutun Eredua

Fakturak zurekin dituzunean, gure Gutun Eredua deskargatu eta bete egin beharko duzu erreklamazioa egiteko.

3. Utzi zure erreklamazioaren konstantzia

Fakturak eta Ereduzko Gutuna beteta dituzunean, jo ezazu hipoteka kontratatu zenuen banketxeko edozein bulegora eta aurkeztu erreklamazioa ofizialki urtarrilaren 22a baino lehen. Nahiago baduzu, fisikoki ez ezik, posta elektronikoz ere bidal dezakezu.

Zergatik da hain garrantzitsua urrats horiek egitea epea itxi baino lehen? Hara, hiru urrats erraz horiek betetzen badituzu, lasai egongo zara erreklamazio-prozesua hasi duzulako. Horrek esan nahi du, erreklamazioaren hasiera-data zehazten duen edozein dokumentu idatziz lortu ondoren, epea berrabiarazi egingo dela eta beste bost urte eskainiko dizkizula prozesua patxadaz egiteko.

Behin egoera horretan zaudela, gogoratu EKA/ACUVen talde juridikorik onena daukagula zure erreklamazio prozesua gidatzeko. Bidea askoz errazagoa izango da gurekin egiten baduzu!

Gogoratu, EKA/ACUVetik, kontsumitzaile gisa informatuta egoteko eta legez dagokizuna erreklamatu ahal izateko behar duzun laguntza ematen jarraituko dugula. Ez utzi biharko zure erreklamazioa eta ekin lehenbailehen!

Utzi iruzkina