EKA/ACUVen arrakasta kasu berria
Informazio argia eta egiazkoa jasotzea eskubide bat da, ez mesede bat. Beste behin ere, EKA/ACUVek lortu du justiziak hau gogoraraztea: Vueling Airlines 1.235,74€ gehi legezko interesak ordaintzera kondenatu dute, gure bi bazkideren hegaldiak bertan behera utzi eta gehiegikeriaz aldatu ondoren.
Kasua: bertan behera utzitako hegaldiak, ordutegi-aldaketak eta aparteko gastuak
2024ko urtarrilean, EKA/ACUVeko bi bazkidek joan-etorriko hegaldi bat kontratatu zuten Vueling bidez Bilbo eta Santiago de Compostela artean.
Joan zirenean, aireportuan bertan hegaldia bertan behera utzi zutela jakinarazi zieten, eta, horren ondorioz, beste ibilbide batean kokatu zituzten, aurreikusitako orduarekin alderatuta 7 ordu baino gehiagoko atzerapenarekin. Itxaronaldian, gainera, otorduetan gastu gehigarria egin behar izan zuten.
Baina hori ez zen hemen geratu; izan ere, itzulerako ibilbidean, konpainiak hegaldia aurreratu zuen alternatiba egokirik eskaini gabe, eta, horregatik, bidaiariek ibilgailu bat alokatu eta zegokion gasolina ordaindu behar izan zuten.
Egoera honen aurrean, EKA/ACUVetik, bere izenean, 261/2004 Europako Erregelamenduan aurreikusitako kalte-ordaina eskatu genuen, bidaiariak ezerezte eta atzerapen handietatik babesten dituena.
Vueling-en defentsa eta erantzun judiziala
Vueling salbuesten saiatu zen, eta argudiatu zuen behar besteko aurrerapenaz eman zuela ordutegi-aldaketen berri, posta elektronikoaren bidez. Hala ere, epaia argia izan zen:
- Ez da nahikoa jakinarazpena bitartekari bati bidaltzea (erreserba-agentzia, adibidez). Hegazkin-konpainiak komunikazioa bidaiariei benetan iristen zaiela bermatu behar du, berariazko baimenik izan ezean.
- Hegaldi baten funtsezko aurrerakina, legezko ondorioetarako, bertan behera uzteko modukotzat har daiteke, eta kalte-ordainerako eskubide bera sortzen du.
Auzitegiak ondorioztatu zuen Vueling-ek ez zuela egiaztatu bidaiariei informazio egokia eman zienik, eta ez zuela behar bezalako laguntzarik eman.
Epaia: Vuelingentzat kondena
Ebazpen judizialak osorik baietsi zuen EKA/ACUVek aurkeztutako demanda:
- 1.000€-ko kalte-ordaina (500€ bidaiari bakoitzeko).
- 30,55€, otordu-gastuengatik.
- 205,19€ ibilgailua eta gasolina alokatzeagatik.
- Gainera, bestelako kostuak konpainiak ordaindu beharko ditu.
Guztira, 1.235,74€ gehi legezko interesak, bidaiariei ordaindu beharrekoak.
Zer esan nahi du epaio honek kontsumitzaileentzat?
Epai honek argi eta garbi gogoratzen du: hegazkin-konpainiek, beren zerbitzuak betetzeaz gain, argi eta behar bezala informatu behar dute. Ez da nahikoa letra txikian hegaldi bati eragin diezaioketen baldintzak sartzea. Kontsumitzaileei aldez aurretik eta modu ulergarrian ohartarazi behar zaie beren eskubideak muga ditzakeen edozein inguruabar.
Kasu honetan, Vuelingek bere kontroletik kanpoko kausak alegatu zituen atzerapena justifikatzeko, baina auzitegiak argi utzi du azalpen horiek gardenak eta egiaztagarriak izan behar dutela, eta zuzenean jakinarazi behar direla.
Kontsumitzaileentzat, ondorioa argia da: informazioa oinarrizko eskubide bat da. Eta konpainientzat, epaiak indartu egiten du informaziorik eza edo opakutasuna ezin direla aitzakia gisa erabili konpentsazioak ukatzeko.
Gure lana
EKA/ACUVetik kontsumitzaileen eskubideak defendatzen jarraituko dugu, aire-konpainia handien zein beste edozein sektoreren abusuzko praktiken aurrean.
Horregatik, kalteak eragin dizkizun ezerezte, atzerapen edo hegaldi-aldaketa baten eragina jasan baduzu, dagokizuna erreklamatzen lagundu ahal dizugu.
