Bizkaiko P.A.K 2008an Bankinterrekin sinatutako dibisa anitzeko mailegu baten deuseztasuna ebatzi du

Bizkaiko P.A.K 2008an Bankinterrekin sinatutako dibisa anitzeko mailegu baten deuseztasuna ebatzi du

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak baliogabetzat jo du yenak erreferentzia zuen hipoteka-mailegu baten eskrituran dibisa anitzeko aukerari buruzko klausulak. Eskritura hori Bankinterrekin sinatu zen 2008ko otsailaren 8an, baina sententziak erakundea mailegua euro bihurtzera kondenatu du. Beraz, bezeroak orain arte ordaindutako kuotak berriro kalkulatu behar ditu, eta gehiegi kobratutako zenbatekoak itzuli, bai eta ordaindu gabeko kapitala eurotan finkatu ere. Epaitegiak, halaber, mailegua yenetan bihurtzearen ondoriozko gastu guztiak ordaintzera kondenatu du Bankinter.

Epaiak iritzi du ez dela kontsumitzaileekin kontratazioa egitean burutu beharreko gardentasun-eskakizuna bete; izan ere, kontratuaren aurretik emandako informazioak ez zion aukerarik ematen kontsumitzaileari erabaki funtsatuak eta zuhurrak hartzeko, eta kontratu horren karga ekonomikoa zein izan zitekeen ulertu eta baloratzeko.

Nola funtzionatzen dute dibisa anitzeko hipotekek?

Euroaz bestelako dibisa batean ordaintzeko aukera ematen duten hipotekak dira hauek. 2008ko finantza-krisiaren aurreko urteetan ezagutarazi ziren gehienbat, eta garai hartan ohiko hipoteken alternatiba ekonomikoago gisa saltzen ziren.

Funtzionamendua nahiko sinplea da: mailegu-hartzaileak mailegua eskatzen duenean, bankuak aukera ematen dio dirua tokiko moneta ez den beste dibisa batean jasotzeko. Adibidez, mailegu-hartzailea Espainian bizi bada eta herrialde horretan jabetza bat hipotekatu nahi badu, Japoniako yenetan edo Suitzako frankoetan har dezake mailegua, besteak beste.

Erakargarritasuna da, teorian, mailegu-hartzaileari interes gutxiago ordaintzeko aukera ematen diotela, beste dibisa batzuetako interes-tasak tokiko monetakoak baino baxuagoak izan baitaitezke. Hala ere, ustezko abantaila hori aho biko arma bihurtzen da maileguan hartutako dibisak tokiko monetaren aldean balioesten direnean. Izan ere, hori gertatzen denean, hipotekaren kuota garestitu egiten da, eta mailegu-hartzaileak gehiago ordaindu behar izaten du bere zorrari aurre egiteko. Horrez gain, hipoteka aldez aurretik kitatzea erabakitzen badu, baliteke itzuli beharreko diru-kopurua hasieran maileguan jasotakoa baino askoz handiagoa izatea.

Horrelako hipotekak oso kasu zehatzetan bakarrik dira gomendagarriak, mailegu-hartzaileak finantza-gaitasun handia duenean eta lotutako arriskuak arintzeko estrategia argia duenean alegia.

Zein kasutan da bideragarria kontratazioa?

Dibisa-hipoteka bat komeni zaizun jakiteko, alderdi hauek baloratu beharko dituzu:

-Ordaindu gabeko kuotak eta kapitala interes-tasaren eta kontratatu duzun dibisaren kanbio-tasaren araberakoak izango dira; hortaz, zure hipotekaren moneta euroarekiko errebalorizatzen bada, zure kuota eurotan neurri berean areagotuko da, ordaindu gabeko kapitalarekin batera.

-Zorretan duzun moneta ez da zure diru-sarrerak jasotzeko erabiltzen duzuna.

Espainiako Bankuak aditzera eman duenez, 2019ko ekainaren 16tik aurrera sinatutako mailegu bat edukiz gero, eskubidea duzu hura zure diru-sarreren zatirik handiena jasotzen duzun monetan bihurtzeko, edota mailegua ordaintzeko erabiliko dituzun aktiboetan, edo, bestela, mailegua sinatu zenuenean bizi zinen herrialdeko edo aldaketa eskatzen duzunean bizi zinen herrialdeko monetan.

Horrelako hipotekek eragiten badizute, gurekin jar zaitezke harremanetan zure kasu zehatza azter dezagun.

Informazio osagarria

EBJAren jurisprudentziaren arabera, oso garrantzitsua da banketxeak bezeroari ematen dion kontratu-aurreko informazioa, kontsumitzaileekin baldintza orokorren bidez kontratatzeko gardentasun-eskakizuna betetze aldera, fase horretan hartzen baita kontratatzeko erabakia.

Auzitegi Gorenak hainbat epai eman ditu, EBJAren jurisprudentziari jarraiki. Mota horretako hipoteka-maileguen arriskuak eurotan eskatutako interes aldakorreko hipotekenak baino handiagoak direla xedatzen du, eta horrek informazio zehatzagoa eskatzen du kontsumitzaileak erabaki funtsatuak eta zuhurrak hartu ahal izateko. Gauzak horrela, dibisa anitzaren ondorioak ulertu ahalko ditu behintzat (maileguan kontratatutako atzerriko dibisak balioesteko edo balioa galtzeko aukera eta finantza-betebeharren gaineko ondorio ekonomikoen balorazioa).

Bezeroak ez badu kontratu horren karga ekonomikoaren inguruan behar beste informaziorik eskuratzen, desoreka sortzen da bankuaren eta kontsumitzailearen artean, eta hori da, hain zuzen ere, abusuzko kontratu bihurtzen duena.

Utzi iruzkina