Ostiral bakar bat izaten hasi zena, gaur egun asteak hartzen ditu. Promozioek ez dute etenik, kontsumo-egutegia etengabe hazten ari da, eta “beti eskaintza berri bat” dagoen sentsazioa normaltasun berria bihurtu da. EKA/ACUVetik, Black Friday 2026ren atarian, gure buruari galdetzen diogu ea oraindik zentzurik duen Black Friday-ri buruz hitz egiteak, edo ea denbora daramagun bertan bizitzen.
Duela urte gutxi, Black Friday Ameriketako Estatu Batuetatik inportatutako gai bat zen, gure kontsumo-errutinetan oso errotuta ez zegoena eta gure azaroan ia ia aipatzen ez zena. Gaur egun, hori aldatu egin da. Gaur egun, hilabete hasieratik betetzen ditu erakusleiho zein sarrera-ontziak eta asteburua bera baino haratago luzatzen da bere anaia txikiarekin, Cyber Monday berriarekin. Eta hori, izenak dakarrena bakarrik kontatzen badugu.
Izan ere, ekitaldi honek geroz eta geruza gehiago ditu: Black Friday aurreratua, “Black Friday-aren astea”, hainbat egunetako flash eskaintzak, “Black Friday-aren azken egunak”… Ekitaldia denboraldi bihurtu da, eta denboraldia gero eta luzeagoa da.
Ostiral batetik hilabete osora
Black Friday, hasiera batean, Ameriketako Estatu Batuetan jaio zen, Esker Onaren Ekintza Egunaren ondorengo egun gisa, Gabonetako erosketen atarian. Hamarkadetan, hain zuzen ere, hau gertatu zen: denda fisikoetan deskontu errealak egiten ziren egun bat, egunsentia baino lehenago stock-a kentetzeko nolabaiteko logika batekin.
Europara iritsi zenean (estatu-mailan, 2012-2014tik aurrera, modu masiboan), helburua guztiz eraldatuta zegoen jadanik. Online dendek ez zuten goizeko bostetan ireki behar, eta, hortaz, deskontuak luzatzen hasi ziren: lehenik egun batzuetan, gero aste osoan, gero hilabete osoan. Gaur egun, “Black Friday” iragartzen duten plataformak daude azaroaren 1etik.
Emaitza guztiz paradoxikoa da: urgentziak eta eskasiak hogeita hamar egun irauten dute. “Erosi orain edo aukera galdu” presioak bere horretan jarraitzen du, baina hain denbora luzean aplikatzen da, logika guztia geltzen duela.
Black Friday-a jadanik ez da data zehatz bat. Atmosfera bat da. Denbora luzea irauten duen kontsumo-atmosfera bat.
Cyber Monday-a ez da kasualitate bat
Cyber Monday-a hasiera baten Black Friday-ari emandako erantzun natural gisa aurkeztu zen: ostirala denda fisikoetarako bazen, astelehena online ekosisteman fokatzen zen. Baina, egia esan, Estatu Batuetako Txikizkako Merkataritzaren Federazio Nazionalak 2005ean abiarazitako marketin-kanpaina bat izan zen, erosketa-denboraldia luzatzeko helburu aitortuarekin.
Ondo baino hobeto funtzionatu zuen. Eta eredua errepikatu egin zen: Amazon plafaromaren Prime Day, Txinako Singles Day, Black Friday eta Cyber Monday baino diru gehiago mugitzen duena, Back to School, Click Friday… Merkataritzako eragile handi bakoitzak bere kontsumo-une propioa eraiki du, izen propioarekin, data zehatz batekin eta komunikazio-kanpaina erraldoiekin.
Inork aukeratu ez zuen baina denek jarraitzen dugun egutegia
Gure kontsumo-urteari erreparatzen badiogu, hortaz, oso hutsune gutxi gelditzen direla ondorioztatzen dugu. Urtarrileko beherapenak, San Balentin, Amaren Eguna, Aitaren Eguna, eskolara buelta, Halloween, Black Friday, Cyber Monday, Gabonak, urtarrileko beherapenak berriz ere. Eta une horietako bakoitzaren barruan, aste batzuk lehenago hasi eta aste batzuk geroago luzatzen diren kanpainak.
Gure kontsumo-egutegia, momentuz momentu
Urtarrila
Neguko merkealdiA
Gabon osteko likidazioa. Asteak irauten du.
Otsaila
San Balentin
Bitxigintza, esperientziak, janari eta fariak. Urtarriletik aurrerako kanpaina.
Martxoa / Apirila
Aste Santua
Bidaiak eta familia-aisia. Prezioak gora.
Maiatza
Amaren Eguna
Oparietan gastu handiko data bat.
Ekaina
Aitaren Eguna + merkealdia
Bi une. Udako merkealdiak gainjartzen hasi dira.
Uztaila
Prime Day / Click Friday
Markelplace handiek haien udako Black Friday propioa sortzen dute.
Iraila
Eskolara buelta
Teknologia, eskola materiala, arropa. Presio handia familia askorentzako.
Urria
Halloween + Pre-Black Friday
Denda askok jadanik beren Black Friday-aren “aurrerapenak” egiten dituzte.
Azaroa
Black Friday + Cyber Monday
Ekitaldi handia. Jadanik hilabete oso bat irauten du.
Abendua
Gabonak + Olentzero / Erregeak
Zikloaren bukaera. Eta berriro hasten gara.
Guzti hau batuta, oso hilabete gutxi gelditzen dira “kontsumitzeko unerik” gabe. Kontua ez da merkatuak egutegia kolonizatu izana; baizik eta, jadanik, egutegiak bere barnean duela merkatua.
Etengabeko urgentzia eta gure buruan dagoena
Black Friday-aren presio-teknikek (azken unitateak, eskaintza gaur bakarrik, pertsona asko produktu honi begira) urteak daramatzate aztertuta, eta eraginkorrak dira, eskasia- eta urgentzia-mekanismoak aktibatzen dituztelako, eta azkar eta analisi handirik gabe erabakitzera bultzatzen gaituztelako.
Urgentzia hori astetan luzatzen denean zer gertatzen den ikustea oso interesgarria da. Teorian, erabakitzeko denbora gehiago dugunean inpultsitatea murriztu beharko zen. Praktikan, alerta-egoera hori luzatu egiten da, eta horrek analisi-gaitasuna agortzen du, eta planifikatu gabeko erosketa gehiago eragin ditzake, ez gutxiago.
Gainera, hilabete bat irauten duen eskaintza batek aukera-leiho gisa sentitzeari uzten dio eta prezio arrunt gisa sentitzen hasten da. Horrek galdera deseroso bat planteatzen du, beti deskontua badago, zein da produktuaren benetako prezioa?
Legeak dio beheratutako prezioak azken 30 egunetan aplikatutako preziorik baxuena hartu behar duela erreferentziatzat. Saltoki askok mugan jokatzen dute Black Friday baino egun batzuk lehenago prezioak igoz, “deskontua” handiagoa izan dadin. Gogoratu erosi aurretik produktu baten prezioen historikoa kontsultatzeko aukera ematen duten tresnak gure eskura ditugula.
Orduan, zer egiten dugu Black Friday-arekin?
EKA/ACUVen ustez, erantzuna ez da inondik inora ekitaldi honi jaramonik ez egitea. Black Friday-a errealitate bat da, bertan eskaintza interesgarriak daude eta zentzuzkoa izan daiteke egun hauek aprobetxatzea. Arazoa ez da deskontua, baizik eta deskontua nola erabiltzen den bestela egingo ez liratekeen erosketak sustatzeko.
Etengabeko promozioko ingurune batean, irizpiderik baliotsuena ez da eskaintza ona eta txarra bereizten jakitea. Hain zuzen ere, beharrezko erosketa bat eta eragindako erosketa bat bereizten jakitea da. Horretarako, ezer erosi aurretik, bi galdera oso erraz egin behar ditugu.
Erosi aurretik, bi galdera
“Kontsumo-uneez” betetako egutegi batean, irizpiderik erabilgarriena ez da teknikoa. Pertsonala da. Bi galdera hauek ez dute ezer bermatzen, baina erabakia zugan jartzen dute.
Biei baietz erantzunez gero, aurrera. Baten bati ezetz erantzunez gero, deskonturik onena behar ez dena ez erostea da.
