EKA/ACUV, BUKARAZTE-AKZIOEN TRAMITAZIOAN ERREFERENTE

Parte demandatua abusuzkotzat (eta deuseztzat) jotzen diren klausulak bere baldintza orokorretatik kentzera kondenatzen duen epaia lortzeko prozedurari bukarazte-akzio deritzo. Horrela, pertsona eta erakundeen artean sinatutako kontratuetan baliozkoak diren parteak zehaztuko dira.

Gure elkarteak hainbat kasu arrakastatsu ditu arlo honetan, hein handi batean, bankuaren sektore konplexu baten aldeko zenbait epairi esker; izan ere, gaur egun beste kasuren bat dago ebazteke. Ondoren lorpen esanguratsuenak ekarri ditugu gogora:

Banku-zerbitzuak

2016ko ekainean eta 2017ko urrian, hurrenez hurren, Gasteizko Merkataritza Arloko Epaitegiak EKA/ACUVen aldeko ebazpena ebatzi zuen, Kutxabankek eta Abankak posizio zordunak erreklamatzeagatik kobratzen zuten komisioari dagokionez (kontua zenbaki gorritan egotea). Garrantzi handiko bi epaitza, Auzitegi Gorenak berretsita gainera. Entitateek komisio hori aplikatzeari utzi behar izan zioten, eta bezeroen mailegu eta kontu korronte-kontratuetan kobrantza ezartzen zuen klausula baldintza orokorretatik ezabatu. Kontuan hartu behar da epaile batek klausula bat baliogabetzat jotzen duenean, legeak klausula hori inoiz egon ez balitz bezala jardutera behartzen duela, eta aurreko guztia desegin.

Caixabankek, bere aldetik, 6 euroko komisio bat ezartzen zien hirugarrenei dirua sartzearen truke frogagiri bat emateagatik, eta 2 euro kudeaketetan leihatila erabiltzeagatik: hori abusuzko beste praktika bat zela ebatzi zen, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko araudiaren aurkakoa, eta entitatea bera kondenatu zen. Bankinterrek 2 euroko komisioa ere ezartzen zion leihatilan eskudirua sartzeagatik entitatearen kontu baten titularra ez zenari, eta Santanderrek beste horrenbeste hirugarrenen diru-sarrerekin (entitatetik kanpokoak), kasu honetan 10 eurokoa.

Ildo horretatik abiarazitako beste bi ekintza BBVAren komisioen harira izan ziren, Arabako Probintzia Auzitegiak baliogabetzat jo zituenak. Horietako bat kontu baten titularra ez denari dirua leihatilan sartzeagatik kobratzeari buruzkoa da, eta bestea leihatilan eskudirua ateratzeagatik (2.000 eurotik beherako kopuruak).

EKA/ACUVek oso balorazio positiboa egin zuen epai horien inguruan. Alde batetik, Auzitegi Gorenak berretsi zuen 2022ko apirilean leihatilan diru-sarrerak egiteagatiko komisioari buruzko epaia. Bankuek ezin digute kobratu arrazoi horrengatik, ezta bezeroari ematen zaion egiaztagirian kontzeptua sartzeko eta inprimatzeko aitzakiarekin ere (Espainiako Bankuak ere berretsi zuen hura). Azken batean, kontuan dirua sartzea kontu-kontratu baten kutxa-zerbitzu propiotzat jotzen da, eta kasu gehienetan titularrak ordaintzen du jada mantentze-komisioaren bidez.

Bestetik, eskudirua ateratzeagatik aplikatzen zena baztertu zen. Horrek lasaitasuna ekarri zien kutxazain automatikoak erabiltzeko zailtasunak izan ohi dituzten pertsona askori (bereziki adinekoei eta desgaitasuna duten kolektiboei). Finantza-entitateek bezeroen aurka jarduten dituzten tratu txarrak eragozteko etengabeko borrokaren testuinguruan kokatu behar da.
Ibilgailuen alokairua

Bezeroarekiko abusu ugari gertatzen diren beste esparru bat dugu honakoa. Hala, Sixt, Rent a Car eta Avis alokairu-enpresak ere izan dira elkarte honen eragin-gunea. Finean, isunen kudeaketagatik eta kalteen espedienteengatik kobratzeko aukera ematen zuten kontratu-klausulak kentzera behartu zituzten. Euskadiko epaitegiek baliogabetzat jo zituzten kargu gehigarri horiek.

Uda honetan bidaiatu behar baduzu, ez zaitzatela engainatu trafiko-zehapen bat edo alokatutako ibilgailuan eragindako kalteak kudeatzeko errekarguekin.

Utzi iruzkina