EKA/ACUVek epai berri bat irabazi du: RUMBOk bertan behera utzitako bidaia baten zenbatekoa itzuli beharko du

EKA/ACUVek epai berri bat irabazi du: RUMBOk bertan behera utzitako bidaia baten zenbatekoa itzuli beharko du

EKA/ACUVen, berriro egin dugu: epai judizial berri batek arrazoia eman digu eta Rumbo bidaia-agentziari bidai bat bertan behera utzi ondoren bazkide bati bidegabeki kobratutako dirua bueltatzeko agindu dio. Epai hau urrats berri bat da kontsumitzaileen eskubideen defentsan, eta erreferentzia gisa jartzen gaitu bidaia konbinatuak erreklamatzerako orduan, bidaia-agentziek araudia betetzen dutela eta haien erantzukizunak saihesten saiatzen ez direla ziurtatuz.

Kasua

Gure bazkideak Rumbo konpainiarekin bidaia konbinatu bat kontratatu zuenean hasi zen dena, eta, handik gutxira, bertan behera uztea erabaki zuen. Legeak ezartzen duen hamalau eguneko epearen barruan egin zuen, merkataritza-establezimendutik kanpo kontratatutako bidaia konbinatuetan atzera egiteko eskubidea baliatzeko, eta horrek esan nahi du ez zuela hura ezereztea justifikatu behar eta ez zuela inolako kosturik bere gain hartu behar. Eskubide hau legean argi eta garbi araututa dagoen arren, Rumbok zigorra ezarri zuen bidaia bertan behera uzteagatik, eta ez zuen itzuli bidaiaren zenbateko osoa. Hori dela eta, EKA/ACUVetik legezko ekintzak hartu behar izan genituen bere izenean.

Zer dio legeak?

Legea argia da: kontratazioaren ondorengo hamalau egunen barruan merkataritza-establezimendutik kanpo kontratatutako bidaia konbinatu bat bertan behera uztea erabakitzen baduzu, bidaia-agentzia dirua itzultzera behartuta dago. Hala ere, Rumbo enpresak argudiatu zuen ez zela itzulketaren erantzulea, haien arabera, kontratuan bitartekari gisa bakarrik jarduten zutelako, eta ez zerbitzuaren hornitzaile gisa. Epaiak ez ditu argudio hauek onartzen, eta Rumbo, kontratazioa egin zuen enpresa bezala, erantzule egin behar dela berresten du.

Zer esan nahi du honek kontsumitzaileentzat?

Azkenik, epaileak gure bazkidearen aldeko epaia eman du, eta Rumbo behartuta dago bertan behera utzitako bidaiaren zenbatekoa itzultzera eta sortutako interesak eta prozesu judizialaren gastuak bere gain hartzera. Erabaki honek berretsi egiten du kontsumitzaileek dirua berreskuratzeko duten eskubidea, garaiz eta behar bezala haien bidaia bertan behera uzten dutenean, eta agentziek beren betebeharrak errespetatzearen garrantzia nabarmentzen du.

EKA/ACUVen etenik gabe jarraituko dugu borrokan, kontsumitzaile guztiek beren eskubideak oztoporik gabe erabili ahal izan ditzaten. Epai hau, hortaz, funtsezko oroigarria da bidaia-agentzientzat: indarrean dagoen araudia betetzea eta atzera egitea bezalako oinarrizko eskubide bat errespetatzea ez da aukerakoa.

Zure eskubideak eta interesak defendatzeko lanean jarraitzen dugu!

Utzi iruzkina