EKAk Sixt eta Avis salatu ditu alokairu kontratuetan legez kanpoko klausulak berriro ezartzeagatik

EKAk Sixt eta Avis salatu ditu alokairu kontratuetan legez kanpoko klausulak berriro ezartzeagatik

Duela pare bat aste, EKAn azaldu genituen ibilgailuak alokatzeak dakartzan arriskuak. Praktika hau bete-betean ari da hazten oporraldian bidaiatzeko, eta gero eta erreklamazio eta kontsulta gehiago izaten ari gara honen inguruan. Horrela, ohartarazi genuen nola hazi diren modu esponentzialean sektore honetako erreklamazioak, eta azpimarratu genuen kontsumitzaileak adi egon behar direla eta ondo berrikusi behar dituztela kontratu-baldintzak.

Ildo horretan, azkenaldian identifikatu dugu Sixt eta Avis enpresak berriro komisio batzuk sartzen ari direla beren kontratuetan, eta komisio horiek abusuzkotzat jo zirela orain dela zenbait urte, elkarteak zuzendu zuen bukarazte-akzio bati esker. Hori dela eta, gertaera hau salatu eta honen berri eman nahi dizugu.

Zeintzuk dira aurrekariak?

Testuinguru pixka bat gehiago ematearren, 2019ko abenduan, EKAk Sixt eta Avis enpresen aurkako bukarazte-akzio bati ekin zion, haien kontratuetan abusuzkotzat jotzen genituen klausula batzuk sartzeagatik.

Zeintzuk ziren klausula horiek?

1. Isunen kudeaketagatiko kargu bat

Kargu horren bidez 44€ kobratzen ziren, gidaria identifikatu ondoren bezeroei jarritako isunen izapideengatik. Egia esan, gure ustez, hori enpresaren legezko betebeharra zen, eta ez zuen inolako onurarik bezeroentzat, eta, beraz, kostu hori ezin zen inondik inora argudiatu.

2. Kargu bat kalteak kudeatzeagatik eta beste bat argazki-peritazioagatik

Labur azaltzearren, alokatutako ibilgailuarekin ezbehar bat izan dugun unean, 44 eurotik 100 eurora bitarteko kargu bat kobratzen zen “espedientea kudeatzeagatik”. Baieztapen orokor horrek ez zuen zehazten enpresak zer zerbitzu ematen zuen. Horrek, jakina, ez zuen inolako onurarik ekartzen kontsumitzailearentzat, enpresaren beraren interesentzat baizik.

Gure esku-hartzeari esker, bi klausula horien deuseztasuna adierazten zuen epai irmo bat lortu genuen, kontsumitzaileek horrelako enpresen aurrean lortutako garaipen berri bat gauzatuz.

Sixten aurkako epaia Bizkaiko Probintzia Auzitegiak eman zuen 2021eko irailaren 13an, eta Avisen aurkako epaia Gasteizko Merkataritza Arloko Epaitegiak eman zuen 2020ko irailaren 22an. Bi epai horien ondorioz, enpresek berehala ezabatu behar izan zituzten klausula horiek beren kontratuetatik.

Sixt eta Avisen abusuzko klausulak bueltatu dira

Garaipen hori gorabehera, duela gutxi hainbat kexa jaso ditugu bazkide eta bazkide ez direnen aldetik, Sixtek eta Avisek beren kontratuetan komisio horiek berriro sartu dituztela jakinaraziz. Egoera honen aurrean, EKAn lanari ekin diogu. Hala, praktika hauek berehala salatu ditugu Kontsumobiden, Euskal Autonomia Erkidego maialan (EAE), eta Kontsumo Ministerioan, estatu mailan.

Horrela, kontsumo-arloko administrazio-salaketa bat aurkeztu dugu, eta zehapena eskatu dugu araudia larriki ez betetzeagatik, eragindako pertsonen kopuruagatik eta klausula horiek bere garaian abusuzkotzat jo zirelako.

EKAren konpromisoa

EKAtik konpromisoa hartzen dugu adi jarraitzeko eta beharrezko neurriak hartzeko kontsumitzaileak praktika bidegabe horietatik eta beste batzuetatik babesteko.

Hala ere, udan ibilgailu bat alokatzeko asmoa duten pertsona guztiei gomendatzen diegu kontu handiz azter ditzatela beren kontratuak eta haien eskubideei buruzko informazioa jaso dezatela. Zalantzarik izanez gero, pozik erantzungo dizuegu eta prozesuan lagunduko dizuegu.

Utzi iruzkina