EKAren garaipen berria: IMSERSO-ko bidai batean ostatu-aldaketagatik konpentsazioa
EKAren garaipen berria: IMSERSO-ko bidai batean ostatu-aldaketagatik konpentsazioa
EKAk garaipen judizial berria lortu du IMSERSO-ko bidai batean ustekabeko aldaketagatik kaltetutako kontsumitzaile baten alde. Kasu honek azpimarratzen du garrantzitsua dela gure eskubideak ezagutzea antolatutako bidaiak kontratatzean, eta nola jokatu hitzemandako baldintzak betetzen ez direnean.
Kasua: “sospresarekin” datorren bidaia
Adineko pertsonen talde batek IMSERSOaren bidez antolatutako bidaia bat kontratatu zuen, enpresa handizkari baten bitartez. Bidaian, 3 eta 4 izarretako hoteletan ostatua bermatzen zen. Hala ere, helmugara iristean, bidaiariek ustekabe batekin egin zuten topo: azken bi gauetan unibertsitarioen egoitza batean ostatu hartu behar izan zuten, kontratuan adierazitako hotelen ordez.
Enpresa antolatzaileak aldaketa hau justifikatu zuen esanez Irlandako gobernuak hotelak ukrainar errefuxiatuak hartzeko erabili zituela. Nahiz eta egoera ulertzeko modukoa den, ez zitzaien bidaiariei garaiz jakinarazi, eta ez zitzaien kalitate bereko ostatua eskaini kontratuan jasotakoa betetzeko.
Erreklamazioa: hitzemandakoa ≠ emandakoa
Kaltetutako kontsumitzaileak erreklamazioa aurkeztu zuen, ostatuko kalitatearen aldea konpentsatzeko. Argazkiak eta dokumentazioa aurkeztu zituen, unibertsitarioen egoitzak ez zituela hitzartutako baldintzak betetzen frogatuz.
Modu honetan, eta gure talde juridikoaren jarraipen eta aholkularitzari esker, erreklamazioa behar bezala bideratu zen, eta auzia epaiketa aldeko batekin amaitu zen, kontsumitzaileari 250 euroko konpentsazioa emanez ostatuen arteko kalitate desberdintasunagatik.
Zer dio legeak honelako kasuen inguruan?
Bidai konbinatuen legeak ezartzen du, bidaia baldintzak kontratua sinatu ondoren nabarmen aldatzen badira, bidaiariak prezioaren murrizketa edo kalte-ordaina jasotzeko eskubidea duela. Kasu honetan, enpresak ez zuen behar bezala justifikatu ostatuko aldaketa “ezinbesteko arrazoia” zuela, eta ez zuen frogatu hoteletako erreserbak betetzea ezinezkoa zela.
Zer da “ezinbesteko arrazoia”?
Askotan entzuten dugu “ezinbesteko arrazoia” edo “fuerza mayor” deritzogun terminoa, eta enpresa askok kontsumitzaileei beren erantzukizunetatik ihes egiteko erabiltzen dute. Baina zer esan nahi du zehazki? “Ezinbesteko arrazoia” ezin aurreikusitako eta ekidin ezin diren gertakariei egiten die erreferentzia, eta horiek kontratuak ez betetzea eragiten dute. Baina bidaia-antolatzaile batek “ezinbesteko arrazoia” aldarrikatzeko, frogatu behar du gertakaria hiru faktore hauek betetzen dituela:
Aurreikusi ezina, Saihestezina eta Kontrolpetik Kanpokoa
Adibide ohikoen artean, honako hauek daude: hondamendi naturalak (lurrikarak, urakanak), krisi politiko edo gerrazkoak, edo pandemiak. Hala ere, kasu honetan, enpresa antolatzaileak ez zuen frogatu beste aukera bideragarririk ez zegoela, eta unibertsitarioen egoitzara birkokatzea aukera bakarra zela.
Kasu honek argi erakusten du zein garrantzitsua den gure kontsumitzaile-eskubideak ezagutzea eta defendatzea, bereziki kontratatutako bidaia batean hitzartutako baldintzak betetzen ez direnean. EKAk antzeko kasuetan laguntza eta aholkularitza eskaintzen dizkizu, enpresek hitzemandakoa bete dezaten.