Fast Fashion fenomenoa: moda azkarraren eragina gaur egungo kontsumoan

Fast Fashion fenomenoa: moda azkarraren eragina gaur egungo kontsumoan

Azken hamarkadan, fast fashion edo moda azkarra deritzoguna mundu mailako fenomeno bilakatu da, modaren industria bera goitik behera eraldatuz. Negozio-eredu honek, prezio merkean eta epe laburrean arropa masiboki ekoiztea du oinarri, azken joerak denon eskura jarriz, baita Euskal Herrian ere.

Baina, zoritxarrez, fast fashion fenomenoaren benetako kostua ez da eurotan bakarrik neurtzen: ondorio ekologiko eta sozialak ere handiak dira eta geroz eta kontzienteagoak diren kontsumitzaileen arreta bereganatzen ari dira.

Zer da Fast Fashion fenomenoa?

Moda azkarra, edo fast fashion fenomenoa, eguneroko moda azkar eta eskuragarri ekoiztean oinarritzen da, moda joera aldakorrak beti jarraituz. H&M, Zara eta Shein bezalako enpresek sektore hau lideratzen dute, aste gutxiro kolekzio berriak eskainiz eta kontsumitzaileak etengabe erostera bultzatuz. Baina hain produktu eskuragarria eta azkarra eskaintzeak kalitate eta jasangarritasunari dagokionez sakrifizio handiak eskatzen ditu.

Kontestu honetan, fast fashion fenomenoak dakartzan ondorioak hobeto ulertzeko zenbait datu ekarri ditugu, fenomeno honen kostu erreala nolakoa den erakusteko.

Moda Azkarraren eragina ingurumenean

Karbono emisioak

Arropa industria CO₂ emisioen %10aren arduraduna da, itsas eta aire garraioak batera baino gehiago. Ekoizpenaren fase guztiek, zuntzen fabrikaziotik arropa garraiatzeraino, karbono aztarna nabarmena uzten dute, klima aldaketa areagotuz eta planetari sekulako kolpea emanez.

Ura kontsumitzea eta kutsatzea

Kotoizko kamiseta bat ekoizteko, 2.700 litro ur behar dira, hau da, pertsona bakar batek bi urte eta erdian edango lukeen ura. Gainera, tindaketa eta amaierako prozesuek produktu kimiko ugari isurtzen dituzte ibaietara, uraren kalitatea eta ekosistemen osasuna kaltetuz.

Ehunen hondakinak

Fast fashion ereduak kontsumo azkar baten kultura bultzatzen du, geroz eta gehiago gure kontsumo erabakietan barneratzen ari garena. Kontsumitzaileek arropa merke eta kalitate baxukoak erosten dituzte, eta horrek ehun hondakin ugari pilatzea dakar. Kalkulatzen da segundo bakoitzean kamioi bat ehun-hondakin lurperatzen edo erretzen dela, eta poliesterra bezalako zuntz sintetikoak milaka urte behar ditu deskonposatzeko.

Ondorio sozialak eta lan-baldintzak

Baina non ekoizten dira arropa merke hauek? Moda azkarra garapen bidean dauden herrialdeetan oinarritzen da, eta bertan soldata baxuak eta lan-baldintza gogorrak nagusi dira. Bangladesh, India eta Vietnam bezalako herrialdeetan ehungintza sektoreko langileak baldintza prekarioetan lan egiten dute, babes sozialik gabe eta lanaldi amaigabeekin.

Moda jasangarrirako aldaketa

Baina gauzak aldatzen ari dira pixkanaka. Gero eta kontsumitzaile eta marka gehiagok jasangarritasunarekiko konpromisoa hartzen dute, eta moda jasangarria indarra hartzen ari da gure gaur egungo gizartean. Moda mota honek material birziklatuak edo inpaktu baxukoak erabiltzea sustatzen du, lan-baldintza duinak bermatuz eta karbono aztarna murriztuz.

Gutxiago erostea eta kalitatezko arropa aukeratzea aldaketarako gakoetako bat da, eta bigarren eskuko moda edo arropa trukatzeko plataformek ospea hartzen ari dira, esaterako Vinted edo Wallapop.

Zer egin dezakegu?

1- Iraupen luzeko jantziak aukeratu

Kalitate handiko eta iraupen luzeko arropa aukeratzeak erosketen maiztasuna eta ingurumen-inpaktua gutxitzea ahalbidetzen digu.

2- Moda zirkularrari eutsi

Bigarren eskuko arropa erostea, arropa trukatzea edo erabiltzen ez duguna ematea hondakinak murrizteko aukera eraginkorrak dira.

3- Markei buruzko informazioa lortu

Gero eta marka gehiagok argitaratzen dituzte haien jasangarritasun-konpromisoak. Zure balioekin bat egiten duten eta ingurumenarekiko eta langileen eskubideekiko errespetua duten markak aukeratzea kontsumo arduratsu baterantz emandako urratsa da.

Azken batean, fast fashion fenomenoak moda eskuragarriena ekarri du, baina ingurumenari eta gizarteari egindako kalte larriaren truke. Horregatik, EKAtik uste dugu ezinbestekoa dela kontsumitzaile gisa erabaki informatuak hartzea, gure erosketa-erabakiek planeta eta pertsonak errespetatzen dituzten praktika jasangarriak susta ditzaten.

Utzi iruzkina